Urrutikoetxeak Buruz Burukotik kanpo utzi zuen Ezkurdia

Guaixe 2017ko mai. 2a, 09:18

Zaratamokoari dena atera zitzaion ongi eta Arbizukoa, aldiz, deseroso aritu zen (22 eta 13)

Aurreko urteko Buruz Buruko Txapelketako gidoia errepikatu du Joseba Ezkurdiak. 2016ko Buruz Burukoko final zortzirenetan Retegi Bi menpean hartu zuen Ezkurdiak; aurten, baita ere. Eta 2016ko final laurdenetan Mikel Urrutikoetxeak txapelketatik kanpo utzi zuen arbizuarra; aurten, baita.

Igandean Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatutako partidan Ezkurdiak ezin izan zuen errebantxa hartu. Dirua arbizuarraren alde atera zen hasieran, baina Urrutikoetxea hasi zen markagailuan aurreratzen. Hiruna berdintzea lortu zuen Ezkurdiak, baina hortik aurrera aldea ateratzen hasi zen bizkaitarra. Tanto oso gogorrak izan ziren hasierakoak, eta nahiz eta Urrutikoetxeak bere burua dominatua ikusi, sufritzen jakin zuen eta bere aldera erortzen hasi ziren tantoak; bikain jokatu zuen, eta dena ateratzen zitzaion ongi; aldiz, Ezkurdia deseroso aritu zen eta akatsak pilatzen hasi zen. Sakez 5 tanto egin zituen Urrutik; bakarra, aldiz, Ezkurdiak. Tantoa luzatzen jakin zuen Zaratamokoak, eta sekulako pilotakadak jo zituen. Pazientzia izan zuen, zehaztasuna eta odol hotza. Gainera, pilota ezker paretara gerturatu zuen eta min handia egin zion arbizuarrari. Horrela, 22 eta 13 irabazita, Buruz Buruko finalerdietarako sailkatu zen Urrutikoetxea, bosgarren urtez jarraian.