Plazarako estalpe laukia aukeratu dute

Guaixe 2021ko api. 2a, 14:03

Arbizuarrek herri galdeketa bidez plazan jartzea eabaki duten estalpea.

Igandean egin zen herri galdeketaren bidez arbizuarren plazan estalpe finkoa jartzea erabaki zuten, eta, gainera, lauki itxurako estalpearen alde egin zuten.

Aurreikusi baino bi aste beranduago egin zen Arbizun plazako estalopeari buruzko herri galdeketa. Hasiera batean martxoaren 14rako aurreikusia zegoen, baina bezperan Fran Balda Arañaren heriotzak herria jota utzi zuen, eta udalak galdeketa atzeratzea erabaki zuen. Hala, plazan estalpe finkoa jarri behar ote den erabakitzeko herri galdeketa egin zen igandean Arbizun. 16 urtetik gorako 916 arbizuarrek zuten botoa emateko aukera. Udalak antolatutako galdeketan arbizuarrek bi galdera erantzun behar zituzten. Lehenik, plazan estalpe finko bat nahi ote zuten. Galdera horri 253 arbizuarrek erantzun zioten, erroldaren %27,62k: 175k baietz (%69,16), 76k ezetz (%30,03) eta bik boto txuria eman zuten (%0,79). 

Lehen galderak estalpe finkoaren aldeko arbizuarren jarrera azaldu zuen. Eta zeuden bi proposamenen artean gustukoena zutenaren aldeko botoa emateko aukera izan zuten arbizuarrek. Lehendabiziko galdera baino 15 erantzun gutxiago izan zituen bigarrenak, 238, erroldaren %25,98. A aukeraren alde 80 boto izan ziren (%33,61) eta 122 B aukeraren alde (%51,26), txuriak, berriz, 36 izan zien (%15,12). Beraz, lauki formako estalpea jarriko da plazan. Hura finantzatzeko udalak Landa Garapenerako Planeko laguntza deialdira aurkeztuko du estalpe proiektua aurten. 

Proposamena
Aurreikusitakoaren arabera, lehenik plaza guztia maila berean jarriko da. Horretarako, plaza gurutzatzen duen bideko arranpa Uhalde kalerantz eramanen da. 17,5 metroko zabalerako aldeak dituen “lauki” itxurako estalpe bat jasoko da. Berez, oktogono erregularra da eta 306 metro karratuko azalera hartuko du. Burnizko 8 zutabe borobilen gainean jasoko da estalpea. Teiladuraren egitura nagusia metalezkoa izanen da, egurrezko zenbait zatirekin. Teilatua 16 hiruki inklinatutan banatuko da, “m” itxura sortuz. Hiruki horien erditik eguzki argia pasatuko da.

Aurrekariak
AHT Gelditu! Elkarlanak antolatuta Abiadura Handiko Trenaren inguruko galdeketa egin zen Arbizun 2009ko maiatzaren 17an eta parte hartzea %48koa izan zen. Bestalde, Gure Esku Dagok antolatuta 2017ko garagarrilaren 18an estatus politikoari buruzko galdeketa egin zen eta %42ko parte hartzea izan zen.