Ezkurdiak txapela ekarri du

Maider Betelu Ganboa 2018ko aza. 19a, 16:03

Banaka irabazten duen lehen txapela da atzo Ezkurdiak Nafarroa Arenan lortu zuena. Lau t’erdiko final ikusgarrian 17 eta 22 gailendu zen pilotari arbizuarra eta ederki ospatu zuen Arbizun, senitartekoekin eta lagunekin. “Oso maitatua” sentitzen dela adierazi zuen eta bere zale guztiei eta gertukoei eskaini zien txapela, aitari bereziki

 

Binakako txapelketa irabaztearekin koxka bat aurrera egin zuen Joseba Ezkurdiak eta atzo beste pausu bat egin zuen aurrera, pausu erraldoiagoa agian, banakako bere lehen txapela irabazi eta gero. Jokin Altunaren kontra maisuki jokatu eta gero, bere abiadurari eta konfiantzari esker 17 eta 22 gailendu zen arbizuarra, eta goraino betea zegoen Nafarroa Arenak zutik zoriondu zuen Lau t’erdiko txapeldun berria.

Giro paregabea zegoen Nafarroa Arenan. Mustu berria den Iruñeko frontoian jokatzen zen lehen finala zen atzokoa. Aurpegi ezagun asko, batetik, baina guretako ezagunagoak ziren aurpegiak hasi ziren agertzen berehala, sakandar asko eta asko, arbizuarrak gehienbat, bildu baitziren Iruñeko eraikin ikusgarrian. Harmailak berehala hasi ziren betetzen eta itxura ikusgarria hartu zuen Nafarroa Arenak. Liluratuta zeuden pilotazaleak frontoiaren tamaina eta azpiegiturekin. Errebotetik ere ongi ikusten zela entzuten zen korroetan. Horrela, jaialdiko lehendabiziko partidari ekin zioten Artolak eta Albisuk eta Irribarriak eta Zabaletak. Bitartean, Artekariek nahikoa lan zuten telefonoz eta frontoitik iristen zitzaizkien apustu eskariak erantzun eta kudeatzeko. Lau t’erdiko finalerako dirua parera atera zela adierazi ziguten, baina mugimendu handia egon zen.

Oiloipurdia
Artolak eta Albisuk irabazi zuten jaialdi hasierako partida, 20 eta 22. Orduan atera ziren beroketa egitera Joseba Ezkurdia eta Jokin Altuna, bildutakoen txalo zaparrada artean. “Oiloipurdia” jarri zitzaiola onartu zuen gero Joseba Ezkurdiak. Altunaren zale fidelek ez zuten huts egin, baina Nafarroa Arenan gehiengoak ziren Ezkurdiaren aldekoak; hots gehiago sartzen zuten, behintzat. Aurkezlearen aurkezpenen ondoren –txistuak egon ziren finalean botilerorik ez zirela egongo adierazi zuenean– Ezkurdia eta Altuna kantxara atera ziren, epaileekin batera. Txalo zaparradaren eztanda erabatekoa izan izan zen. Txapa bota eta gorria: Altunak atera zuen lehen sakea eta ikuskizuna hasi zen.

Altunaren alde erori ziren lehen tantoak baina nahiz eta markagailuan dominatu, Amezketakoari ez zitzaion eroso ikusten. Bi pilotariek adierazi bezala, Nafarroa Arenako ezker paretak estraño batzuk egiten zituen, bereziki Jokin Altuna jokoz kanpo hartu zutenak. Batzutan gehiegi ateratzen zen pilota eta beste batean, etzuen botatu ere egin. Joseba Ezkurdia erosoago mugitu zen Nafarroa Arenan, hobe egokitu zen frontoiari eta partidaren kontrola hartzen hasi zen. Berak dominatu zuen piloteoa. Eroso eta gustura jokatzen hasi zen arbizuarra; aldiz, Altuna deseroso ibili zen. Arbizuarrak jokoari azkartasuna eman zion, abiadura, eta tantoak bere zakura erortzen hasi ziren. Bi paretak izan ziren bere armarik indartsuena; sei tanto egin zituen guztira horrela. Ezkerreko pareta bilatu zuen Ezkurdiak eta min handia egin zion Altunari; horrela, gipuzkoarrak ahal zuen moduan defendatu behar izan zuen. 4 eta 9 eta 8 eta 14 aurreratu zen Ezkurdia, baina partidan kontzentratuta jarraitu zuen Jokin Altunak eta behetik gora egin zuen.

Horrela, 7 tantoren takada lortu zuen jarraian eta 15 eta 14 aurreratzera pasa zen gipuzkoarra eta partidari buelta eman zion. Ezkurdiak nola eutsiko zion, hori zen askoren kezka, baina kontzentratuta egoten jakin zuen arbizuarrak, ez zen partidatik atera. Arraroa izan zen, Ezkurdiari kontzentratuta ikusten zitzaion bitartean, nekatuta ikusten baizitzaion Altunari, txisparik gabe balego bezala. Altunaren gantxo batek txapa azpian bukatu eta gero berreskuratu zuen Ezkurdiak sakea. Bitartean, Ezkurdiaren eta Altunaren aldeko animoek jarraitu zuten, baita “Altsasukoak askatu” leloa, hirutan errepikatu zena. Bitartean, Arbizuarrak bere estrategiarekin jarraitu zuen: sakea, abiadura, ezker paretara gerturatu eta bi paretak. Horrela, gutxika aldea ateratzen hasi zen eta 17 eta 22, garaipen sendoa lortu zuen arbizuarrak, merezitakoa, Nafarroa Arena betetzen zutenen txaloen artean.

Altuna, deseroso
Partida bukaeran ez zela eroso aritu onartu zuen Altunak. Frontoiaren ezaugarriez ez zuen sakondu nahi izan, baina ezker paretaren estrañoak “guztiok ikusi genituela” nabarmendu zuen. Hala ere, argi utzi zuen Joseba Ezkurdiak merezita jantzi zuela txapela. “Lau t’erdiko pilotari onena izan da, finalean bera izan da onena, frontoi guztietan asko ateratzen du eta merezitako txapelduna da. Horregatik zoriondu egiten dut” nabarmendu zuen Altunak. “Galdu arren, burua tente noa etxera, mundua ez baita hemen bukatzen, hori nire lehendabiziko finala galdu nuenean ikasi nuen. Orain, lehenbailehen ahaztu eta porrot honetatik altxatzea da egin beharrekoa” gaineratu zuen Amezketakoak. Azken tantoan ezker paretarekin kolpea hartu zuela onartu zuen Altunak, behatz bat handituta duela eta Binakakorako lehen partida jokatzerik izango ote duen ez dakiela.

Ezkurdia hunkituta, eskertuta eta “oso maitatua”
Joseba Ezkurdia pozarren pozez hurbildu zen prentsa aretora. Urte honetan bere bigarren txapela irabazteagatik “hunkituta” zegoela aitortu zuen, are gehiago “Nafarroan” izan zelako eta “bakarka”. “Partida gogorra izan da, banekien hasieratik buruz eta gorputzez prestatua egon behar nintzela eta halaxe izan da. Jokinek ikaragarri jokatu du, buelta eman dio partidari eta banekien sufritzea tokatu behar zitzaidala, burua hotz izan behar nuela” adierazi zuen. “Sentsazio oso onak izan ditut, hankaz ongi, fisikoki oso ongi sentitzen nintzen, ongi errekuperatzen nintzen eta horrek konfiantza eman dit. Jokini irabazteko sufritu eta ongi jokatu behar nuela banekien eta kantxan egon behar nuela; uste dut partida ona egin dudala eta oso pozik nago” gaineratu zuen. Jokinen takadaren ondoren ere, 8 eta 14tik 15 eta 14ra pasatzean, arbizuarraren konfiantzak ez zuen behera egin. “Orduan ere lasai eta konfiantzarekin sentitu naiz, gauzak ongi egin behar nituela jakitun. Harro nago sufritzen jakin izan dudalako, burua hotz, partidaren barruan mantendu naiz. Ez zaizkit mamuak bisitan azaldu. Ongi ikusi naiz, lasai” aitortu zuen. “Urte batean bi txapel eta hirugarrengo postu bat lortzea ez da tontakeria eta egindako lanarekin harro eta pozik nago” azpimarratu zuen.

Zaleendako esker oneko hitzak izan zituen. “Ikaragarria izan da, oiloipurdia jarri zait kantxara sartu garenean. Bai Arbizuko afizioa baita Jokinena ere. Denei eskerrak eman nahi diet, ikaragarrizko giroa jarri dutelako, giro sanoa, errespetuarekin, oso ona. Beraiei, lagunei eta nirekin daudenei eskerrak eman nahi dizkiet: oso maitatua sentitzen naiz; eta ea ez den azkena”.

Txapela bere lagun eta zale guztiei eskaini zien. “Txapela egunero nirekin daudenei eskaintzen diet eta nirekin batera poztu diren pilotazale guztiei; beraiek dira inportanteena. Eta bereziki nire aitari, gaurko txapela ezingo baitu berak nahi bezala ospatu”. Bere amak izango du etxean txapela kokatzeko ardura. “Gehiagorendako tokia badago” esan zuen irribarre artean.

Ospakizunak Arbizun
Nafarroa Arenatik Arbizuko bidea hartu zuten Joseba Ezkurdiak eta haren zale eta lagunek. Bengalekin eta trikitixa doinuekin egin zieten ongi-etorria. Ondoren, frontoian afaltzera bildu ziren eta arbizuarrekin batera Zabaleta eta Irujo bera ikusi genituen mahaian bilduta. Jakina, parranda ordu txikiak arte luzatu zen. Arbizuar askok festa eguna hartu zuten gaurkoa, eta ez ziren okertu.

Argazkiak: Guaixe eta Aspe.