Oraindik ez dira igandeko Lau eta Erdiko final handiko oihartzunak isildu. Ikaragarria, ikusgarria, txundigarria, harrigarria, zoragarria, mundiala, apartekoa, demasa, kolosala, txapela kentzeko modukoa, pilotazaleen erretinetan betirako geldituko dena, historikoa… omen. Ezkurdiak eta Altunak jokatu zuten finala halakoa izan zelako.
Lau eta Erdiko egungo bi oilar nagusiek jokatu zuten Bilboko dema. Bi espezialista izaki, tentsio handiko finala espero zen. Hala ere, katedrak Jokin Altuna jotzen zuen faborito eta apustuak bere alde atera ziren. Ezkurdiak berak esana du, Altuna dela Aspeko “Kapoa”. Baina Ezkurdiari hasieratik nabaritu zitzaion txapela irabazteko gosea, gogoa eta jarrera.
Historikoa, 394 pilotakada
Final historikoa izan zen, gogoratzen den gogorrena, bi finalistek 394 pilotakada gurutzatu baitzituzten. Bi finalistek ere lau eta erdian euren partidarik gogorrena izan zela aitortu zuten. Finala xehetasunengatik erabaki zen, baina lehen zatian Ezkurdia fisikoki hobeto aritu zen. “Agian ni gehiago izan nintzen, kantxaren erdialdea nire esku zegoelako” dio Ezkurdiak. Altuna alde batera eta bestera ibili zuen dantzan, eta horrek ordaina ekarri zuen, Altunari neke hori pilatu baitzitzaion. Hala ere, Altunak sufritzen jakin zuen, eta zuen aukerarik ñimiñoena probestu zuen. Nahiz eta Josebak tartea zabaldu, 10 eta 8 eta 12 eta 11, ezin izan zion alde handirik atera.
Bigarren zatian Altunaren jokoak hobera egin zuen. “Bizkaia pilotalekua Jokini hobeki doakio. Banekien pilotak gastatzen joan ahala gora egingo zuela” dio Ezkurdiak. Partida gogortu zen, eta Altunak 16 eta 19 aurreratzea lortu zuen. “Badakit askok uste zutela ez niola bueltarik emango. Arriskatzea erabaki nuen, angeluak eta txapa bilatzea eta nire jokoa egitea, eta apustua ongi atera zitzaidan. Azken urteetan burua landu izanak une zail horretan asko lagundu ninduen. Zaila zen, baina tantoz tanto borrokatu nuen, zentratuta nengoen eta uneoro sinestu nuen txapel hori irabazi ahal nuela. Ongi sentitzen nintzen, konfiantzaz. Eta horrek lasaitasuna eman zidan” dio. Horrela, 19na berdintzea lortu zuen eta Bizkaiak eztanda egin zuen.
Ezkurdia: "Badakit 16 eta 19 galtzen nengoela askok uste zutela ez niola bueltarik emango. Baina mentalki oso indartsu sentitu nintzen"
Txapa, musika
21 eta 20 aurretik zela, Ezkurdiak bere azken sakea egin eta txapara joan zitzaion pilota. 21 eta 21, azken tantoak erabakiko zuen. Emozio gehiago, ezinezkoa. Inork gutxik espero zuen finala horrela erabakiko zenik. Zaleak, zoratuta, eta artekariak praka bete lan. Akatsa potoloa izan zen, baina Ezkurdiak ez zuen, beste batzuetan bezala, behera egin. “Ez nuen partidak ihes egin zidala sentitu, inondik inora. Nire buruan sinesten nuen, eta banekien sakeari erresto on bat egiten banion azkeneko tanto hori lortzeko aukera izango nuela. Mentalki oso indartsu sentitu nintzen, konfiantza alde. Galdu edo irabazi, azken tantoan ni neu izan behar nuela erabaki nuen”. Altunaren sakea bikain errestatu zuen eta bi titanen arteko lehian Jokinen pilotak txapa jo zuenean, txaparen hotsa inoiz baino ozenago entzun zuen Ezkurdiak. Musika hutsa. Lau eta Erdiko hirugarren txapela lortu zuen, hirurak Altunari irabazita. Eta orduan festa lehertu zen Bizkaian.
Astelehen zoriontsua
Kazetari mordoa bildu zen astelehenean Arbizun, Ezkurdiaren txapela gertutik ikusi eta aurrelari arbizuarraren hausnarketak entzutera. Astelehen latza zuen Joseba Ezkurdiak, bezperako ospakizunak “tabernatik bidali zigutenera arte” luzatu baitziren, baina poz-pozik.
Arbizuarrek harrera ederra egin zioten bezperan. “Oso polita izan zen plaza herritarrez beteta ikustea. Eta hunkigarria. Halako momentua berriro bizitzeko irrikaz nengoen”. 2020an ezin izan zuen Martijarekin lortutako Binakako txapela ospatu, pandemiagatik. Aurten Lasoren kontra Buruz Buruko finala galdu ondoren harrera egin zioten, baina ez zen ospakizun berdina izan. “Gutxitan eman eta hartu ditut horrenbeste musu. Haurrak ere gerturatu zitzaizkidan, oso polita izan zen” gaineratu zuen. Aurreskua eta lore eskaintzaren ondoren "ederki afaldu genuen elkartean, eta parranda luzatu zen. Oso gustura ibili ginen” gaineratu zuen.
Mentalki indartsu
Bere jarreran aldaketa izan dela ezin da uka. Finalean ezberdin zegoen, aldi berean lasai eta ernai. Heldutasunez, bere buruarekin haserretu gabe. “Guztiz zentratuta nengoen. Banekien nire lana zein izan behar zen: partidan sartuta egotea. Partidatik ez ateratzeko exijitu nion neure buruari. Eta harro nago lortu nuelako” dio.
Bizkaia pilotalekuan egondako giro bikaina eskertu zien pilotazaleei. “Partidak aurrera egin ahala ikaragarria izan zen. Musikak ere giroa berotu zuen. Azkenaldian finaletan musika jartzen dute eta nik gustuko dut. Biziberritu egiten nau, animatu eta indartu” zioen.
Final latza izan zen. “Biek asko eskatu genion elkarri, eta gogorra izan zen. Elkarri opari pare bat egin genizkion, baina egindako tantoak nagusitu ziren. Pozik egoteko modukoa da”. Gorputza txikituta, baina irribarrez zegoen. “Gorputzeko atal guztiak ditut minduta, tentsioagatik bereziki. Lehertuta bukatu nuen, erreserbako argi guztiak piztuta. Uste dut ez dudala inoiz partida bat horren nekatua bukatu”. Altunak ere hala bukatu zuen, eskuin eskua minduta, eta Binakako lehen jardunaldian ariko ote den zalantzan dago. Historiako finalik gogorrena izan zela entzundakoan, berak ez zuela horrela bizi erantzun zuen. “Partida ona egiten ari ginela bai, baina historikoa… gero ikusiko dut, telebistan. Nolanahi ere, gustura sentitzen naiz bizitakoarekin”.
"Galdu edo irabazi, azken tantoan ni neu izan behar nuela argi nuen"
Biek merezi zuten
Altuna jotzen zuten faborito, baina katedrak esaten dionari “kasu gehiegirik ez diola egiten” dio arbizuarrak. “Jokin partida batean dagoenean ia beti bera da faborito. Beste batzuetan niri ere esan izan didate, baina faborito izateak ez du ezer esan nahi, gero partidak irabazi behar direlako. Jokin bezalako pilotari handi bati irabaztea da garrantzitsuena, eta are gehiago igandean jokatu genuen bezala jokatuta. Biek asko eskatu genion elkarri, eta kantxan hustu egin ginen. Harro egoteko modukoa da”.
Argi du finala bietako edozeinek irabazi ahal zuela, “are gehiago, biek irabaztea merezi genuen. Txapela hemen dago eta oso pozik nago, baina biek emandako mailarekin geratzen naiz. Jokinek ez zuen txapela lortu, baina berak ere merezi zuen. Hala esan nion finalaren ondoren dutxatzen geundela. Pilotari eta pertsona aparta da, umila eta langilea. Nik galdu izan banu ere, hasieran triste nengoke, baina gero konforme geratuko nintzateke, finalean nire onena eman nuelako”.
Sufritutakoa
Txapela hau orain arteko bereziena da, ”balio handia ematen diot, txapelketa gogorra izan delako. Final laurdenetako lehen partida galduta, astero partida zail eta gogorrak nituen aurretik, irabazi beharrekoak bestela etxera bidean nengoelako. Sufritutako txapelketan sufritutako txapela izan da, baina merezi izan du”.
Txapelak asteburuan hasiko den Binakako Txapelketarako aire eta ilusio gehiago eman dio. “Berriz ere lanean segituko dugu igandea bezalako egun gehiago bizitzeko. Txapel batek beste bat ekartzeko gogoa pizten du, eta alde horretatik motibazio ederra da. Ea lortzerik dugun” espero du.
Urterik onena
2018an bi txapela lortu zituen Ezkurdiak, Binakakoa eta Lau eta Erdikoa, baina 2022 urtea bikaina izan da arbizuarrarendako, “2018koa baina hobea. Bi final jokatu ditut, horietako bat irabazi, uda bikaina izan da, eta Xabi Tolosarekin 2022an jokatutako Binakakoari ere balioa eman behar zaio. Erregularra ari naiz izaten, eta sentsazio onak ditut. Aurtengoa, jokoaren aldetik, nire urterik onena da”. Betiko moduan, egunerokotasunean laguntzen dioten guztiei, senitarteko eta gertukoei eskaini die txapela, eta azken urteetan zendutako lehengusua eta osaba izan ditu gogoan.
"Asko sufritutako txapela izan da, baina merezi izan du. Bereziena da, balio handia ematen diot"
Onenen klubean
Pilotari onenen klubean sartu da Joseba Ezkurdia. Lau eta Erdiko hiru txapel ditu, Jorge Nagore, Patxi Eugi, Juan Martinez de Irujo eta Jokin Altuna bezala, eta Julen Retegi (lau txapela) eta Aimar Olaizola (7 txapela) ditu soilik goitik. Horretaz gain, Binakako bi txapel ditu, 2018an Zabaletarekin eta 2020an Martijarekin lortutakoak. Hiruko Koroa lortzeko Buruz Burukoa da geratzen zaion txapela bakarra.
Lau eta erdiko hiru txapel buruan, Binakako hirugarrena lortzea ez litzateke makala izango. 31 urterekin, goi mailan segitzeko sasoia duela uste du, eta hobetzeko tartea eta ilusioa du. “Teknikoki beste pauso bat eman beharra dut eta partidak irakurtzeko orduan ere hobetzeko tartea dut. Oraindik asko egin dezaket”. Asteburutik aurrera jarriko du praktikan, Martijarekin batera, Binakakoan.