Arkitektoek estalpe proposamena ezagutaraziko dute

Guaixe 2021ko mai. 28a, 14:30
Arruazuko frontoia, mediku kontsultategia eta herriaren etxea eta plaza.

Bihar, 17:00etan, udaletxeko ganboikoan izanen da. Estalpeaz aparte herriaren etxea eta ostatu inguru guztia ordenatzeko proposamena azalduko dute.

Bilgunea, herriarendako, publikoa, inklusibitatea bermatuko duena, adin tarte guztiendako, erabilera anitz har ditzakeena, ostatuari zerbitzu emanen diona, azoka har dezakeena, jolastokia izan daitekeena, kultur ekintzak hartzeko, herriarekin armonia izan dezala, urte guztian baliagarria izanen dena, berdegunea kontuan hartu, ingurumena babestu, gardena eta irekia, garbia, inguruko hirigintza eta aparkalekuak, bankuak eta iturria, kalerik itxiko ez duena, frontoia libre utziko duena, argia eta instalazioak. 

Horiek dira arbazuarrek herrian estalpe finko bat jartzeari buruz egin zen aurreneko batzarrean, ilbeltzaren 27an, eman zituzten iritzietako batzuk. Orduko hartan kokapen posibleez ere hizketatu ziren eta gehienek herriaren etxearen eta elizaren artean kokatu zuten estalpea, tamaina desberdinekin. Baina udaletxearen eta elkartearen artean kokatu zuenik ere izan zen. Arbazuarren nahiak entzunda, arkitektoek horiek lau ondorio atera zituzten: espazio publiko bat izan behar du, herriarena eta herriarendako; topaketa espazio inklusiboa eta irekia izan behar du; erabilera anitzekoa izan behar du eta beste eraikin batzuen osagarria izan behar du. 

Bigarren batzarra estalpea zein materialekin eginen litzatekeen argitzen aritu ziren. Eta, horrekin batera, udaletxea-ostatua haren pareko berdegunea, eliza, frontoia eta elkartea hartuko dituen oinezko eremua sortzea eta aparkalekuak zehaztea egoki jo zuten. Zehaztapen horiek guztiak arkitektoendako langaiak izan dira eta larunbatean landu duten proposamena aurkeztuko dute. Gorka Ovejero Ganboa alkateak arbazuarrak batzarrean parte hartzera gonbidatu ditu. 

Erlazionatuak

Estalpea baino gehiago

Guaixe 2021 api 12 Arruazu