Alex gogoan

“Alexen oroimenean eta ez ahazteko”

Erkuden Ruiz Barroso 2017ko urt. 27a, 09:15

Heriotzaren urte bat betetzen denean, Alexen omenez ekitaldia antolatu du familiak, larunbatean, 12:00etan, San Juan ermitan.

Etxarritik Arbizura doan errepidean joan den urteko ilbeltzean izan zen ezbeharra. Auto batek Alex Jaka arbizuarra harrapatu eta gidariak ihes egin zuen. “Gurasoen min handiena hori da, Alex bakarrik gelditu zela”, azaldu du Josu Agirre Alexen lehengusuak. Urte bat pasa da eta senideek oraindik ez dute gau hartan gertatu zenari buruzko erantzunik jaso. Alexen oroimena ez ahazteko omenaldia eginen dute San Juan ermitan, bihar.

“Lehenengo egunetan boom antzeko bat izan zen. Albiste asko izan ziren. Baina pixkanaka jendeak bere bizia egin du, eta baretu egin da”. Nagore Arrutiren hitzak dira, Agirreren bikotekidea. Senideek ere biziarekin aurrera egin behar izan dute, baina “hori beti buruan” dutela esan dute. Aldiz, lehendabiziko egunen informazio “boomaren” ondoren auzia ahaztu dela dirudi, eta senideek “gertatutakoa hor jarraitzen” duela gogoratu nahi dute, eta Alex omendu nahi dute ere.

Auzia ez da itxi, eta senideek “egia ezagutu behar” dute. Foruzaingoaren lana eskertzen dute eta dena argitu arte lan eginen dutela esan diete. “Baina laguntza behar dute. Eta egia da esan digutela jendeari kostatzen zaiola beraiengana joatea. Gu gaude hemen eta edozein informazio eskertzen dugu”. Azaldu dutenez, edozein informazio, detaile txikiena, txorakeria badirudi ere, laguntza garrantzitsua izan daiteke. “Agian inork ez zuen ikusi momentu hura. Baina, adibidez: nik goizeko bostetan Alex errotondara joaten ikusi nuen. Detaile horiek behar ditugu. Guk jakin behar dugu berak zer ibilbide egin zuen gau hartan”. Ez dira geldituko egia jakin arte. “Herritik zoaz eta edozer gauza begiratzen duzu. Kotxe horrek zerbait zeukan... Ez dakizu zer puntutaraino bihurtu den obsesioa”. Herriaren laguntza eskertu nahi dute ere.

Egia jakinda aurrera jarraitzeko indarrak lortuko dituztela esan dute. “Ez dugu inoiz ahaztuko. Gertatu zena gertatu zen, istripuak edozein unetan gertatu daitezke. Baina min handiena da han utzi zutela”. Urte gogorra izan da senideendako, gehien bat gurasoendako, “burua ez dute altxatzen”. Horregatik, Alex gogoratzeko eta auzia ez ahazteko prestatu dute omenaldia. Alexena ez ahazteko lan egiten segituko dute.

Ekitaldia
Bihar, San Juan ermitan ospatuko dute Alexen omenezko ekitaldia. Lehengusu-lehengusinak, senideak, Arbizuko Udala, koadrila, Arbizuko gazteak, kintoak, Andra Mari ikastolako ikasle eta irakasleek...  parte hartuko dute. “Herria oso ongi portatu da. Jakin zutenean omenaldia antolatzen ari ginela, laguntzeko prest agertu ziren”. Zuhaitz bat landatuko dute eta ondoren Alex ezagutzen zutenek hartuko dute hitza. “Lehengusu-lehengusinek testu bat irakurriko dugu, gurasoek ere beste testu bat prestatu dute, Gazteek bertso bat egin dute...”. Ondoren, auzatea eginen dute. Eguraldi txarra eginez gero, elkartean eginen dute; baina herri osoa dago gonbidatuta. “Alex bakarrik zegoen, baina ez dago bakarrik”.