Auzolana definitzeko azken bilera

Guaixe 2019ko mai. 17a, 09:14

Bakaikuarrak lan taldean auzolanaz hizketan.

Larunbatean, 17:00etan, udaletxean eginen da bilera eta haurtzaindegi zerbitzua izanen da.

Bakaikuko etorkizuneko auzolanak nolakoak izanen diren zehazteko dinamika otsaila akaberatik dago martxan. Baina azken erabakia bihar hartuko da. Duela bi aste Emunek gidatutako parte hartze saio irekia egin zen eta parte hartu zuten bakaikuarrek hainbat puntutan akordiora iritsi ziren. Hala ere, aztertzeko puntu gehiago daude eta horien inguruko iritzi trukatu eta adostasunak lortzeko azken bilera bihar izanen da. Saioa bukatutakoan Bakaikuko auzolanak nolakoak diren eta zein lan egiteko izanen diren zehaztuta geldituko da. Horregatik, udaletik bakaikuarrak saioan parte hartzera gonbidatu dituzte.  

Bakaikuko Plan Estrategikoa egiterakoan markatutako hiru lehentasunak izan ziren etxebizitza, eskoletako eraikina eta auzolana. Aurreneko biak mamitsuak direnez, uda ondoren haiei heltzea erabaki zuten. Aldi berean, bakaikuarrek uda despeditu aurretik auzolan eredua zehaztea erabaki zuten.