Arruazun zuntz optikoa herriko etxeetara aurki iritsiko da. Gorka Ovejero Ganboa alkateak jakinarazi duenez, “guk azpiegiturak prest ditugu eta kablea sartzea besterik ez da falta. Datorrenerako lanak aurreratu ditugu”. Abaila kooperatibak eginen du lan hori. Ovejerok azaldu duenez, Nafarroako Gobernuak joan den urtean emandako 16.500 euroko dirulaguntza bideratuko dute herriko telekomunikazio premiak asetzera.
Herriko kaleak berritu zirenean argindar sarea lurperatu zen. Horrekin batera, lau hodi jarri ziren lurpean, aurreikusiz haien bidez telekomunikaziorako sareak eta bestelakoak sar zitezkeela. Garaia iritsi da, eta Arruazuko Udalak lau hodi horietako bat bera ere ez du erabiliko zuntz optikoa sartzeko, argiteria publikoko hoditik sartuko baitu. Alkateak azaldu du erabaki horren zergatia: “lanak egin zirenean Movistarrek hodiak eta arketak jarri zituen, baina udalak pagatu zituen. Hala ere, enpresak beretzat ditu eta zuntz optikoa hortik sartuz gero, edo kanon bat pagatzen zaio edo epaitegian salaketa jarriko luke”. Udalak enpresari hodiak erabiltzeko aukera eman zion, baina ez esklusibotasuna.
Alkateak azaldu duenez, Movistarrek Espainiako Auzitegi Gorenaren aldeko epai bat du, zeinetan esaten den “azpiegitura kontuetan enpresari fede ona aurresuposatzen” zaiola. Ovejerok argi du: “hodi eta arketa horiek, azpiegitura herriarena da, fakturak ditugu. Epaitegira joanen gara. Baina epaia iritsi bitartean, zuntza ezartzeko prozesua ez luzatzeko eta enpresari ez pagatzeko, zuntz optikoa argiteria publikoaren hoditik sartuko dugu. Eta lau hodiak erabili gabe geldituko da”. Alkateak, bestetik, jakinarazi duenez, “Movistarrek Etxeberrin eta Arruazun aurten zuntza jartzeko dirulaguntza jaso du. Baina soilik interesatzen bazaio jarriko du”.
Sakanako egitasmoa
Zuntz optikoa sartuta ere, arbazuarrek denbora tarte batez duten zerbitzu eskas eta garestiarekin segitu beharko dute. Arruazuko alkatea bera Sakanako Mankomunitatearen Telekomunikazio Batzordeko buru ere bada eta han ibarreko herri txikietara zuntz optikoa iristeko proiektua lantzen ari dira. Ovejerok azaldu duenez, “Aizkorbe eta Etxarri Aranatz arteko sarea aurten jartzeko asmoa dugu. Telekomunikazioan gabezia dugun Arakil, Irañeta eta Arruazuri emanen digu zerbitzua. Baina gainontzeko udalek konexio eskubideak erosiko dituzte, nahi izanez gero udal eraikinak sare horretara lotzeko. Etorkizunean herritarrek ere hara lotzeko aukera izanen dute”.
Ovejerok jakinarazi duenez, telekomunikazio azpiegitura horren aurrekontua 400.000 eurokoa da. Eta horietatik 160.000 euro Nafarroako Gobernuak jarriko ditu, Geroa Baik eta EH Bilduk horretarako aurkeztutako aurrekontu emendakin bat onartu baitzen. Beste zati bat proiektua garatzen ari den Guifinet fundazioak pagatuko luke, eta gainontzekoa udalek. Proiektua eta lanak bideratzeko Sakanako Garapen Agentziako, Arakilgo Udaleko eta Guifineteko ordezkaritza Guzman Garmendia Perez buru den Nafarroako Gobernuko Eraldaketa Digitalerako Zuzendaritza Orokorreko kideekin bildu zen martxoaren 18an.
Lanak udaberrian hasiko dira eta iraila akaberako despedituta egon beharko lukete. Bitartean, egin beharreko lotura batzuk zehazten ari dira. Esaterako, Sakanako Mankomunitateak hondakindegia zuntz optikoarekin hornitu nahi du. Eta Arbizuko kanpinera eramatea aztertzen ari dira (gaur egun satelite bidez ari dira). Ovejerok dio, egin ahala Guifinetek zerbitzua emanen duela, apika agorrilerako egon daitekeela.