Leziza bizia nahi dutela kalean adieraziko dute

Guaixe 2021ko mai. 21a, 09:45
Leziza ubeldea errepideko zubitik.

Igandean, 12:30ean, Arbizuko plazatik abiatuko da isurketen kontrako manifestazioa.

Leziza ubeldeak bere berezko ekologia egoera berreskuratzea, helburu hori jarri dio bere buruari Leziza Bizirik plataformak. Horretarako, “Agotzaina enpresak egiten dituen isurketak etetea” ezinbestekotzat jotze dute. Eta hori adierazteko etziko manifestazioa deitu dute, “enpresari dagozkion neurriak hartzeko exijitzeko”. Ez da norabide horretan plataformak egiten duen aurreneko ekimena. Eskaera horiek berak babesten zituzten 412 arbizuarren sinadurak Nafarroako Gobernuaren Ingurumen Departamentuari eta enpresari berari aurkeztu zizkieten martxoan. 

Arbizuko Udalak gaztigatuta, foru administrazioa egoeraren jakitun da eta, horregatik, egoera bideratzeko enpresari hainbat neurri betetzea eskatu dio. Horretarako, lantegian aldaketak eta hobekuntzak egin hasi dira. Lan horiek despeditu bitartean neurrien betetze maila zertan den jakiteko jarraipen bilerak egiten dituzte Arbizuko Udalak eta enpresak. 

Ubeldearen egoeraz aparte, arbizuarrak usainekin kexu daude. Enpresako arduradunek usainen izaera kimikoa aztertzeko prozesua martxan dute. Hiruzpalau tokitan detektatzeko gailuak jarri ditu. Jasotako datuak herriko hainbat estoldatako usainaren izaera bera duten aztertuko dute. Enpresaren dinamikarekin batera, kontrol zehatza eramanen da. Horrela jakin nahi dute usainak zerk eragiten ditu, non eta nola. Hori jakinda usainen arazoari aurre egiteko aukera izateko.