Ondarearen bideak ibiltzera

Guaixe 2019ko urr. 25a, 14:50
Aritz Ganboa de Migel erronkarako lagunduta entrenatzen.

Arruazu eta Izaba lotzeko erronkari larunbatean 08:00etan ekinen dio Sakanatik eta Erronkariko herrira igandean 10:00ak aldera iritsiko da. Ekimenean parte hartzeko edo babesteko aukera zabalik dago.  

Aritz Ganboa de Migeli “harrikazoa” zena egiteko garaia iritsi zaio. Jaso duen natur-, kultur-, historia- eta giza-ondare horri omenaldi bat egin nahi zion. Horri balioa eman nahi zion. Eta horretarako bere pasioa erabiliko du mendi-lasterketa; kirola mendiarekin uztartzea. Bere familiaren bi sorterriak Arruazu eta Izaba lasterka lotuko ditu asteburuan, berak egindako gazta bat bizkarrean daramala. Sekula ez du tamaina horretako probarik egin Ganboak eta aitortu du berarendako erronka dela. 

Arbazuarrarekin batera izanen da Iker Carrera, mendi-lasterketetan erreferentzia dena. Ibilbidean zehar beste korrikalari batzuk batuko zaizkie: Iker Martinez, Aitor Hernaiz, Igor Iturrieta, Oihana Aizkorbebeitia, Laura Sola… Eta ibilbide zatiak egiteko ere jende askok izena eman du. Bi zatirik gogorrenak Aralarrera eta Orhi igotzea izanen dira. Baina beldur gehien ematen diona Bizkarreta eta Orbaitzetako olaren artekoa ematen dio, nekea, gaua eta bestelakoengatik. Hor orain arte egindako distantzien arteko muga gainditzen duen. Korrikalari batzuk kamerak eramanen dituzte. Gainera, grabazio talde bat izan da erronka guztian zehar. Irudi horiek Bideak dokumentalerako erabiliko dira. Ganboaren martxaren berri jakin nahi duenak Bideak Dokumentala-ren Facebook-en profilera jo beharko du. 

Maulera lanera joan-etorria egiten zuten emakumezko erronkarriei enarak hots egiten zieten. Izaban enarei aitortza eginen diete igandean eta horren aurretik iritsi nahi du Ganboak helmugara. Izaban Marengo Bordako gaztandegiko Marinak egindako Erronkari jatorri izendapeneko gazta batekin trukatuko du. Ganboak Albi gaztandegian egindako Idiazabal jatorri izendapeneko gazta bat eramanen du propio prestatutako motxila batean. Gazta plastikoan ontziratu dute eta 1,205 kilo pisatzen ditu. Pisu hori ibilbideak dituen 171 km-an eramanen du bizkarrean. 

Aritz Ganboa de Migel 
Zer nolako sentsazioak dituzu? Fisikoki nola zaude? 
Lanak egin ditugunaren sentsazioarekin. Entrenamenduetan deskantsua izan dugunez azken aste parean, gorputzak lasterka egitea eskatzen dit. Sentsazioa da ongi nagoela. Hala ere, baditugu lanak tartean. Oraintxe ardi-mozten ari gara. Azkenean, geldirik ere ez gara egoten. Aste honetan ere grabaketa lan dezente izan ditugu. Baina ongi. Gehienbat, eguna iristeko eta mendira joateko gogotsu!

Probarako eta egunerako prestaketak nola daude?
Probarako herenegun egin genuen azkeneko informazio bilera kamerariekin. Hau da, lasterka eginez kamera eramanen dutenekin. Lasterketa zuzendaritza ere pixka bat antolatu genuen, anoa guneak-eta, non egonen diren. Hori guztia prest dago. Bestetik, grabazioak egin ditugu aste honetan. Eta igandeko festari dagokionez, azken momentuko gauzak, beti gertatzen diren bezala. Autobusera jendea poliki-poliki apuntatzen ari da. Bazkarirako txartelak ere dexentek hartu dituzte. Eta oso eguraldi ona egin behar duenez, jendea parte hartzera animatzen ari da. 

Euri asko egin du. Zuk zer opatuko duzu?
Ibilbidean, mendian, zenbait eremutan lokatz ugari aurkituko dugu. Horrek ere erritmoa baldintzatuko du. Lokatz asko dagoenean erritmoa mantsotu egiten da, giharrek pixka bat gehiago sufritzen dute eta deshidratazio handiagoa ematen da. Kontuan izan beharko ditugun faktoreak dira. Hala ere, horrelako lasterketa bat nahiko erritmo pausatuan egiten denez, hori kudeatzea errazagoa izaten da. Kontuan hartu behar duguna gauzak ongi eta tentuz egiten ditugula eta azkeneko momentuko lesiorik-eta ez egitea. Hori oso garrantzitsua izanen da. Azkenean lokatzak hori dakarrelako askotan. 

Autobusean tokirik bada?
Akaberan sakandarren eta erronkariarren topaketa bat eginen dugu. Hori niri nahiko esperientzia polita iruditzen zait, Mendialdearen mendebaldea eta ekialdea batuko ditugulako. Jendea animatzea, autobusean tokia dago oraindik. Baita bazkarirako txartelak hartzeko ere (bata eta besterako eskaerak: info@bideakdokumentala.eus). Han lasai egoteko autobusak eskaintzen du aukera hori. 08:00etan Arruazutik ateratzen da eta 19:00etan Izabatik. Beraz, egun pasa polita egiteko aukera polita ematen du: mendi buelta bat emateko, egunean zehar dauden ekitaldietan parte hartzeko… Jendea animatzea Sakanaren eta Erronkariren topaketa polit honetara. 


Izabako egitaraua
Lastailak 27, igandea. Enaren festa 
11:45ean Enarekin eta izabarrekin ekitaldia elizan. 
12:15eanTtunttun, Axuri Beltza eta Bandera dantzak, plazan.
12:45ean Kalejira eta enarei agurra. 
14:30ean Herri bazkaria. 
16:00etan Dantzaldia Fidel Zelairekin- 
19:00etan Festaren akabera. 


Datuak 
171,78 km  Ibilbidearen luzera. 
8.850 m Igo behar direnak. 
8.540 m Jaitsi behar direnak.


Diru-laguntza
Erronka eta hura jasoko duen dokumentala egiteko crowfunding kanpaina abiatu dute. www.bideakdokumentala.eus bidez egin daitezke 30, 50 edo 100 euroko ekarpenak, azaro aurretik.

 

Erlazionatuak

Ondarerako gazta bideak

Beleixe Irratia 2019 ots 09 Arruazu