Eskola zaharretako lanei agur

Guaixe 2024ko eka. 19a, 09:00

Eskolak hartu zituen eraikina aldamio jantzia kenduko diote. ARTXIBOA

Kultur jarduerara bideratutako eraikinaren funtzionamendu araudia parte hartzearen bidez onartuko da udazkenean.

Arbizuko Udalak jakinarazi duenez, eskola zaharrak hartu zituen eraikineko lanak garagarrilaren 14an, ostiralarekin, despedituko dituzte. Ikastetxea zena kulturarako azpiegitura bihurtzeko lanak azaro hasieran hasi ziren eta 370.000 euroko aurrekontua izan dute. Europako funtsetako dirulaguntzarekin ordaindu du lana udalak. Kisusgileek egindako lanaren ondorioz eraikineko 299 metro karratuetan areto handi bat eta bi gela txiki egin dira. Eraikin horretan ikastaroak, tailerrak, hitzaldiak, erakusketak, proiekzioak, kontzertuak eta beste hainbat ekintza eta bilera egiteko leku izanen da

Udalak azaldu duenez, "orain, poliki poliki, barrua janztea geldituko da". Aurreratu duenez, "udazkenean funtzionamendurako araudi proposamen bat banatuko dugu etxez etxe eta batzar bat deituko dugu, proposamen horri ekarpenak edo/eta aldaketak egin eta behin betikoa erabakitzeko batzarrean". Udalak azaldu duenez, "araudi proposamena egiteko aldameneko herrietako kultur etxe eta erabilera anitzetarako azpiegituretan erabiltzen dituztenak oinarri hartuta" osatu du.

Erlazionatuak