Estalpea dirulaguntza zain

Guaixe 2023ko mai. 31a, 09:02

Behin behineko estalpea izan dute aurreko urteetan arbazuarrek. ARTXIBOA

Nafarroako Gobernuak deialdia ebatzi zain dago Arruazuko Udala. Bitartean udaletxe barruko espazioak nola eta zertara bideratu aztertzen ari da. Aurtengo aurrekontuko inbertsio nagusia basoan angioa egitera bideratutakoa da.

Arbazuarrek herriko estrategia planean lau lan ardatz zehaztu zituzten. Horietako bat espazioena da. Kanpo espazioei dagokienez, plana egiterakoan arbazuarren premietako bat estalpe bat zen. Arkitektoek arbazuarrei proposamena ere erakutsi zieten: herriko itxaren eta elizaren artean egonen litzateke estalpea, frontoia libratuz, eta haren hamar zutabek eutsiko liokete. 

Lanak egiteko Arruazuko Udalak Nafarroako Gobernuaren Tokiko Inbertsio Planeko dirulaguntza deialdira aurkeztu zuten egitasmoa. “Baina foru administrazioak oraindik ez du deialdia ebatzi eta zain gaude”, azaldu du Gorka Ovejero Ganboa alkateak. Inbertsio horren aurrekontua handia izanen denez, gobernuaren Tokiko Inbertsioen Planaren Askatasunez Zehazteko programatik udalak hiruzpalau urtetan jasoko duen dirua estalpea egiteko gordeko dutela jakinarazi du alkateak. Aurten 19.087,20 euro izan dira. 

Barne espazioen eskaera ere jaso zen Arruazuko Estrategia Planean. Besteak beste haurrendako eta gazteendako txokoa, gimnasioa, liburutegi-proiekzio gela... Horretarako arbazuarrek begiz jo zituzten herriko itxaren lehen solairuari eta ganboikoari erreparatu zieten. Irisgarritasuna bermatuta dago, joan zen urtean igogailua jarri zelako. Espazioen berrantolaketa egiteko hainbat ideia daude udalean eta haiek nola gauzatu aztertzen ari dira. 

Arruazuko Udalaren aurtengo aurrekontuan 207.925,73 euroko sarrerak eta 149.626,82 euroko gastuak jaso dira. Inbertsioetarako 38.991 euro daude jasoak. Ovejerok azaldu duenez, basoan azienda egoteko angio edo itxesia egiteko lanei segida emanen diete aurten. “Sakanako Mankomunitatearen ur sareari hartunea eginen diogu Lakuntzan eta handik ura baltsa batera eramanen dugu, aziendak edateko ura izan dezan”. 

Egiteko gehiago
Udalak herriko Alde Zaharrerako Esku hartze Plan Globala egiteko asmoa du. "Horren bidez etxebizitza zaharberritzen dutenek dirulaguntza handiagoa eskuratzeko aukera izanen dute", azaldu du alkateak. Horretarako, Nafarroako Gobernuarekin harremanetan daudela azaldu du alkateak. Eta harreman horien ondoren atera da mahai gainera herriko Hirigintza Plana, 1991tik indarrean dagoena. "Udalak 2009an berritzea erabaki zuen. Baina Nafarroan uholdeen zein arrisku zegoen ikusteko azterketa bat egin behar zutelako 2012an plana izoztu egin zuen foru administrazioak. Ikerketa hura ez zuten egin eta Ebroko Ur Konfederazioak zuen plano batean oinarrituta gobernuak gure hirigintza plana atzera bota zuen”, argitu du alkateak. Ovejerok azaldu duenez, etxebizitzaren merkatuan bada mugimendua herrian: “hainbat etxe salgai daude, haietako bitan jendeak interesa duela dirudi. Eta beste bi saldu dira. Batean, dagoeneko, bizitzen ari dira”. 


Uholdea izanez gero urpean geratzen diren eremuak. UDALA

Bestetik, udalak Larrialdi Plana egina du eta hura indarrean jarri beharra du. "Larrialdi Batzordea osatu beharko dugu. Eta, horrekin batera, larrialdi kasurako sirena jarri, telefono mugikorren bidez larrialdi egoeraren berri emateko zerrendak osatu beharko ditugu eta uholde kasuan arbazuarrak nora mugitu beharko diren jakinarazi beharko dugu", azaldu du Ovejerok. 

Kontsultategia
Arruazu Irurtzungo Osasun Eskualdearen zati da. “Pandemiaz geroztik mediku kontsultategia itxita dago. Aurretik ostiral eguerdian etortzen zen medikua”, azaldu du Ovejerok, eta gaineratu du: “medikuak nahiago du bizpahiru pertsonarekin kontsultategian egon baino zuzenean deitzen dioten etxeetara joan. Zerbait larria bada, jendea Uharte Arakilgo kontsultategira joaten dela, ez zuela ostiralera arte itxaroten esaten du. Horregatik, nahiago du etxeetara joatea kontsultategian egon baino. Hala egiten du, edozein unetan etortzen da. Herrian oso pozik gaude egiten duen lanarekin”. 

Baina egoerak udalean zalantza sortzen du. “Alde batetik, estrategia plana egitean jendeak kontsultategia zabalik mantentzea nahi zuen. Bestetik, lokalaren mantentzea urtean 6.000 euro dira. Medikua aurten jubilatuko da, eta berriak nola lan eginen du?” Alkateak azaldu duenez, “Uharte Arakilgo kontsultategiak gero eta zerbitzu kaxkarrago ematen du: medikuak oporrak hartzen baditu Osasunbideak ordezkoa jartzeko egun bat edo bi behar izaten ditu. Uharte Arakilgo kontsultategia mantentzea ziurtatu beharra dago”, gaineratu du. 

Erlazionatuak