Eskola berrirako urbanizazioa, bidean

Guaixe 2017ko abe. 14a, 19:46

Berian kalea luzatzeko lanetan dabiltza makinak azken asteetan. Arbizuko Udalak bulkatutako lan hori ezinbestekoa da eskola berria jartzeko. Han, 3.299,27 metro karratuko partzela batean herriko eskola berria kokatuko baita. Eraikin berriak Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako maila guztiak hartuko ditu, izan ere, gaur egun LHko 4. maila bukatu eta gero Etxarri Aranazko eskolara  baitoaz.

Karmele Marañon Chasco alkateak jakinarazi digunez, urbanizazio lanek 90.000 euro inguruko aurrekontua dute. Dirutza horren % 85 Toki Inbertsiotarako Planeko diru-laguntzarekin ordainduko du udalak. Marañonek jakinarazi digunez, lanak ilbeltzerako despedituko dituzte. Eta horduan hasi beharko lirateke eskolako eraikina jasotzeko lanak, baina Hezkuntza Departamentuak proiektua eman ez duenez, zaila ikusten du alkateak.

Erretiroa
Angel Mª Lag Amirola udal idazkaria hilaren 22an jubilatuko da. Bai udalaren bai Nafarroako Gobernuaren lan-poltsetan zeudenek plaza hartzeari uko egin diotenez, Arbizuko Udalak premiazko deialdia egin du idazkari postua bete ahal izateko. Hamaika hautagaik eman dute izena. Guztiek probak asteartea eginen dute.