Etxebizitza eta telekomunikazio lantaldeak Mank-en

Guaixe 2020ko mai. 22a, 14:46

Sakanako Mankomunitatearen Plan Estrategikoare aurkezpena egin zuten erakundeko eta udaletako ordezkariek.

Ibarreko erakundearen plan estrategikoa despeditzeko gutxi falta da eta sei lan esparru identifikatu dituzte. Proiektu zehatzak aurrera eramateko sortu dira bi lantalde horiek.

Sakana guztion artean. Izen hori hartuta, ibarreko erakundea 2020-2025 Sakanako Mankomunitateko Plan Estrategikoa lantzen hasi zen 2018ko akaberan, “sakandarren ongizatea helburu, Sakanako etorkizunaz eta beharrez hitz egiteko erronka jarri zuen martxan”, gogorarazi digu Mank-eko kudeatzaile Itziar Iribarren Rekartek. Azaldu digunez, proiektua egiterakoan kontuan izan dute “eskualdearen identitatearen eraikuntza eta ikuspegia indartzea, elkartasuna eta elkarlanerako bidea sendotzea eta interes taldeen parte hartzea eta inplikazioa indartzea”. Iribarrenek esan digunez, “horretarako, bikaintasunaren ikuspegia lan egiteko moduan txertatu da. Sakanako Mankomunitateko Plan Estrategikoak, aipatutako guztian sakondu eta jauzi kualitatiboa eman nahi du”.

2020-2025 aldirako plan estrategikoa egiteko Mank-eko langileekin, udal ordezkariekin, eragileekin eta herritarrekin parte hartze saioak egin dituzte, EMUN aholkularitzak dinamizatuta. Irribarrenek azaldu digunez, saio horietan “ibarreko izaera berritzailea, eraikitzailea eta parte hartzailea geratu da agerian”. Kudeatzaileak gaineratu duenez, “guztion etxea den Sakanako Mankomunitatearen historia mapa osatu ondoren, ibarreko eta Mankomunitateko diagnostikoak gauzatu dira eta aukera, mehatxu, indargune eta ahulguneak identifikatu dira. Helburu komun batzuk adostu dira eta horiek lortzeko, gobernantza irekia eta elkar lana oinarritzat hartu dira”.

Horiek kontuan izanik Mank-en  misio, bisio, eta balioak zehaztu dituzte, sei ildo estrategikoen bidez garatuak. Lehenbiziko lauek eskualde mailako esku-hartzeari begirakoak dira: Sakanan bizi, ikasi eta lan egin; diskriminazio sozialik gabeko Sakana; bere hizkuntza, kultura eta identitatea zaintzen eta garatzen dituen Sakana eta ingurumena eta ingurunea zaindu eta ustiaketa iraunkorra egiten duen Sakana. Eta azkeneko biak Mank-en kudeaketa eta gobernantza ereduari dagozkio: gizarte erantzukizuna eta bikaintasuna eta Sakandarren Mankomunitatea. “Ildo horiek gaien trataera integralarekin eta Mank-eko zerbitzuen arteko elkarlanarekin landuko dira. Zeharlerrotasuna izanen da gaiak garatzeko erabiliko den prozesua”. 

Azken pausoak 
Mank-en plan estrategikoa despeditzeko gutxi falta da. Proiektu zehatz batzuk identifikatu dituzte eta horietako bitan lantaldeak sortu dituzte: telekomunikazioak eta etxebizitzaren arazoa. Aurreneko lantaldearen arduraduna Arruazuko alkate Gorka Ovejero Ganboa izanen da eta atzenekoarena Arakilgo alkate Oihana Olaberria Jaka. Iribarrenek azaldu digunez, “bi arlo horietan, egon daitezkeen esperientziak ezagutu ondoren, Sakanako errealitatera egokitutako irtenbideak proposatu eta probatzen hastea litzateke lantalde horien helburua. Esperimentazio horretatik irakaspenak atera eta Sakanako udal eta eragileekin ezagutza hori partekatuz esperientziak erreplikatzea da asmoa”. 

Mank-eko kudeatzaileak azpimarratu duenez, “Sakanako Mankomunitatea, sakandar guztion mankomunitatea izanik, eskualdeko beharrei erantzuteko tresna da, hausnarketa eta elkarlan esparrua. Horretarako lan egiteko modu ireki eta parte-hartzailea da oinarria”. Eta adibide gisa jarri ditu, batetik, aipatu bi lantaldeetan udalak eta hainbat eragile parte hartzen ari direla. Edo martxan den turismo eta komertzio mahaia, Mank-ek eta Sakanako Garapen Agentziak koordinatzen dutena.  Iribarrenek esan duenez, pandemia garai hauetan “plan estrategikoan zehaztutakoek oraindik eta garrantzi handiagoa hartzen dute, bereziki arlo sozialari dagozkionak: Sakanan bizi, ikasi eta lan edota diskriminaziorik gabeko Sakana.

Erlazionatuak

Mank-ek bere Plan Estrategikoa eginen du

Alfredo Alvaro Igoa 2019 uzt 27 Sakana