Kiroldegian eta Kattukan lanak eginen dira agorrilean

Guaixe 2024ko mar. 13a, 09:01
Kintoak kiroldegiko tabernatik ateratzen eskean ibili ziren egunean. ARTXIBOA

Biak itxita daudela baliatu nahi du udalak lanak egiteko. Kiroldegian klimatizagailu berria jartzeko lanak eginen dituzte. Haur eskolan, berriz, argindarra sortzeko eguzki plakak. Soinu kutsaduraz kexatu dira bi ikastetxeak.

Arbizu Udalaren aurtengo aurrekontuan 1.805.405 euroa da, joan zen urtean baino 788.460 euro gutxiago. F. J. Flores Razkin alkateak azaldu duenez, "Nafarroako Gobernuaren Toki Azpiegitura Planera aurkeztu genituen hiru lanak jasota zeuden 2023ko aurrekontuan. Horregatik zen hain handia". Baina lanak egiteko dirulaguntzarik ez zuen jaso, eta hiru eskaerak erreserban gelditu ziren: Fernando Urkia kaleko sareak eta zoladura berritzeko lanak, udaletxeko bulego eta artxibategiko solairuaren birmoldaketa eta kiroldegiko klimatizagailua berritzea. 

Azken lan hori egiteko aukera izanen du. Izan ere, Nafarroako aurrekontuan jasotako emendakin batek 120.000 euro bideratuko ditu Arbizuko Udalaren lan horretara. Razkinek azaldu duenez, "klimatizagailua jarri zenean kiroldegiaren eraikina txikiagoa zen. Ondoren gimnasioa eta sauna egin ziren. Dagoen klimatizagailuak ez du eraikin guztia girotzeko gaitasunik, eta zahartu dago". Lanak egiteko enpresa opatuz gero, obra kiroldegia itxita dagoela egin nahi du udalak, agorrilean. "Udan klimatizagailu gabe egon daiteke, neguan ez", esan du alkateak. 


Kattuka haur eskolako teilatuan eguzki plakak jarriko dira. ARTXIBOA

Kattuka haur eskolak udan ixten ditu ateak eta garai hori baliatuko dute haren teilatuan eguzki plakak jartzeko. Lan horiek egiteko ibarreko zazpi enpresari eskaintzak egiteko proposamena egin die udalak, "bertan bizi, bertan lan ideiari jarraituz", argitu du alkateak. Udalak lan horietara 80.000 euro bideratu zituen joan zen urteko aurrekontuan. Lan horiek egiteko Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuaren (IDAE) dirulaguntza jaso du. Razkinek jakinarazi duenez, "eguzki plakek eraikin berean dauden haur eskola, udal biltegia eta ludoteka elektrizitatez hornituko ditu. Eta soberan geldituko da. Argindar soberakin hori udaletxera eta eskolara bideratu nahi genuke".

Argiteri eta eskola zaharrak 
Arbizuko Udalak Alde Zaharreko argiteria publikoan LED argiak jarri zituen joan zen urtean. Aurten, berriz, Iruñeko etorbidearen, errepidekoen txanda izanen dela aurreratu du. "Dirulaguntza on bat jasoz gero denak kolpean aldatuko genituzke, baina bitartean faseka arituko gara aldaketa egiten", argitu du alkateak. 

Eskola zaharren eraikina kultur jarduerak eta bestelakoak hartzeko zaharberritzen ari dira. Razkinek jakinarazi duenez, lanak apirilean despedituko ditu eraikuntza enpresak. Bitartean, Arbizuko Udala azpiegitura berria nola kudeatu aztertzen ari da, erabilera araudi batean jasotzeko. Bestalde, udalak ludotekarako hainbat gauza erosiko ditu. 


Ferdaiko bidean konponketa egin berritan. ARTXIBOA

Joan den urtean baso aprobetxamendua saldu ondoren, Arbizuko Udalak ez du halakorik aurreikusten aurten. Hori bai, Garisoota eta Insuspe dermioko bideak konponduko dituela jakinarazi du alkateak. Aurreko bi urtetan Zizkerte eta Ferdaiakoak konpondu zituen. 

Bestetik, Udalak Arbizun antolatzen diren ospakizun eta festa egunetan ostalaritzaren ordutegia zein izanen den arautu du. Halako egunetan ostalariek haien establezimenduak 06:00ak arte zabalik izateko aukera izanen dute. 

Foru administrazioa 
Udalak utzitako lurretan Nasuvinsa enpresa publikoa San Joan biden gizarte alokairurako bost etxebizitza eraikiko ditu. Alkateak jakinarazi duenez, Nasuvinsak bete beharreko administrazio prozedura aurrera egiten ari da. Bitartean, udalak Agoonia edo Castejon etxea salgai du. "Galdezka dei asko jasotzen ditugu", azaldu du alkateak, baina saldu gabe segitzen du etxeak. 150.000 eurotan tasatu zioten etxea udalari. 

Eskolako eta Kattuka haur eskolako ikasleek ikastetxetik kanpo denbora dezente ematen dute. Bi ikastetxeetatik primeran entzuten da Sakanako Autobiako (A-10) trafikoak sortzen duen zarata. Ikastetxeetan nahikoa desatsegina dela aitortu diete udal ordezkariei. Soinu kutsadura horrekin kezkatuta, Arbizuko bi ikastetxeek Nafarroako Gobernuari horren berri emanez idatzia aurkeztu zioten eta, bide batez, soinu neurketak egitea eskatuz. Soinu kutsadura balego beharrezko neurriak hartzea eskatu zioten foru administrazioari. Razkinek jakinarazi duenez, "Gobernutik esan dute hainbat herritan arazo bera dagoela. Eta erantzungo dutela".