Alokairurako izanen diren etxebizitzak izanen ditu Arbizuk

Guaixe 2022ko ira. 20a, 09:04

San Joan Bide kaleko zintzilikarioen atzeko lursailean eraikiko dira alokairurako etxebizitzak. ARTXIBOA

Udalak Nafarroako Gobernuko Nasuvinsa enpresa publikoarekin hitzarmena sinatu du San Joan bideko partzela batean alokairurako etxebizitzak egiteko.

Arbizuar gazteak herrian bizi ahal izateko alokairuzko etxebizitzaren gaia ″premiazko gaia″ da udalarendako. Horregatik, Nasuvinsa enpresa publikoarekin hitzarmena sinatu du. Aldeek adostutakoaren arabera, udalak Nasuvinsari 407,1 m2-ko lursaila emanen dio San Joango bidea kalean. Enpresa publikoa arduratuko da han bost etxebizitza eraikitzeaz.

Udalak zehaztu duenez, eraikiko diren bost etxebizitza horiek alokatzeko izanen da. Haietan sartzeko lehentasuna arbizuarrek izanen dute. Haietan alokairuan bizitzeko epe muga jakin bat izanen da, ″helburua baita gazteak independizatzeko aukera erraztea″. Horregatik, bost etxe horien alokairua 35 urtetik beherako pertsonengana zuzenduko da. ″Horrela, behin urte batzuk pasatuta, etxe hori utzi eta beste batek alokatu ahal izanen du. Alokairuak errotazio dinamika bat izanen du, ahalik eta gazte gehienek etxebizitza izateko aukera izan dezaten″. Udalak aurreratu duenez, filosofia hori jasoko duen arau eta baldintza guztiak idatziz jaso eta etorkizunean publiko eginen ditu. 

Segida
Etxebizitzarako sarbidea bermatzeko Arbizuko Udalak hainbat pauso eman ditu legegintzaldi honetan. Fernando Urkia kalean guztiz eraiki gabe dagoen bloke batean bost etxebizitza egiteko asmoa izan zuten lehenik enpresak, udalak eta Nasuvinsak. Ekimenak ez zuen aurrera egin. Aldi berean, udalak etxebizitza hutsen zentsua egin zuen eta 60 atera ziren. Haietako bakarren bat alokairurako balio zuen eta lanketa egin zuen udalak, baina fruiturik ez.