UEMA Udalerri Euskaldunen Manokomunitatea 101 kide izatera pasako da larunbatean, martxoaren 25ean, UEMAk Azpeitian eginen duen ekitaldian, eta onartuko dituen kide berrian artean dago Arruazuko Udala. Gorka Ovejero Ganboa Arruazuko alkatea da.
Udalak UEMAn sartzeko pausoa eman du, zergatik?
Aspaldiko asmoa zen. Izatez, 2014an saiatu ginen. Pleno batean onartu genuen eta garai hartako UPNren Nafarroako Gobernuak debekua jarri zigun. Beste udal nafarren bati ere ukatu zioten sarrera. Guk bere horretan utzi genuen. Orain ikusi dugu gaiari berriz heltzeko garaia zela, eta sartu gara.
Zer behar da UEMAn sartzeko?
Euskaldun eta ia euskaldunen portzentajea %70etik gora izatea udalerrian. Hori da sartzeko baldintza bakarra.
Egoera horretan Sakanako udalerri bat baino gehiago badago.
Arbizu, Ergoiena, Etxarri Aranatz eta Urdiain. Lakuntza, beharbada, ezagutzan.
Arruazun euskarak zer nolako osasuna du?
Erdara barra-barra aditzen da, baina euskara ere pila bat aditzen da. Gure gazte denboratik honuntz jauzia egon da. Gaur egun, jende gehienak, baten bat kenduta, euskaraz ikasten du. Arruazun euskarak etorkizun oparoa dauka, zeren bertan bizi garenak euskarari atxikimendu handia diogu.
UEMAn sartzeak zer emanen dio Arruazuri?
Nolabaiteko betebehar batzuk jarriko dizkigu. Hori ere ona da euskarak aurrera egiteko. UEMAn egotea prestigioa, betebeharra eta konpromisoa dakartza. Espero dezagun horrek euskarari indar piloa ematea.
Zer emanen diozue UEMAri?
Arruazuko euskaldunak, Arruazuko euskara, Arruazuko ohiturak. Lurraldetasun aldetik Nafarroatik UEMAn sartzeko udalerrien kopurua txikiagoa da. Horregatik, oso pozik daude oraingoan Doneztebe eta Arruazu sartuko garelako.
101 udal zarete, mankomunitate majo bat?
Bada, bai. Biztanle kopuruan beharbada ez gara kristoren pila izango, baina 101 udalerri esanahi du Hego Euskal Herriko eremu zabaletan barreiaturiko jende eta lurraldea gaudela UEMAn.
Zuena udal berezia da, udal batasuna osatzen duzue Irañeta eta Uharte Arakilgoarekin batera. Arruazu UEMAn sartzeak beste udalei eraginen die?
Zorionez, udal langile guztiak, idazkaria, kontu hartzaileak eta administraria euskaldunak dira. Eta euskara ezagutza beti exijitzen da lanpostuen deialdiak egiterakoan. Beraz, hortik arazorik ez dugu. Beti daude halako txosten handi luze batzuk, Nafarroa Gobernura-edo bidali beharrekoak, bada askotan idazkariak-edo erdara hutsean egiten dituenak. Uste dut pixka bat malguak izan behar garela, egunero euskaraz bizi behar garela. Joango gara pitteka-pitteka horrelako pausoak egiten.
Udalak batzarrean erabakia hartu ondoren, noiz sartuko zarete ofizialki UEMAn?
Azpeitian martxoaren 25ean eginen den batzar orokorrean lau udal sartuko gara.
UEMAn sartzea nolabait ospatuko duzue herrian?
Ez dut uste. Herri txikietan, badakizu, gauza hauek... Beharbada Euskararen Egunean, abenduaren 3an, zerbait eginen dugu. Baina martxoren 25erako ez dut uste.