Lau lan gobernuaren finantziazioaren zain

Guaixe 2017ko api. 7a, 09:53

Nafarroako Gobernuaren Tokiko Azpiegituren Planak diruz laguntzeko lau proiektu aurkeztu ditu Bakaikuko Udalak: argiteria publikoaren kontsumoa txikitzeko kaleko argietan led-argiak jartzea,  eskola zenaren teilatua aldatu eta isolamendua hobetzea, Iturrarte frontoiko atea zabaltzeko lanetarako (behar bereziak dituzten pertsonak eta argiak aldatzeko garabi txikiak sartu ahal izateko) eta San Juan plaza eta Angoiko iturri inguruko kale zatiak berritzea. Bestalde, Bakaikuko Udalak gobernutik 33.032,39 euro jasoko ditu 2019an, erabaki askeko funtsetik hain zuzen. Udalean zertara bideratu aztertzen ari dira.

Lan taldeak
“Denon artean nahi dugun herria erabakitzeko ezinbestekoa delako”, asmo horri jarraituz, Bakaikuko Udalak parte hartze prozesua martxan jarri zuen otsailean. Herriaren beharrak zein diren zehaztu eta egin beharrekoak markatu nahi dira. Sei lan-talde sortu dituzte: ingurumena eta natur baliabideak, azpiegitura publikoak, kultura, euskara, parte hartzea eta kirola. Talde bakoitzak bere arloko proposamenak landuko ditu. Gainera, talde guztietan genero eta adin gaiak zeharlerrokoak dira.

Lan-talde guztiek aurreneko bilera erronda egin dute eta haietako bik larunbatean bigarrena izanen dute: ingurumen eta natur baliabide lantaldea auzoan elkartuko da eta azpiegiturena udaletxeko goiko gelan. Biak 12:00etan. Udaletik bakaikuarrak lan taldeetan parte hartzera gonbidatu dituzte.