Ramoni, Maria Pilar, Nekane

"Denon arteko lanak garrantzitsuak dira"

Guaixe 2023ko urr. 17a, 13:57

Ramoni Berastegi Untzilla, Maria Pilar Arbizu Berastegi eta Nekane Lakuntza Arretxe.

Arbizuko Txistor Egunean Ramoni Berastegi Untzilla tripotak eta odolkiak egiten egon ziren. Langintza horretan aritutakoak dira ere bai, Maria Pilar Arbizu Berastegi eta Nekane Lakuntza Arretxe. 

1. Arbizuko txistor egunean auzolanean, noiztik?
Ramoni. Hasieratik ez bada, bigarren urteaz geroztik. COVID19agatik-eta, bizpahirutan kale egin nuen. Bestela, gehienetan hor ibili gara. 
Maria Pilar. Hasieratik. Aurreneko urtean neronek txerriaren odola eta guzti hartu nuen.
Nekane. Hasieran parte hartzen nuen. Baina kanpinean lan egiten dut eta, azkeneko urteetan, ezin izan dut parte hartu. 

2. Zergatik parte hartu?
N. Herria kanpoan ezagutarazteko egiten den festa bat da. Herrikideok parte hartzeko moduko kontu bat dela iruditzen zait, denon artean aurrera eramateko. 
MP. Hemen beti izan da auzolanak egiteko ohitura. Eta festa egin behar zela esan zigutenean, gustura. 
R. Herritarren artean giro polita sortzen da. Denon arteko lanak garrantzitsuak dira, nahiz eta galtzen ari diren. Baina polita da. 

3. Auzolan gehiagotan parte hartzen duzue?
R. Batzuetan bai. Urtean lautan edo egoten da, eta bizpahirutan ateratzen naiz. 
MP. Txistor egunaz aparte, ez naiz sartu auzolanetan. Hasieran bai, baina azkeneko honetan gaixo egon naiz eta utzi ditut. Urtero ez naiz etorri. Hauei nola segitu erakutsi nien eta ni atzetik ibili naiz atzeneko urte hauetan. Ni jai izanen dut igandean. Arbizu Kantuzekin aterako gara eta plazan kantatzen ariko gara. Berrogeiren bat elkartzen gara. 
N. Ez, beti asteburuetan lanean ibili bainaiz, etxean ere nahikoa lan eta ezin. 

4. Zer ematen dizue auzolanean parte hartzeak?
N. Momentu on bat pasatu herrikideekin, eta ahal duguna eman. 
R. Denon artean laguntzen bagara askoz errazago egiten dira gauzak. 

5. Txistor egunean zenbat arbizuar aritu ziren auzolanean?
R. Egia esateko, ezin dut esan zenbat, beti txistorrarenean tokatu zaidalako. Plazan, pintxoak-eta banatzen, jende pila egoten da. Egun bat aurretik prestatu behar dira postuak, azokara etorri behar direnendako. Ez dakit zenbat, baina asko. 
MP. Gazte gehienak. 

6. Zer nolako auzolana eginen duzue?
R. Tripoten postuan egonen gara. Aurretik fanfarrearekin buelta bat ematera aterako gara, txistulariekin-eta. 

7. Langintza nolakoa da?
MP. Oso gustura. Lauzpabost lagun elkartu, denok elkarrekin. Gainera, bezperatik hasten gara. Tripotak martxan jartzeko bezperatik egiten genituen, eta dituzte. Gantza, porrua eta tipula xehatzen da. Aurretik arroza egosita eduki behar da. Eta dena nahasten da. Bestela guztia igandean   egiteko ez du denborarik ematen. Batzuk egunean egosteko uzten dira, jendeak nola egiten zen ikusteko. 
N. Prest diren tripotak urez betetako pertzetan egosten dira. Eta jateko prest. 
MP. Ordu eta erdi pasatxo egon behar dute suabe-suabe egosten. Ura pol-polka tripotak hausten dira. 

8. Txistorrak ere egiten dituzue, ezta?
MP. Errazagoa da: masa egina ekartzen digute eta guk hesteak bete egiten ditugu. 
R. Gehienbat jendeak ikusteko nola egiten zen lehen txistorra. Makinatik pasatzen da. 
MP. Urte askotan etxean egiten ziren denak. Urtean bi txerri hiltzen genituen. Txerria hiltzean aldamenekoei eta familiakoei zati bat oparitzen zitzaien. Hasieran ez zen albaitaririk pasatzen. Ondoren, Etxarri Aranazkoari zati bat eramaten zitzaion. Hauek tripotak eta txistorrak egiten oso ongi moldatzen dira. 
R. Baina Maria Pilar beti hor egoten da, laguntzen. Gainera, markesinaren ondoan bizi da. Tresnak beti izaten ditu prest. 

9. Emakumezkoak hilerokoa bazuen txistorra egiten ezin zen egon. Hori hala zen?
MP. Ez dakit beste batzuetan, baina gure etxean sekula ez zaio horri begiratu. Oso ongi ateratzen ziren. Lehortzeko tokia behar zuen, hori bai. Garai batean denok beheko sua geneukan etxean, eta hura pizten zenean, zintzilik goian jartzen ziren, sukaldean. 

10. Txistorra egitearena, zozketa bidez?
N. Ez. Jendea behar zen. Lanak banatu ziren. Bakoitza zekiena egiten jarri zen. Elkartu ginenen artean banatu ziren lanak. Nik etxean txerria hiltzen ikusia dut. Bertan egon nintzen. Hiltzen genuenean izeba ere etortzen zen. 
MP. Lehengo jantziekin jantzita geunden hasieran: buruan zapia, ileak-eta saltsara ez botatzeko; tokilla, janzteko; mantala, ez zikintzeko; gona; espartinak eta galtzetinak. 
N. Txerritik dena aprobetxatu izan da, bizi guztian. Festa hasi zenean, jendeak nola egiten zen lan ikusteko, txerria bertan hil, zintzilikatu  eta zatitzen zen. Debekatu zuten. 
MP. Tripotak egin ondoren gelditzen zen gantzarekin txantxigorrak egiten ziren, postre bezala. 
R. Urte batez xaboia egin genuen, gantza eta sosarekin. Beste urte batean hankak eta belarriak prestatu ziren. 

11. Noiz hasiko zarete?
R. Plazan lehenago hasten dira, baina gu 09:00ak aldera, guztia prestatu beharra baitago. 
MP. Orain tripotak bezperatik eginda daudenez, berotu eta banatu egiten dira. 
N. Jendeak gustura ikusten du lan hori. Lehengoko kontuak berriz ikustea gustura hartzen da. Eta sekula ikusi ez duten gazteek ongi hartzen dute: "horrela egiten dira txistorrak?" Lehen ibilitakoren batek ere makinari buelta emateko gogoa dute, nostalgia?
R. Haurrek ere probatu nahi izan dute. Polita da, horrela ikasi egiten dute nola egiten zen. 
MP. Egindako guztia agudo jaten da, bertatik pasatzen denari dastatzeko ematen zaie tripota. Txistorrak plazara eramaten dira.