Oinez Basoa handitu egin dute

Guaixe 2024ko ots. 27a, 09:33
Oinez Basoan egindako landaketan parte hartu zutenak.

Arbizuko Utzuar dermioan 2009ko Nafarroa Oinezaren ondoren sortutako Oinez Basoak zuhaitz gehiago ditu otsailaren 18az geroztik. Guztira 170 zuhaitz landatu zituzten. Etorkizunean landaketa gehiago eginen dituzte, baita hegaztiak eta animaliak behatzeko begira lekuak jarri ere.  

Andra Mari ikastolako komunitatea 2023ko Nafarroa Oinezekin bueltaka duela ia bi urte hasi zen. Babesletza batzordeko kide bat Oinez Basoaren batzordean sartu beharra zuen eta Aitor Zubieta Albarracin hautatu zuten. Nafarroako ikastolen festa pasa ondoren, Oinez Basoaren kudeaketaz arduratzeko guraso talde bat sortu dute hura berritu, handitu eta gauza gehiago egiteko helburuz. Talde horretan dago Zubieta. Horregatik zegoen Utzuarren, Oinez Basoan, otsailaren 18an, igande goizean. Izan ere, ikastolak zuhaitz landaketa antolatu zuen. 

2009ko Nafarroa Oinezekin batera sortu zuen Oinez Basoa ekimena Andra Mari ikastolak. "Orduan landatu zen baso berri hau. Festak gizartean eragina du, baina naturan ere eragin handia du. Horri buelta emateko, baso bat landatzea erabaki zen. Aurrenekoa Utzuarko hau izan zen. Oso ongi joan zen", azaldu du Zubietak. Joan zen urtean Nafarroa Oinez antolatu ondoren, Oinez Basoari heldu behar zioten, "baina berria egin beharrean, zergatik ez diogu dagoenari buelta bat ematen? Zergatik ez dugu dagoenaren kudeaketa aldatzen?" pentsatu zuten batzordean. 


Oinez Basoan landaketa egiten. UTZITAKOA

Lanak
Horretan dabiltza: "eremu batzuk garbitu ditugu. Eremu askotan 2009tik oso-oso ongi hazi dira haritzak, intxaurrondoak eta gaztainondoren bat edo beste, baina beste zenbaitetan ez da ezer sortu". Azken lur zati horiei erreparatu dietela azaldu du Zubietak: "arbolarik sortu ez den tokietan garbiketa sakona egin dugu. Eta gaur landaketa berria egin dugu". Ikastolako komunitateko kideek 150 haritz landatu zituzten. 

Goiko partean, berriz, hogei gaztainondo. "Galiziatik ekarri ditugu, gaitzak-eta ez hartzeko trataturik daude". Zubietak azaldu duenez, "Sakanako Garapen Agentziak gaztainondoekin proiektu bat du eta gu haren parte gara. Hemendik gutxira gaztainondo horietan bertako gaztainondoen aldaxkak txertatuko ditugu. Hala, bertako fruituak jasoko ditugu".  

Deialdiak izandako erantzunarekin "oso pozik" zeuden taldeko kideak, "familia asko etorri dira, giro polita sortu da, eguraldia paregabea”. Joan zirenei lana errazteko zuloak eginak utzi zizkieten, “jendea hurrengo landaketetarako animatzeko. Azkenean, hori da helburua, denok elkartzea eta halako giroa egotea". Oinez Basoa maiatzean mustuko dute. 


Landaketarako eremua ongi mugatuta zuten batzordekideek. UTZITAKOA

Etorkizuna 
Oinez Basoan eremu handia dago oraindik ere sasiz garbitzeko. Horiek garbitu eta bertan zuhaitzak landatzen joanen dira. Andra Mari ikastola proiektuaren zati bat da: "Lehen Hezkuntzakoak hurrengo urteetan ezkurrak bildu eta ikastolan bertan landatuko dituzte. Landareak haztean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak haiek basoan landatzera etorriko dira. Ikastolan urteroko ekintza bat izatea nahi dugu", azaldu du Zubietak. Gaineratu duenez, "ikastola batek halako baso handi bat kudeatzea ikastolarendako izugarrizko balio positiboa da. Eta ikasleendako gauza oso ona da". 

Ur baltsa pare bat dago basoaren beheko partean. Zubietak nabarmendu duenez, "natur inguru zoragarria dugu hemen. Toki gutxitan dago parekorik. Basozainek esana da hemen dagoena izugarria dela. Hondakindegiaren ondoan, dena esatera. Hark animalia asko erakartzen ditu". Egin dituzten behaketetan ikusi dituztenak zerrendatu ditu Zubietak: "putreak zientoka, lurrean asko. Miru asko, Europan asko jaisten ari dela esan digute eta hemen izugarri dago. Bele, azeri, orkatz eta basurde asko. Egunez ikusten dira. Baltsak erakarrita usoak eta pasako hegazti asko gelditzen dira bertan". Hegaztiak eta animaliak ikusteko behatokiak eginen dituztela jakinarazi du Zubietak.