Aurten Arruazuko Udalak 116.601,26 euroko aurrekontua izanen du. Gorka Ovejero Ganboa alkateak azaldu duenez, hiru inbertsio aurreikusiak zituzten. “Baina joan den urtean gastu sabaia 25.000 eurotan gainditu genuen eta Espainiako Gobernuaren Aurrekontu Egonkortasun Legeak behartu gaitu bi urteko finantzazio plan bat egitera kontuak bere ‘onera’ ekartzeko. Horregatik, inbertsioetako bat heldu den urterako utzi behar izan dugu”.
Basogintza planean jasoa dute trenbidetik Aralar aldera dagoen basoan aziendarako bazkalekua edo angioa egiteko asmoa duela udalak. Joan den urtean itxitura erdia berritu zuten. Aurten, berriz, sasiak kenduko dituzte. Lan hori egiteko Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jasoko du udalak. Horrekin batera zuntz optiko sarea herrian barna zabalduko du udalak aurten. 2013an egindako lanei esker sareak lurperatuak ditu Arruazuk, eta hodi horietako batetik eraman beharko litzateke kablea. Arbazuarrei telekomunikazio konexio hobea eskaintzea da helburua. Alkateak jakinarazi duenez inbertsioa ez litzateke 10.000 eurotara iritsiko. Gainera, ibarreko beste udal batzuekin elkarlanean ari da Arruazukoa zuntz optikoa ezartzeko aukerak aztertzeko.
Aurrekontu Egonkortasun Legeak urte betez atzeratu duena Arruazuko plan estrategikoa egitea da. Alkateak azaldu duenez, “Bakaikun egin zutenaren moduko parte hartze prozesua egin nahi dugu herriaren lehentasunak zehazteko”. Azkenik, Ovejerok aurreratu du pandemiak eragindako osasun-larrialdiagatik San Pedro festak bertan behera gelditu direla. “Zerbait sinbolikoa eginen da, esaterako, ostiralean zortzikoa dantzatu”.