Arbizuko Udalak jakinarazi duenez, plazan estalpea eraikitzeko lanak emateko deialdia hutsik gelditu da, enpresa bat berak ere ez baitu proposamenik aurkeztu. Udal arduradunek bi arrazoi eman dituzte lanak egiteko eskaintzarik ez jasotzeko: “eraikuntza sektoreak bizi duen lan karga eta proiektua egin zenetik gaur egun arteoinarrizko materialek izan duten prezio igoerak dira”. Lanen truke 123.412,48 euro (BEZ kanpo) eskaini zituen Arbizuko Udalak. Eta estalpea eraikitzeko Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza izanen du. Arbizun gertatutakoa erkidegoko udal askori gertatzen ari zaiela jakitun da Foru administrazioa eta, horregatik, Arbizuko Udalari lana egiteko epea 2023ko irailera arte luzatu dio. Dirulaguntza ere mantenduko du. Horren jakitun izanik, Arbizuko Udala estalpea eraikitzeko aukerak aztertzen ari da.
Bestalde, Nafarroako Gobernuak Tokiko Azpiegitura Planaren (TAP) bitartez 2023-2025 urteetan herrietan dauden azpiegiturak berritu, mantendu edo hobetzeko diru laguntzak ematen ditu. Deialdia kontuan izanik, Arbizuko Udalak hiru lan proposamen aurkeztuko ditu deialdira: Fernando Urkia kalearen zati batean (Beginazpitik Joxen izkinara arte) saneamendu sarea eta zorua berritu, eta parke pareko zatiaren zorua konpondu; kiroldegiko klimatizazio sistema aldatu eta berritu eta udaletxeko bulego eta artxibategiko solairua birmoldatu, espazioa berrantolatu eta tokia hobe aprobetxatzeko. Arbizuarrei hiruen artean lehentasunezkoa zein zen galdetu zien udalak eta 14 erantzun jaso ondoren, kale konponketak izanen da lehentasuna, nahiz eta udala hiru lanak egiten saiatuko den.
Arbizuarrek udalari egindako lan proposamenen artean dirulaguntza deialdian jasotzen ez diren lan batzuk daude: errepideetan espaloiak jartzea, dermioko bideak konpontzea edo kale kantoietako bideak konpontzea. Aurrena ez da udalaren eskumena, bigarrena beste dirulaguntza batzuen bidez finantzatzen da eta, atzena, pitteka eginen du. Bestalde, Mikel Aingeru karrikako 41-44 zenbakien atzeko aldea txukuntzeko eskaera egin zuen arbizuar batek eta udalak jakinarazi du lana emanda dagoela eta aurki eginen dela. Bestetik, inkestaren bidez zenbait arbizuarrek ibilgailuek karrika Nagusian hartzen duten abiadurarekin kezka azaldu eta hura murrizteko neurriak eskatu dituzte.