Estalpea eta eskola zenaren berritzea, bidean

Guaixe 2022ko aza. 17a, 09:01

Estalpea hartuko duten tokia. ARTXIBOA

Heldu den urteko udaberrirako despedituko dituzte plazako estalpeko lanak. Bestalde, eskola zaharren eraikina erabilera anitzetarako espazio bihurtzeko proiektuak Europatik dirulaguntza jaso du. Bi lanak udala zorpetu gabe eginen dira.

Joan den urteko martxoaren 14an herri galdeketa egin zen Arbizun eta herritarrek egoki jo zuten plazako frontoian estalpea jartzea. Gainera, proposatutako bi aukeren artean estalpe laukiaren alde egin zuten arbizuarrek. Udalak hura jasotzeko lanak emateko deialdia egin zuen aurtengo martxoan, baina beste hainbat herrietan bezala, lanak eman gabe gelditu ziren enpresek ez baitzuten eskaintzarik aurkeztu. Arbizuko Udalak jakinarazi duenez, "egoera aldatu eta enpresa bat prest dago obrari ekiteko eta datorren urteko udaberrian bukatuta egonen litzake". Gauzak ongi , udaberrirako estalpea eraikia izanen dela azaldu du udalak. Aurreko deialdian jaso zenez, bi hilabete eskas izanen ditu enpresa hartzaileak estalpea jasotzeko. Orduko lanen aurrekontua 123.412,48 eurokoa (BEZ kanpo) zen. Hori finantzatzeko, udalak, Cederna Garalurren bidez, Landa Garapenerako Funtsetik 50.000 euroko dirulaguntza eskuratu zuen. Horretaz aparte, pandemia garaian jasotako erabilera askeko dirulaguntzak, 63.000 euro, lan hori ordaintzeko bideratuko ditu udalak. 

Bestalde, duela urtebete egindako parte hartze prozesu baten ondorioz, arbizuarrek erabaki zuten eskola zaharren eraikina erabilera anitzetarako espazio bihurtzea. Eraikinaren energia birgaitzea, barruko espazioen banaketa eta beste lan batzuk eginen direla aurreikusi du udalak. Ondoren han ikastaroak, tailerrak, hitzaldiak, erakusketak, proiekzioak, kontzertuak eta beste hainbat ekintza eta bilera egiteko leku izanen da. Lanen finantziazioa lotzeko Arbizuko Udalak Europako funtsak banatuko dituen dirulaguntza deialdi batera aurkeztu zuen proiektua, baita 423.027,61 euroko laguntza jaso ere. Horrekin egin beharreko lan guztiak ordainduko dira, zorrik sortu gabe. Udalak jakinarazi duenez, "aurkeztutako proiektuaren kalitatea dela eta, zoriondu egin gaituzte". Lanak heldu den urtean eginen direla aurreikusi du Arbizuko Udalak. 

Erlazionatuak