Balda babesteko plataforma sortu dute

Guaixe 2019ko eka. 14a, 10:51
Fran Balda Araña kartzelatik atera berritan. Artxiboa.

11/13 sumarioan auzipetuta dago Fran Balda eta irailean epaituko dute. Plataformak herri batzarra deitu du gaurko, 18:30ean, udaletxeko batzar aretoan.

Duela bi aste egindako bilera baten ondoren sortu zen Baldaren Babeserako Plataforma, Fran Balda Arañari babesa eta elkartasuna adieraztea helburu duena. Izan ere, Balda, beste 46 euskal herritarrekin batera, 11/13 sumarioan auzipetuta dago. Guztiak ere Jaiki Hadi (Presoen eta erbesteratuen osasunaren alde), Herrira (presoen eskubideen alde), presoen abokatuak (lege-defentsa egin), senideak edota Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren bitartekari taldekoak dira.

Plataformako kideek gaurko batzarrean datozen ekimenen berri emanen diete arbizuarrei. Aldi berean, ideiak jaso nahi dituzte eta aurreikusitakoak egiteko lantaldeak sortu nahi lituzkete. Batzarra despedituta, euren asmoen berri prentsaren aurrean emanen dituzte, 19:30ean.

Gastuak
Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko dituzte 47ak irailaren 16tik aurrera. Epaiketak hiru hilabete inguru iraunen duela aurreikusi dute. Baldak 20,5 urteko espetxe zigor eskaerari aurre eginen dio, Herrirako kide izateagatik. 47 auzipetuek jakinarazi dutenez epaiketako gastuak 337.462 eurokoak izanen dira, 7.180 euro auzipetu bakoitzeko. Kopuru horrek hartzen du abokatuen eta prokuradoreen lana (236.440 euro) auzipetuen, abokatuen eta lekukoen garraioa (28.950 euro) eta auzipetuen eta lekukoen Madrilgo egonaldiak (72.072 euro).

Auzipetuek gaztigatu dutenez, “langileak gara. Gutako askok zailtasun handiak izanen ditugu epaiketa honek suposatuko digun galera ekonomikoari aurre egiteko”. Gaineratu dutenez, “Madrilerako joateko eszedentziak, lizentziak edota opor egunak eskatu beharko ditugu eta langabezian daudenek arazo handiak edukiko dituzte, hemendik eta epaiketa amaitu arte, soldatapeko lan bat aurkitzeko”. 
orregatik, epaiketak suposatzen duen gastuei aurre egiteko diru bilketa kanpaina hasi dute. Diru ekarpenak Laboral Kutxaren ES82 3035 0057 9205 7005 9033 kontu korrontean sartu daitezke.

www.11-13makroepaiketa.eus
Web atarian epaiketari buruzko informazioa jaso daiteke.