Mainamikirriren unibertsoa zabaltzen

Erkuden Ruiz Barroso 2024ko urt. 9a, 11:53

'Mainamikirri' liburuaren aurkezpena; Castillo Suarez eta Haize Berriak bandako kideak, zutik, Olatz Garde.

Castillo Suarez idazleak, Jose Mari Morcillo 'Morkots' ilustratzaileak eta Olatz Aldasoro maketatzaileak egindako 'Mainamikirri' liburua berrargitaratu dute; Haize Berriak bandak zenbait sortzailerekin aurkeztuko duen ikuskizunaren harira.

Txikitan jan nahi ez zuenean "Mainamikirri bezala geldituko zara" esaten ziotela gogoratu du Castillo Suarez idazleak; berandu iristean ere "Mainamikirri" zarela esaten zela esan du altsasuarrak, "baina, egia esan, txikitan ez nuen Mainamikirriren ipuina ezagutzen". 2017. urtean Altsasuko herri ipuinean oinarritutako Mainamikirri liburua kaleratu zuten; Suarezek istorioa idatzi zuen, Jose Mari Morcillo Morkotsek ilustrazioak egin zituen eta Enara Insaustik maketatu zuen. "Mainamikirriren ipuinak bazeuden, egin dudana da testua egokitu eta moldatu". Izaskun Etxeberriak 1986an Ageda Zelaia altsasuarrari egindako grabazioan oinarritu da idazlea ipuina idazteko. Abenduaren 17an, Arbizuko Olatzea hotelaren errotaren txokoan, Mainamikirri liburuaren berrargitalpena aurkeztu zuen idazle altsasuarrak. Herriko bi ipuin jasotzen ditu: Erregearen alaba eta Katu beltzak. Ilustrazioak Morkotsenak dira eta maketazio lana Olatz Aldasororena.

Mainamikirri Altsasuko sorgin bat zen, "sorginena", txikia, lekuetara beti berandu iristen zena eta belarretan jakintsua. Belaunaldiz belaunaldi pasa den ipuin bat da, eta ipuinaren bertsio asko daude. Suarezek haurrendako moldatutako ipuinak idatzi ditu, eta aurkezpenean liburuko bi ipuinak kontatu zituen, ilustrazioek lagunduta.

Erregearen alaba, agian, ezagunena da: emakumeak errotan garbitzen ari direla, erregearen alabaren gaixotasuna sendatzeko erremedioa ematen du Mainamikirrik, baina kuxkuxero batek entzuten du eta erregearen sariarekin gelditzen da; kuxkuxeroa errotara itzultzen da, eta harrapatzen duten edo ez jakiteko jendeak liburua irakurri beharko du. Katu beltzak herri ipuin bat da ere, eta idazleak Marinamikirriren pertsonaia sartu du tarteko. Istorioa ere leundu duela esan du, kontakizuna "tragikoagoa" zelako. Laburbilduz, familia batean haurrak gaixotzen dira, aita mandazaina da eta etxetik kanpo egon behar du, Mariansasiko eta Mainamikirri ama eta alabarekin elkartzen da, eta ez da fido. Ondoren, bi katu beltz, ukendua eta hitz magikoak agertzen dira istorioan. 

Ikuskizuna
Arbizuko errotaren txokoan egindako aurkezpenean Haize Berriak bandako bost musikarik parte hartu zuten. Liburua Sakanako bandarekin sortzen ari diren "proiektu handi" batengatik berriz kaleratu dutela azaldu zuen Suarezek.

Olatz Garde bandako kideak hartu zuen hitza: "Aspaldi genuen ipuin batekin proiektu bat egiteko ideia, ipuin musikatu bat, eta kontuan hartuz Mainamikirri pertsonaia existitzen dela, Burunda aldeko pertsonaia erdi mitologikoa dela, pentsatu genuen gure proiektu honekin lotzea oso ideia polita izan zitekeela". Izan ere, Haize Berriak bandak "hemengo, Sakanako, kultura" sustatzea du helburu ere. 

"Azkenean, pentsatu genuen askoz politagoa egin genezakeela ez bakarrik musika baizik eta antzerkia, dantza eta abar uztartzen bagenuen". Hortaz, bandakoek Anne Perez de Azpeitia konpositoreari "ipuin hau bereziki" kontatzeko konposizio bat eskatu diote, eta, beste alde batetik, Eva Azpilikueta antzezle altsasuarrarekin, Suarez berarekin eta Dantzarima dantza taldearekin ere harremanetan jarri dira. "Denak Sakanako emakumeak, eta proiektu honekin aurrera egiteko prest daude". Sortzaile guztiak emakumeak direnez, lana martxoaren 8aren Emakumearen egunaren harira aurkeztea pentsatu zuten, eta martxoaren 9an eginen dute, Iortia kultur gunean, "estreinu mundiala"; "beste guztia sorpresarako utziko dugu". Aukeragatik "eskerrak" luzatu zizkion Gardek, baita Valen Ormazabal Olatzeako kudeatzaileari eskerrak eman zizkioten ere Suarezek eta Gardek, errotan aurkezpena egiteko aukera emateagatik.

Mainamikirri inspirazio iturri izan da aurretik ere; 1997. urtean Aitzindari dantza taldeak sorgin altsasuarrean oinarritutako dantza ikuskizuna egin zuen, taldearen hamabosgarren urteurrenean.

Erlazionatuak

Mainamikirri, Altsasuko ipuina bertakoendako

Erkuden Ruiz Barroso 2017 mai 05 Altsasu