Hondakinekin arduratsu izateko deia

Guaixe 2023ko aza. 16a, 09:00

San Joan bide kaleko zintzilikarioak eta etxebizitzak. ARTXIBOA

Udalak azaldu duenez, “ustez larrialdietarako bakarrik erabil daitekeen gunea erabat gainezka dago”. Hondakinen kudeaketa egokia egiteko deia berretsi du.

Arbizuko Udalak jakinarazi du herritar batzuek "hondakinekin duten axolagabekeriarekin kezkatuta" dagoela. Horregatik, udalak "hondakinen erabilera arduratsua sustatzeko pauso batzuk eman" ditu. Alde batetik, auzokonpostagailuak kendu egin ditu, "erabilera okerra ematen zitzaielako eta zabortegi txikiak bihurtzeko zorian zeudelako". Bestetik, udalak gogorarazi du larrialdi gunea bi kasutan erabil daitekeela bakarrik: "oporretara joan behar garenean, hondakinik ez uzteko etxean. Edo garbiketa bereziren bat egin eta hondakina pilatzen zaigunean". 

Udaletik gaztigatu dutenez, "larrialdi gunea egunero erabiltzen duenik bada. Hondakinak jasotzeko etxez etxeko bilketa dago ezarrita". Beraz, erabilera okerrak jarraitzen badu, udalak ez du baztertu larrialdi gunea ixtea. Hura erabili nahi luketenek giltza eskatu beharko lukete, goizetan udaletxeko bulegoan eta arratsaldetan liburutegian. "Horrela, erabiltzaileen erregistro bat egin eta erabilera zuzena dela ziurtatuko genuke". Jakinarazi duenez, Hondakin Zerbitzuko hezitzaile batzuk familia batzuekin hitz egitera joanen dira, erabilera egokiaren inguruko informazioa berriz emateko. Bestalde, udalak inausketako hondakin organikoak Utzubar Ekogunera eraman behar direla gaztigatu du. 

Baliabideak
Arbizuko Udalak uste du nahikoa bitarteko daudela hondakinen kudeaketa egokia egiteko. Argi dute indarrean dagoen sistema hobetu daitekeela, "baina hondakinen inguruan bakoitzak hartu behar duen ardura da oinarria: ahalik eta hondakin gutxien sortu, sortzen dena ondo sailkatu, dagokion egunean atera eta hondakinak birziklatzeko prozesuan sartzea da".

Udalak nabarmendu duenez, Hondakin Zerbitzuak “egunero biltzen dizkigu hondakinak etxez etxe”. Arbizuarrei gogorarazi die etxean egindako garbiketa baten ondorioz “hondakin asko pilatzen bazaigu, Emausko Trapuketariak haien bila etxera etor daitezkeela”. Horretarako, sakana-mank.eus webgunean dagoen galdetegia bete edo 948 46 48 67 telefono zenbakira hots egin behar da. Trapuketariek zer jaso behar duten zehatz mehatz esan behar da. 

Horretaz aparte, hondakin bereziak garbigune mugikorrera eraman ditzakete arbizuarrek, astelehenetan 13:20etik 13:55era pasatzen da. Bestela, Utzubar EkoGunera. Udalak gogorarazi du, arropa zaharrak eta erabilitako olioa jasotzeko edukiontziak ere badaudela herrian. Eta zalantzarik izanez gero, Hondakin Zerbitzuko 900 730 450 doako telefonoan argibideak ematen dituzte.