Bertan proiektuaren akabera ekitaldia egin zuten Lakuntzako kultur etxean hilaren 13an, nahiz eta maiatz akaberan despedituko den ofizialki. Han ekimenean parte hartu duten 25 pertsona izan ziren eta beste 24k taldeko bideo dei bidez parte hartu zuten. Bertan proiektua Iparraldeko CIAS Centre Intercommunal d´Action Sociale Pays Basquek, Euskadiko Agintzari gizarte ekimeneko kooperatibak eta Sakanako Garapen Agentziak (SGA) eta Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak (ibarreko hiru Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateen izenean) garatu dute azken urte eta erdian. Proiektuaren helburua zen "mugaz gaindiko landa guneetako eskualdeen zahartze aktibo eta osasungarri baterako soluzio berritzaileen diseinu eta inplementazioa lantzea". Proiektuak 761.124 euroko aurrekontua zuen eta FEDER, Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren dirulaguntza jaso zuen.
SGAko proiektuen arduradun Zuhaitz Areitio Rementeriak azaldu duenez, proiektuak 2016an du jatorria. "Udalak, hainbat entitate eta garapen agentzia zenbait gai jorratzen hasi ginen, eta tartean zegoen zahartze aktiboa. Zenbait behar identifikatu ziren eta haiei irtenbidea emateko hainbat aukera aztertzen hasi ziren". Bidean Europako proiektu baten bidez premia haiei erantzuna emateko aukera sortu zitzaien ibarreko eragileei. "Zorionez, beste ekintza eta proiektu batzuetan harremanak ditugun entitateak dira. Elkar ezagutu eta komunean behar berak genituela ikusi, kontsortzioa osatu eta proiektua dirulaguntza deialdira aurkeztu genuen". 2020an dirulaguntza jaso zuten.
Pandemia betean garatu behar izan dute proiektua eta Areitiok azaldu duenez, "ez da batere erraza izan. Zailtasun handiak izan ditugu pertsonekin egoteko, horrelako proiektu bat beharrak dituzten pertsonekin sortu behar baita, haien iritziak jasota. Haiekin egin nahi genuen kontrastea hasieran telefonoz egin genuen". COVID-19aren olatu arteko tarteetan aurrez aurreko prestakuntza saioak, aurkezpenak eta abar egin dituzte. "Nahi bezainbat jenderengana ez gara iritsi, guk nahi genituzkeen emaitzak ez ditugu lortu, baina pauso handiak eman ditugu".
Jarraipena
Areitiok argitu duenez, "lau bazkideak elkarrekin egindakoarekin oso gustura gaude. Izandako emaitza positiboak gainontzeko bazkideen eskualdeetara eraman nahi ditugu orain". Gipuzkoan komunitate zaintzaren ardatza garatu dute, Iparraldean zaintzaileena eta Sakanan eskaera bidezko garraioa eta komunitate bizilekua ardatzak landu dira.
Proiektua bukatu bada ere, proiektua sustatu duten erakundeak elkarrekin lanean segituko dute. "Horrelako egoera batean halako proiektu bat garatzea ez da batere erraza izan. Urrutiago iritsi nahi genuke. Lortutakoarekin konforme gaude", azaldu du Areitiok eta Gizarte Zerbitzuen hiru mankomunitateetan "egindako lanarekin oso gustura" daudela nabarmendu du. "Argi ikusten dute bide horretatik jarraitu behar dela herritarrei zerbitzuak emateko".
SGAko kideak esan duenez, "argi dago ditugun premia guztiei ez diegula erantzuna eman. Aurrera jarraitu beharra dago, bai edo bai". Horregatik, proiektua aurrera ateratzeko, bigarren fase bat izateko, finantzazio bila jarraituko dute. "Europatik lortuko bagenu, askoz hobe, baina, bestela, Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitateek erabaki dute pertsona bat jartzea Olatzeako zerbitzua kudeatzeko eta Sakanan zahartze aktiboaren inguruan dauden zerbitzuak emateko". Hiru mankomunitateen aldeko apustua nabarmendu du Areitiok: "komunean zerbitzuak ematea ibar guztian. Olatzea lehenbailehen martxan jarri. Kolaborazio etxearen eredu hori oso interesgarria dela, bizitzeko beste eredu bat da. Zahartze osasungarriagoa eta osoago bat ematen duelako. Halakoekin, segur aski, erresidentziak beranduago iritsiko dira". Bitartean, jasotako informazioa elkarbanatuko dute.
Eskaera bidezko garraioa
Eskualde barruko eta eskualde arteko garraio egokitua, landa eremuetako adinekoen erabateko gizarte parte hartzea eta zerbitzuetarako sarbidea hobetzeko beharra ikusi zuten proiektuko kideek. "Herri txiki askotan adinekoek, eta denek, mugikortasunerako premia handiak dituzte". Sakanako mugikortasunaren eta baliabideen diagnosia egin zuten lehenik. Ondoren Europako hainbat landa eremutan dagoeneko martxan dauden zerbitzuak eta baliabideak aztertu zituzten. "Erabaki genuen eskaera bidezko zerbitzu bat martxan jartzea. Udal eta hainbat entitaterekin harremanetan jarri eta zerbitzua emateko dena prest geneukanean Nafarroako Gobernuak jakinarazi zuen haiek jarriko zutela zerbitzua martxan". Foru administrazioa zerbitzua eskaintzeko lizitazioak egin ditu eta oraindik datarik ez dutela azaldu du Areitiok. "Mugikortasunari buruz hitz egiteko jardunaldi irekiak izanen dira Irurtzunen garagartzaroaren 20an, herritar guztiek parte hartzeko aukera izanen dute. Hor informazio gehiago jasoko dugu, baina pentsatzen du udazkenerako zerbitzua martxan izanen dela".
Hori jakin eta proiektuaren erdian planak aldatu behar izan zituzten. Areitiok azaldu duenez, "Europako hainbat landa eremutan eskari bidezko garraio zerbitzua martxan dago. Zerbitzu hori emateko bi gauza behar dira: zerbitzua bera eta hura digitalki kudeatuko duen erreminta bat, webgune bat eta aplikazio bat. Ikusi genuen eskualde bakoitzean tresna digital hori desberdina zela eta erakunde publikoak, tokian tokiko konponbidea bilatzen ari zirela, horrek dakarren diru gastuarekin". Horregatik, edozein entitatek erabiltzeko moduko erreminta digital librea sortzeari ekin zioten, baita egin ere.
Areitiok esan duenez, "webgune bat sortu dugu. Entitate guztiek tresna hori jaisteko eta haien zerbitzura egokitzeko aukera izanen dute. Hau da, lineak eta beharrezko jotzen duten informazioa gehitzeko aukera izanen dute. Edozein hizkuntzatara itzultzeko aukera izanen dute. Halako zerbitzua kudeatzeko aukera izanen dute horrela". Entitateek egokitzapen horiek egiteko jarraibideak dituzten dokumentuak prestatu dituzte. "Sortu dugun tresna guretako erabilgarria izateaz aparte Europa guztian ere izanen da" azaldu du SGAko kideak. "Bestalde, erreminta horren bidez mahai gainean jarri nahi genuen publikoak eta digitalak diren gauzak beste era batera kudea litezkeela. Ez dago zertan gurpila asmatzen ibili eskualde bakoitzean. Eraldaketa digitala beste modu batera egin liteke. Behin eginda, eta libre utziz, ez dugu asmatzen ibili beharrik. Horrela dirua aurrezten da. Gainera, informazioa eta beste partekatzen dugu".
Eskari bidezko garraio zerbitzurako tresna horren sortze prozesuaren azken fasean daude, "azken ukituekin". Dagoeneko azkeneko probak egiten ari dira eta garilerako dena prest egonen da. Orduan Europako beste edozein entitatek deskargatzeko eta martxan jartzeko aukera izanen du.
Komunitate bizilekuak
Jendea elkarrekin bizitzea eta bizitoki horiek landa eremuan nolakoak izan daitezkeen adinekoen bizi kalitatea hobetzeko helburuz, Sakanan zeuden beharrak identifikatzeko diagnosia egin zuten. "Batetik, ikusi zen ibarrean adinekoendako erresidentzia plazak falta direla. eta, bestetik, Nafarroan gehien ezagutzen den eredua erresidentziena da". Ikusi zuten Europako landa eremuetan adinekoen erresidentziez aparte bestelako ereduak badaudela. "Europan zer zegoen eta zerk funtzionatzen zuen aztertu genuen eta bat interesgarria iruditu zitzaigun: kolaborazio etxebizitzak dira. Horien barruan hainbat eredu eta aukera daude. Ikasi dugu proiektu bakoitza desberdina dela besteekiko", azaldu du Areitiok. Gaineratu duenez, "proiektua desberdina egiten du bertan bizi den pertsonak. Beraiek erabaki behar dute nola bizi behar duten modu aktibo batean halako espazio batean".
Proiektuko kideek forum batean aurkeztu zituzten inguruan dauden hainbat aukera eta Arbizuko Olatzean zerbitzu hori eskaintzeko martxan jarri dira. Halako proiektua abiatzeko Nafarroako Gobernuaren legediak eskatzen duena betetzeko eraikina egokitu dute, "premia guztiak asetzeko. Espazio hori bizitzeko prest dago". Proiektua garatu bitartean komunikazio lana egin dute eta ahalegindu dira sakandarrei aurkezten espazio horretan zer egin nahi den, nahiz eta pandemiak ez dien batere lagundu horretan. Baina aukera izan zutenean, batetik, bideo bat grabatu zuten Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin. Etxekonak eta Etxekide kooperatibetako bazkideek eta ibarreko hiru Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateen ordezkariek parte hartu zuten. "Bideo horrek lagundu digu sakandarrei azaltzen zer egin nahi zen. Jendeak interesa azaldu du, baina oraindik ez da nahikoa proiektua ekonomikoki bideragarri egiteko". Dagoeneko sei pertsonak Olatzean bizitzeko interesa dute. Eraikinean 15 pertsonarendako tokia dago. 11 logela daude. SGAkoak argitu duenez, "ez dago inolako obligaziorik beste pertsona batekin bizitzeko, baina nahi duten pertsonendako logela batzuk bikoitzak izan daitezke. Esaterako, bikote bat edo anai-arreba batzuk elkarrekin bizi nahiko balute, horretarako aukera ere izanen lukete".
Areitiok azaldu duenez, "Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateek erabaki dute proiektuarekin aurrera segitzea. Aurrerantzean jendearekin harremanetan jartzen ahaleginduko gara, jende gehiago proiektu horretara gerturatzeko, ezagutzeko eta, lehenbailehen, martxan jartzeko. Bitartean interesa duenak bere eskualdeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearekin harremanetan jarri behar du".
Zaintza
Bertan proiektuaren barruan zaintzarekin lotutako bi ardatz landu dituzte. Batetik, komunitate zaintza dago. Areitiok azaldu duenez, "herri txikietan guztiok elkar ezagutzen dugu, denok dugu elkarren berri. Adineko jende asko bakarrik bizi da. Esaterako, adineko bat egunero ohitura batzuk dituena: okindegira joan, norabait joan… Baina egun batean ez du bere eguneroko ogia hartu, edo desagertu egin da". Halako kasuetan aktibatuko litzateke komunitate zaintza, "garai batean egiten zena da, baina orain erreminta digitalekin lagunduta egiten dena da", argitu du Areitio.
Komunitate zaintza nola egiten den zehaztu du: "Lehenengo, halako arriskua izan dezaketen pertsonak identifikatzen dira. Eta prest dauden gainontzeko herritarrei prestakuntza ematen zaie eta azaltzen zaie zer den komunitate zaintza. Prestakuntzaz aparte, telefono mugikorrean aplikazio bat jartzen zaie, Landalab. Eta herritar horiek ikusiko balute arriskuan dagoen pertsona horietako bakarren bat bizitzan aldaketaren bat egin duela, edo jarrera aldaketaren bat, edo normalean egiten dituen gauza horiek ez baditu egin… Aplikazio horren bitartez Gizarte Zerbitzuak aktibatuko lituzke. Gizarte Zerbitzuetako langileak arduratuko lirateke zer gertatu den aztertzeaz, esaterako, zergatik ez den ogia erostera joan. Komunitate zaintza horren bitartez zergatia ikusi eta erantzuna emanen litzaioke". Ardatz hori Iparraldeko eta Gipuzkoako proiektuko bazkideek garatu dute. Biek jarri dute proiektua eta emaitza "oso onak" lortu dituzte. Areitiok azaldu duenez, "nahiko genuke jorratu duten lan hori gurera ekartzea".
Zaintzaileak
Pandemiak agerian utzi du zaintzaren garrantzia. "Zaintzaileak eta osasun arloan lanean ari diren pertsona, nolabait, beste leku batean jarri ditu pandemiak. Haien lanaren garrantzia agerian utzi du". Areitiok azaldu duenez, Iparraldekoek identifikatuta zuten lan bezala zaintzaileena ez zegoela inolaz ere baloratuta. "Zaintzaileen lanari balioa aitortzea ere proiektuaren zati bat zen eta Iparraldeko kideek horren inguruko lan handia egin dute". Horretarako, bideo bat grabatu zuten. Han zaintza lanetan ari direnen lekukotzak eta iritziak jaso dituzte. "Zaintzaren arloan dauden guztiei eskerrak eman nahi genizkieke. Gizarteak hausnartu egin behar du, eta pertsona horiek egiten duten lana behar den bezala baloratuz;soldata eta lan baldintza duinekin"