Asier Gartziandia Lopez eta Nahia Urkia Ihabar ikasle bikainak izan dira. Nafarroako Unibertsitate Publikoak ematen dituen Ikasketen Amaierako Aparteko Sariak eskuratu dituzte bi arbizuarrek. Gartziandiak Industria Teknologietako Ingeniaritza ikasi zuen eta Urkiak Gizarte Laneko gradua. Ikasketak gustuko izatea omen da nota onak ateratzearen sekretua.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak espediente akademiko onenak saritzen ditu Ikasketen Amaierako Aparteko Sariekin. Hortaz, graduetako lau ikasturteetan bataz besteko 8 bat baino gehiago lortu dutenak saritzen dituzte. Espedientearen barruan azterketetan, lanetan eta ikasketetan egindako guztia sartzen da. Baita Gradu Amaierako Lanak ere. 27 ikaslek jaso zituzten 2016-2017 ikasturteko Aparteko Sariak, bi edo hiru sari gradu bakoitzean. Ikasle onak izatearen errekonozimendua lortu ez ezik, unibertsitateak 300 euroko saria ematen die ere.
Gizarte laneko gradua ikasi duzu, eta unibertsitateak Ikasketen Aparteko Saria eman dizu. Unibertsitateak sari hauek ematen zituela bazenekien?
Bai, banekien graduazioaren egunean ikusi genituelako gazte batzuk eta gure artean komentatu genuen ea zertan ari ziren han. Sariak aurreko ikasturteko ikasleei ematen zaizkie, hau da, aurten 2016-2017 ikasturtean amaitu genuenoi eman dizkigute. Beraz, gazte horiek ez ziren gure kurtsokoak eta zerbait jasotzen ari ziren. Lagun batek esan zidan sariak zirela, eta nik hurrengo urtean jasoko nuela. Nik ez nuen uste.
Beraz, ez zenuen espero.
Kasualitatez banketxeko kontura gauza bat egitera sartu nintzen eta diru gehiago neukala ikusi nuen. Unibertsitatearena zela ikusi nuen eta hanka sartu zutela pentsatu nuen. Gero e-posta begiratu nuenean ikusi nuen abisatu zidatela. Gradu Amaierako Laneko tutoreak ere zoriondu ninduen, ni baino lehenago jakin zuen. Susmoa baneukan azken urtean nahiko nota onak atera nituelako. Baina, noski, hirurogeita hamar pertsona ginen klasean eta ez nuen pentsatzen ni izan nintekeenik. Ikusi nuenean poza hartu nuen. Errekonozimendu akademikoa ez ezik, ekonomikoki saritzea ere lagungarria bada.
Zerbait berezia egin duzu saria lortzeko?
Ni nota hoberenak lortzera joaten nintzen, baina graduazioan izan nuen sariaren berri.
Eta nota onak ateratzeko, zer egin duzu?
Gradua gustatu, hori bai. Eta gero ez dakit, errespetua eta interesa izatea, azken finean. Sekula ez dut izan arazo handirik. Gehienbat interesa jarri, lanak ongi egin eta irakasleekin harremana ahalik eta osasuntsuena izan. Azken finean, irakaslea gustuko ez dudala esateak eta klasera ez agertzeak ez du balio, ez. Gainera, adinaren aldetik ere uste dut unibertsitateak beste funtzio bat eskatzen duela. Heldutasuna daukagu eta horren harira aritu behar dugu, nire ustez. Unibertsitateak eskatzen du, nire ustez, klase-orduak aprobetxatzea. Bi ordu dira, bi ordu horiek ahalik eta hobekien aprobetxatzen badira azterketarako ez da egon behar ikasten 24 orduz astebetez. Nire ustez hori ez da metodologia egokia. Dena dela, hori da nire kasuan, nork bere metodologia dauka. Niri balio izan dit klasean adi egoteak eta jarraikortasun bat eramateak. Bezperismoa egiten genuen gaztetan, baina orain unibertsitatean bezperismoak ez du balio gai luzeak izaten direlako.
Esan duzu ikasten ari zaren graduan interesa izatea garrantzitsua dela nota onak ateratzeko. Zergatik aukeratu zenuen gradu hau?
Gizarte Lana beti gustatu izan zait. Jendeak esaten du gizarte-laguntzaile, jendeari laguntzea... horri buruzkoa da, ez? Badauka bere kreatibitate puntu bat. Arte Ederrak ikasten hasi nintzen, oso kreatibitatekoa dela. Baina, beti gustatu izan zait jendearekin egotea, harremanak, interkulturalitatea, eta gazteekin egotea gehienbat. Saltsa horretan mugitu izan naiz beti eta pertsona oso irekia naizenez ongi etorri zitzaidan gradu hau aukeratzea. Hau edo psikologia. Gizarte zientzietako alor horretan nengoen.
Arte Ederrak egiten hasi zinen, nolatan izan zen aldaketa?
Arte Ederretan hasi nintzen baina zaletasun bat zela konturatu nintzen. Oraindik jarraitzen dut etxean gauzak egiten. Une bat iritsi nintzen non azterketak egin nituen eta esan nuen, honaino, hau zaletasun bat da eta joan zaitez egitera benetan gustatzen zaizuna. NUPeko eskaintzari begira egon nintzen eta irakasle-ikasketen, psikologiaren edo gizarte lanen artean nengoen. Hiru horiek gustatzen zitzaizkidan eta aukeratu behar nuen. Unibertsitatean gizarte zientzietan lehenengo urtean hiru graduazioak, soziologia, irakasle-ikasketak eta gizarte lanak batera daude antzeko oinarria dutelako. Gero soziologiarekin baten bat ere konpartitzen dugu, baina hirugarren mailatik aurrera materian sartzen da. Niri pasatu zitzaidan lehenengo bi urteetan pentsatu nuela: non nago, zertara etorri naiz honuntza. Eta gero hirugarren eta laugarren urtean bidea zela ikusi nuen.
Espediente akademiko hoberenak dituztenei ematen zaie saria. Karrera osoan zer moduzkoak izan dira notak? Gorabeherak izan dituzu?
Nire kasuan goraka joan da. Nire ustez aurretik kontatu dudanagatik. Azken finean badago jendea ez zaiona karrera gustatzen eta barruan duen indarra ateratzen duena eta ikaragarrizko notak ateratzen dituztenak. Nire kasuan gustatzen zait ikasi nuena, baina hasieran galdetu nion nire buruari ea aukeraketa ona egin nuen. Beraz, hasieratik nota onak izan ditut, mantendu dira, baina hirugarren eta laugarren mailetan bai igo zitzaizkidala. Hori bai, nire ustez, gustatzen zitzaizkidan isla da. Bide onetik joaten nintzen seinale.
Gradu Amaierako Lana egin behar izan zenuen gradua lortzeko. Zeri buruzkoa egin zenuen?
Sakanako oinarrizko gizarte zerbitzuetan ematen diren dilema etikoak deitzen da. Sakanaren inguruan egin nuen, beraz. Sakana mailan egin den lehenengo ikerketa izan da. Nafarroa mailan egin zen, baina 2007 urtekoa zen. Nire tutorea, Fran Idareta, sakandarra da ere. Esan nion: planteatzen dizut dilema etikoa: psikologia eta alde horretatik. Gizarte zerbitzuetan ematen diren dilema etikoak. Gainera, Sakana oso konplexua da: Irurtzun, Etxarri Aranatz eta Altsasuko gizarte zerbitzuak ditugu, eta horrelako errealitate anitza denez kostatu zitzaidan. Azaroan hasi nintzen egiten. Baina etekinak izan ditu ere. Publikatu behar didate aldizkari zientifiko batean, Zerbitzu deitzen da. Abuztuan kaleratuko da.
GrAL-aren notak saria eskuratzeko balio izan dizu?
Nota ez da izan isla. Beste aspektu batzuk sartzen dira hor. Epaimahaia ez dut esango txarra zenik, baina inmigrazioan eta interkulturalitatean espezializatuta zegoen. Beraz, ni etikaren alorretik joan nintzenez ez zen haien gaia. Nota handiagoa espero nuen.
Sariak lana aurkitzeko erraztasuna emango dizula uste duzu?
Ez dakit. Eman zidatenean lanean nengoen, eta orain ez nabil lanean. Behin curriculumean jarrita, agian. Gaur egun gazte gehienen curriculumak zenbat orrialde ditu? Zenbat titulu, zenbat ikastaro... Ez dakit, baina nik uste gehiago ahoz ahoko gauza izango dela. Sakanan mugitzen banaiz ahoz ahokoak asko balio du. Baina espero dugu isla izatea, curriculumean jarri ondoren norbaitek kontuan izatea.
Sariaren helburuetako bat da lana aurkitzen laguntzea?
Bai, izan daiteke. Nire ustez kontraprestazio bat bezalakoa da. Zu han egon zara lau urte matrikulak eta gauzak ordaintzen eta gero unibertsitateari katxea igo diogu, guk ematen diogu kategoria bat: begira, ikasle hauek atera zaizkit aurten. Aipamena egiten dute, behintzat.
Ikasten jarraituko duzu?
Printzipios masterra ez dut egingo arrazoi ekonomikoengatik. Masterrak asko exijitzen du, eta lanarekin uztartuz gero, denboraren kudeaketa oso gogorra izan daiteke. Nik jarraitu dut ikasten, jarraitu dut ikastaroak egiten. Hiru ikastaro egin ditut orain arte, eta beste bat hasiko dut orain. Oposizioak prestatzen ari naiz orain ere. Nire helburua aurtengo oposizioak dira. Eta posible bada hemen lortzea lanpostua. Oposizio hauek azken urteetako lehenengoak dira.
Unibertsitatean izan duzun lan kudeaketak oposizioak prestatzeko balioko dizula uste duzu?
Bai, egia esan bai. Desberdina da ere. Karreran legedi asko ikasten da, oinarrizkoak dira legediak. Eta hainbat lege ulertzeko bai lagunduko didala. Eta egunerokotasuna eramateko ere bai. Ez da egunero ikastea, baizik eta egunero irakurtzea. Niri irakurtzeak asko egiten dit. Gero nik daukadan gaitasuna bisuala da. Nire koadernoak ortzadarrez beteak daude asko laguntzen didalako. Ohiturak dira ere. Ikasteko ohiturak gaztetatik ditugu eta unibertsitatean fintzen ditugu.