Oroimenez Arbizu, 1936ko memoria

Guaixe 2016ko api. 22a, 09:31
2013an memoria historikoko beste ariketa bat egin zen Arbizun.

“Batzuek udarik ankerrena” deitu zuten hartan, lau arbizuar fusilatuta hil zituzten. 80. urteurrena dela eta hainbat jarduera antolatu dira.

Arbizuko Udalean joan den urtean hasi ziren memoria historikoa lantzen. Monika Etxebarria zinegotziak jakinarazi digunez, “ikasturte hasieran kultura batzordea eratu zenean gure zereginetako bat, beharbada aurtengo zeregin nagusia, 80. urteurrenagatik, memoria historikoa izanen zela erabaki genuen”. Zinegotziak azaldu duenez, 1979-80an fusilatuen gorpuak Arbizura ekarri zirenetik ez da beste ekitaldi edo omenaldirik egin, 2004ko Oihan ederra aldizkarian argitaratutako artikulu luzea salbu. “Luzeegi iraun duen isiltasuna hausteko garaia zela erabaki genuen. Lehenbiziko momentutik ohartu gara gai delikatua eta tentuz tratatzeko modukoa dela”. Horrela abiatu zen Oroimenez Arbizu ekimena.

Herrira mugatutako ekintza xumeak egitea erabaki zuten. Hasteko, “gertaerak ulertzen laguntzeko klabe batzuk” izateko, Xabier Reparazek gerra aurretik Arbizun eta Nafarroan zegoen giroa azaltzen zuen hitzaldia eskaini zuen ilbeltzaren 24an. Horretaz aparte, 1936ari buruzko bi buletin argitaratu eta herrian dituzte eta beste bi gehiago aurreikusi dituzte. Horri zinema zikloa gehitu behar zaio: La Buena Nueva, Ezkabako Ihesa eta Prohibido Recordar lanak ikusteko aukera izan zen. Udal liburutegian, bestalde, 36ko gerrari eta errepresioari buruzko materialaren berri ematen dituzten materialen berri eman eta ikusgai jartzeko lanean ari dira gaur egun. Ikus-entzunezko proiektu bat esku artean dute ere. Kontuan izanik eraildakoetako bat zinegotzia zela, udala ekitaldi bat antolatzea aztertzen ari da.

Arte erakusketa
Igandean, 11:30ean, udaletxeko batzar gelan jarritako arte erakusketa kolektiboa mustuko da. Aste batez, maiatzaren 1era arte ikusgai izanen da. Pintura, eskultura, taila, bideoa, argazkiak eta instalazioak izanen dira erakusketan. Cristina Fernandezek koordinatu du erakusketa eta artean eta sorkuntzan ari diren arbizuarrek parte hartu dute. Erakusketarekin “hildakoei zor zaien omenaldia egin, garai hura gogora ekarri, eta, zergatik ez, gertatutakoaz hausnarketa egin nahi dugu.” Koordinatzaileak dioenez, “arteak ezin ditu zauriak erabat sendatu, baina ukendu baten moduan barneko urradurak sendabidean jar ditzake”.

Erakusketa mustu eta ordu erdira, toki berean, Sakanan memoria historikoa lantzen ari diren pertsonekin mahai-ingurua izanen da: Amaia Urkijo eta Josu Imaz, fusilatuen senide eta Altsasu Memorian eta Etxarrikoan aritu direnak eta Uharte Arakilen sortu den taldeko kide Gaizka Uharte. Nafarroako Gobernuko ordezkari bat ere izanen da. Sakanako esperientzien berri emanen dute. Denen artean ekimen bateraturen bat aurrera ateratzeko aukeraz hitz egiteko aukera izanen da ere.



Beste deialdiak
Maiatzaren 7an, larunbatean
Sartagudan omenaldia eginen da eta hara joateko deialdia egin dute.

Maiatzaren 26an, ostegunean
Gerra gauza alua dun hitzaldia emanen du  Amagoia Gurrutxagak, Arbizuko emakumeen taldeak gonbidatuta.