Kale Nagusiko lanak hilabete hasieran hasiko dira

Guaixe 2018ko abu. 3a, 09:21
Arbizuko Kale Nagusia.

Sareak eta zorua berritzeko lanek urte erdia iraunen dute. Eguneroko bizitza egin ahal izateko kalea ez da trafikora moztuko.

Arbizuko Udalaren aurtengo aurrekontua 1.916.417 eurokoa da. Eta aurreko urtearekin alderatuta gora egin badu Kale Nagusiko lanengatik izan da. Karmele Marañon Chasco alkateak azaldu digunez, “Tokiko Azpiegitura Planeko diru-laguntza deialdian Kale Nagusiko lana lehena gelditu zen, alde handiz”. Arrazoia eman digu ere: “ur-ihes handiak ditugu. Gauez ur pila galtzen da. Ur biltegitik ateratzen diren 10 litrotatik 4 ere ez dira fakturatzen”. Sakanako Mankomunitateak urez hornitzen dituen herrietatik ur gehien galtzen duen herria da Arbizu. Sare berriarekin arazoari konponbidea emanen zaio.

Kale Nagusiko lanek araztegian sortzen den arazoari konponbidea emanen diote ere. Euri-urak eta etxeetako ur beltzak jasotzeko sare bakarra dago Arbizun eta bi beharko lukete. Eta hala eginen dute. Hala, araztegian arazoak ez sortzeaz aparte, etxe askotan usain txarrik ez sortzea lortuko da ere.



Lanak
Marañonek jakinarazi digunez, lanak lehenbailehen hasi nahi dituzte, kalea zulatu behar denez, eguraldi ona baliatzeko. Agorrilaren hasieran hasi eta lanak 6 hilabeteetan eginen dituztela jakinarazi dute enpresa hartzaileek. Erki construcciones SLk eta Construcciones Noveleta SLUk eginen dituzte 648.157,89 euroren truke. Nafarroako Gobernuaren laguntza dute lanek. Gainera, ur eta saneamendu sareen kostua Sakanako Mankomunitateak bere gain hartuko ditu.

Gainontzeko lanak, euri-urak biltzen dituen sarea eta kalearen zorua berritzea, Arbizuko Udalak pagatuko ditu. Alkateak jakinarazi digunez, argindar eta telefono enpresekin negoziatzen ari dira haien sareak lurpera ditzaten. Eta gas konpainiarekin ere bai, sarea egokitu eta zabal dezan. Lanak zatika eginen dira. Hala, kalearen ezkerreko aldean lanean dauden bitartean trafikoak eskuin aldetik pasatzeko aukera izanen du. Eta, alderantziz. Horrela, herritarrek “etxerako sarbidea izanen dute eta eguneroko bizitza mantenduko dute”.


Marañonek argitu digunez, kaleko aparkalekuak antolatu egin dituzte, oinezkoendako espazio gehiago izanen dira eta trafikoarendako galtzada estuagoa izanen da, “ibilgailuen abiadura murrizteko”. Lakuntzako industrialdetik ateratzen diren kamioi ugari Arbizu erditik pasatzen da autobiara ateratzeko. Udal agintariak etorkizunean ez lukete halakorik nahiko eta trafiko astuna industrialdetik bideratzea nahi lukete.

Udal agintarien asmoa da lanek sortutako porlan hondakinak txikitzea eta horiek dermioko bideak konpontzeko erabiltzea. Horretarako, Nafarroako Gobernuari baimena eskatu diote eta hura jaso zain daude Arbizun.

Beste lan batzuk
Arbizuko Udalak igogailua jarri du eraikin publiko batean. “Kristalezko dorre bat da eta Aldabide elkartera edo gainean dagoen ikastolaren gelara sartzea edonorendako irisgarria izanen da”. Udalak, bestalde, Nafarroako Gobernuari mediku kontsultategian lanak egiteko diru-laguntza eskatu zion, baina ez diote onartu. “Gaur egun dagoen komunean ez da gurpildun aulki bat sartzen eta irisgarria izatea nahi genuen. Eta gauza bera kontsultarako sarbidea. Hurrengo urtean berriro eskatuko dugu”.

Eskola berria hartuko duten lur-eremuaren urbanizazio lanak despedituta daude, aspaldi. Hezkuntza Departamentuak aginduta hasiak dira ikastetxe berria eraikitzen.