11/13 sumarioko auzia salatzeko soinu banda

Guaixe 2019ko uzt. 17a, 14:45

“Makrokanta” abestia argitaratu dute irailaren 16an hasiko den epaiketa salatzeko.

Fran Balda Araña eta beste 46 euskal herritar Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko dituzte irailaren 16tik aurrera. Auzipetuen artean euskal presoen abokatuak, EPPK bitartekari taldeko kideak, Etxerat presoen senideen elkarteak, Jaiki Hadi presoen osasun egoeraz eta eskubideez arduratzen den kolektiboa eta Herrira mugimenduko kideak daude. Balda bitan atxilotu zuten Herrira mugimenduaren kontrako sarekadetan eta 20,5 urteko espetxe zigorra eskatzen dute berarendako.

Epaiketa salatzeko hainbat ekimen ari dira egiten Euskal Herrian barna. Eta atzo “11/13 makro-epaiketaren aurka eta konponbidearen alde egindako musika ekarpena” aurkeztu zuten, Makrokanta abestia. Hartan Suaiak, Aiora Renteriak, Juantxo Arakamak eta Maria Riverok kantatzen dute eta hainbat musikarik parte hartu dute.