NUPek ematen dituen Ikasketen Amaierako Aparteko Sarietako bat jaso zenuen 2016-2017 ikasturtean nota hoberenetarikoak izateagatik. Zure kasuan Industria Teknologietako Ingeniaritza ikasi zenuen.
Bazenekien sari hauek ematen zirela?
Bai, banekien. Entzuna neukan norbaiti eman ziotela, urtero banatzen dituztelako eta unibertsitatean denok ezagutzen dugu elkar eta norbaitek jaso zuela entzun genuen.
Jasotzea espero zenuen?
Zalantzak neuzkan, baina banekien aukera nuela notengatik. Azkenean horrela izan zen, jaso nuen. Egia esan oso poz handia eman zidan. Oso kontentu.
Zerbait berezia egin duzu saria lortzeko?
Ez, besterik gabe nota hoberenetarikoak izatea. Nota onak ateratzeko saiatzen naiz gauzak eguneratuak eramaten eta ikaskideekin hitz egiten; gauzak errepasatzen eta egunero klasean ikusitakoa eguneratua eramaten. Hori da nire metodoa. Bestela, azkenean lana pilatzen da eta hori ez da metodo ona, nire ustez.
Zein da sariaren helburua?
Nota onak atera daitezkeela erakustea eta jendea animatzea.
Esaten dutenez, Ingeniaritza zaila da. Eta, hala ere, nota hoberenetarikoa lortu duzu. Gainera, lau urtean amaitu duzu, ikasle oso ona izan zaren seinale.
Bai, batez ere Industria Teknologietako Ingeniaritza, nik ikasi dudana, jende gehien sartzen denetarikoa da. Jende asko gaude eta zaila da. Horregatik ere oso kontentu nago, egia esan. Zailtasun hori kontuan hartuta, gainera, are gehiago. Izan ere, ez dut lanik egiten eta behintzat nire hoberena ikasketetan ematea gutxienekoa dela uste dut nire familiarendako.
Ingeniaritzaren barruan asko daude, zertan datza zuk ikasitako ingeniaritza?
Ingeniaritzetatik orokorrena da. Elektronikari buruzko aspektuak ditu, elektrika, mekanika, kimika, baita kudeaketari buruzko aspektu batzuk ere. Ingeniaritza mekanikan, esaterako, bakarrik mekanika lantzen da. Eta Industria Teknologietako Ingeniaritza orokorragoa da. Bere arriskua du, izan ere, ikasketen konpententziak lortzeko bi urteko masterra egin behar da, eta horrela lortzen da espezialitatea: bai mekanika, elektrika edota elektronika arlokoak. Graduarekin lan egin daiteke, baina ezin dira proiektuak sinatu. Ingeniari Teknikoa zara graduarekin. Proiektuak sinatu ahal izateko masterra egin behar da, eta, horrela Goi Mailako Teknikoa zara. Beraz, guztira sei urte dira.
Ikasten jarraituko duzu, beraz.
Bai. Masterraren lehenengo urtea amaitu dut eta hurrengo urtean masterra bera amaitzea espero dut. Arlo honetako gauzak oso gustukoak ditut. Graduko lehenengo urtean ez nengoen hain gustura irakasgaiak oso orokorrak zirelako. Baina hirugarren mailan konkrezio gehiago zegoen eta arloak gustatzen zitzaizkidan, eta orduan jakin nuen aukera ona zela.
Hala ere, lehenengo urteetan ere nota onak ateratzen zenituen, izan ere, Aparteko Saria lortzeko unibertsitate-ikasketa osoko noten bataz bestekoa kontuan hartzen da.
Bai, hori da. Ni sartu nintzenean gradu honetan aukera zegoen irakasgai batzuk ingelesez egiteko eta lehenengo urte horietan ingelesez egin nituen irakasgai horiek. Beraz, ez nuen gaztelaniazko lerrotik zihoan jendea ezagutzen, ez genuen elkar ezagutzen. Orduan, ezin da jakin ongi zoazen, zu baino hobeto doazen... Baina lehenengo urtea nahiko ongi joan zen, egia esan. Gero hobera joan nintzen.
Hasieratik ingeniaritza egitea pentsatu zenuen?
Bai. DBHn eta Batxilergoan matematikak eta fisika gustatzen zitzaizkidan eta uste nuen ingeniaritza horiek ondo biltzen dituen gradua dela. Hasieran zalantzan egon nintzen ez nekielako oso ondo zein ingeniaritza egin nahi nuen, baina orokortasun horrek lagundu zidan aukera hori hartzen.
Zuk ikasi duzun ingeniaritza espezialitatean hiru aparteko sari eman dira. Horrek esan nahi du Nafarroako Unibertsitate Publikoan maila altua dagoela, ez?
Nik uste dut ikasturte honetako ingeniaritzan jende oso ona zegoela, eta, bai, batez ere karrera hau betidanik egon da unibertsitatea eta esperientziagatik edo jende ona dago. Onak dira.
Beraz, ingeniaritza oso zaila dela eta ateratzea asko kostatzen direneko kontu horiek kondairak dira?
Denetarik dago. Ataskaturik geratu ahal zaizu. Baina gustuko baduzu eta benetan gustura egiten baduzu, nire ustez, atera daiteke eta lau urtean ongi. Arazoa da gustuko ez baduzu edo gustatzen ez zaizun unibertsitate-ikasketa hartzen baduzu. Hori arazo handia da. Nota onak lortzeko sekretua izan daiteke.
Saria jasotzeagatik lana aurkitzeko erraztasun handiagoa izango duzula uste duzu?
Nik uste dut baietz. Enpresek baloratzen dute esaten diezunean. Badakite hor zaudela, eta bai.
Gradu Amaierako Lana egin behar duzue karrera amaitzeko. GrAL-aren notak lagundu zizun Aparteko Saria lortzeko?
Proiektuaren notak asko lagundu zidan. Azkenean hemezortzi kreditu dira eta oso nota ona lortu nuelako. Alemanian egon nintzen Erasmus programarekin sei hilabete, eta Gradu Amaierako Lanaren proiektua bertan egin nuen. Oso proiektu interesgarria egin nuen. Real Time Imaging for Microfluidic Applications izenburua du, hau da, aplikazio mikrofluidoendako irudia denbora errealean, eta zelulak eta partikulak ordenagailuan ikusteko sotfware automazitatua zen. Ordenagailuan haiek neurtzeko, neurriak hartzeko, anotazioak jartzeko eta abarretarako egin daiteke. Biologoak software horrekin aritu ziren eta ongi egin nuela esan zidaten eta oso kontentu zeuden. Hori dela-eta hilabete bat gehiago hartu ninduten unibertsitate hartan eta esperimentu bat egin genuen software horrek balio izan zielako, eta kontentu zeuden horrekin. Kontaktuan jarraitzen dut haiekin, unibertsitatearekin.
Ingeniaritza industrialak irteera asko ditu oso orokorra delako, eta gainera medikuntza eta biologiarekin zerikusirik duen GrAL-a egin duzu eta errekonozimendua lortu ere. Zerbait egingo duzu proiektu horrekin?
Bai, programa handiagoa egitea nahi dute, nire zatia barnean dagoela. Proposatu zidaten jarraitzea horretan lanean eta, ez dakit, beharbada jarraituko dut etorkizunean; ikusiko dut baina, bai, zerbait publikatzea nahi zuten.
Etorkizunerako zer espero duzu?
Unibertsitate praktikak egiten ari naiz, eta esan didate enpresa horretan jarraitzeko aukera dudala nahi badut. Baina, datorren ikasturtean Europan praktikak egin ahal izateko beka eskatu nuen eta eman didate. Beraz, orain praktikak egiten ari naizen enpresak Alemanian edo Frantzian delegazioak baditu, aukera bat izan daiteke beka han egitea. Aukeratu behar dut master amaierako proiektua egiteko enpresa. Helburua hori da.
Alemanian egon izanak unibertsitateko notak hobetzeko balio izan dizu?
Bai, ze pixka bat aldatzen da dena, ingurunea aldatzen da eta gauzak gusturago egiten dira. Proiektua adibidez, gustura egiten nuen desberdina zelako, banekien sei hilabete besterik ez nintzela egon behar eta ez dakit. Proiektua han egin nuen .
Alemanian ingeniaritzari garrantzia handia ematen omen diote. Alemaniara joatea aukera da?
Egon nintzen unibertsitatea oso aurreratua dago ingeniaritza kontuetan. Baina, ez dakit, niri zonalde hau asko gustatzen zait eta zalantzak ditut. Denboraldi batez joango nintzateke, baina betiko ez dut uste.
Momentuz masterra amaitu behar duzu, bigarren ikasturtea egingo duzu irailetik aurrera. Zer moduz doa masterra? Aparteko beste sari bat lortzeko bidean zaude?
Ongi noa, masterra errazagoa dela uste dut. Baina ez dakit beste sari bat lortuko dudan.