Herritarrei etxebizitzarako sarbidea errazteko ahaleginean beste pauso bat eman du Arbizuko Udalak: San Joango bidea kalean dauden sei partzela desafektatzeko espedientea onartu du. Hura behin betiko onartu ondoren udalaren asmoa da lursaila Nafarroako Gobernuaren Nasuvinsa enpresa publikoari doan uztea, han babes ofizialeko etxebizitzak eraiki ditzan. Javier Razkin Flores alkateak azaldu duenez, "desafektazio prozesuak luze joko du. Ondoren, Nasuvinsarekin hitzarmena sinatuko du udalak eta hor zehaztuko dugu zeini bideratuta egonen diren etxebizitza horiek". Razkinek gaineratu duenez, "gutxienez bost etxe egiteko aukera dago". Partzela guztien batura 407,1 m2-koa da, eta denen artean 86 metroko perimetroa dute.
Ez da lursail horietan etxebizitzak eraikitzeko Arbizuko Udalak egin duen aurreneko saiakera. 2020ko irailean jakinarazi zuen bere bederatzi lursail enkante bidez salgai jarri zituela. "Handienak saldu ziren, eraikitzeko aukera gehiago ematen zutenak. Hauek ez ziren saldu txikiegiak direlako eta bakarka etxe bat egiteko ez dutelako ematen, elkarrekin bai", azaldu du alkateak.
Etxebizitzarako sarbidea emateko beste ahalegin bat ere egin du Arbizuko Udalak legegintzaldi honetan. Erdi eraikita dagoen etxebizitza eraikin baten jabearekin eta Nasuvinsa enpresa publikoarekin hitzarmena itxi zuten. Haren bidez gizarte alokairuko bost etxebizitza sortu behar ziren. Baina egitasmo hori "hoztu" egin da.
Bestalde, Arbizun 60 bat etxe hutsik daude. Haien jabeek Nasuvinsaren alokairurako poltsaren bidez etxebizitzak alokatzeko aukera dute. Hala egiten dutenek bermatuta izanen dute hilabeteroko diru sarrera, eta baldin eta maizterrek etxean kalteren bat sortuko balute Nasuvinsa arduratuko litzateke haiek konpontzeaz. Alokairuan bizi nahi duten errolda ere badu Nasuvinsak.