Arbizuko errota 1911n jaso zen, eta 50eko hamarkadara arte irina egiteko eta elektrizitatea sortzeko erabili zuten. Eraikina udalarena izatera pasa zen 60ko hamarkadan, eta 2008an Olatzea landa hotel bihurtu zen. Zenbait urte itxita egon ondoren, orain, Arbizuko Udalak eraikina hotel gisa kudeatzeko deialdia egin du. Horretan interesa duenak bere eskaintza udaletxean aurkez dezake. Epea hilaren 14an despedituko da. Udalak 21.000 euro eskatzen ditu. Olatzea landa hotelak 11 logela ditu 1. eta 2. solairuetan banatuta, egongela beheko solairuan, apartamentua eta jangela beheko solairuan (40 lagunendako edukiera), jantokia sotoko solairuan (60 lagunendako edukiera), zereal errota eta turbina erakusteko gunea, eta zerbitzu gela.
Sakanak, Iparraldeko, Euskadiko eta Nafarroako beste erakunde batzuekin batera, Europatik Bertan proiektua garatzeko 761.124 euroko dirulaguntza jaso zuen 2019an. Haren helburua zen "mugaz gaindiko landa guneetako eskualdeen zahartze aktibo eta osasungarri baterako soluzio berritzaileen diseinatzea eta inplementatzea". Egitasmo pilotuen artean zegoen Olatzea eraikinean cohousing edo komunitate etxebizitza sortzea. Baina Arbizuko Udalak jakinarazi duenez, "urteetako ahaleginaren ondotik, etorkizuna bermatuko duen dirulaguntza publikoaren faltan, ezin izanen dela martxan jarri". Udalak gaineratu duenez, "beste proiektu sozial publiko eta egingarri bat posible egiten den bitartean, alokatu egingo dugu Olatzea hotela, kudeaketa pribaturako".
Proiektuaz
Egitasmoan lan egin duten eragileetako bat Sakanako Garapen Agentzia (SGA) izan da. Bertako kudeatzaile Iker Manterola Matxainek azaldu duenez, "ibarreko hiru Oinarrizko Gizarte Zerbitzu Mankomunitateek egindako azterketa batetik abiatuta, Sakanan zahartze aktiboa sustatzeko beharra agerian geratu zen". Behar horri erantzun nahirik, Oinarrizko Zerbitzuen Mankomunitateak eta SGA, besteak beste, beste eskualdetako eragileekin batera, Bertan POCTEFA elkarlan proiektua ondu zuten.
Esan bezala, proiektuaren baitan Olatzea zegoen. Manterolak zehaztu duenez, "Olatzean adinekoei zuzendutako etxebizitza partekatu zerbitzua abian jartzearen bideragarritasuna aztertu zen". Eta, horretan oinarrituta, ibarreko hiru Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak, SGAk, Arbizuko Udalak eta Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoaren fundazioak lantaldea osatu zuten. "Hainbat pauso eta lanketa egin ondoren, adinekoen etxebizitza partekatu zerbitzua martxan jartzeko aukera zegoela ikusi genuen, baina hari jarraipena emateko baldintzak ez zeuden argi. Horregatik, egitasmoa ez abiaraztea, gelditzea, erabaki dugu, egoera nola garatzen den ikusiko dugu". Manterolak gaineratu duenez, "Sakanan zahartze aktiboaren arloko beharren jakitun eta orain arteko konpromisoa mantenduz, hasierako helburuak beste egitasmo batzuen bidez lantzeko konpromisoa adierazten dugu".