Auzolanari buruzko herri galdeketa 21ean

Guaixe 2019ko uzt. 12a, 14:09
Bakaikuarrak auzolanari buruzko saioetako batean.

Maiatzean egindako bileretan auzolanari buruzko proposamena ondu zen, eta erabakiko dute hura aurrera eramanen den edo ez. Aurretik informazio bilerak eginen dira atzo eta gaur.

Bakaikuko Udalak jakinarazi duenez, auzolanari buruzko herri galdeketa hilaren 21ean, igandean, izanen da. Auzolan proposamenaren eta herri galdeketaren berri emateko Bakaikuko Udalak herriko bost auzoetan, kalean, informazio bilerak antolatu ditu. Bakaikuarrek bilera horietan ere kezkak argitzeko eta ekarpenak egiteko aukera izanen dute.

Aurreneko bi informazio bilerak atzo izan ziren Mailusa eta Maldaiko larrainetan. Gaur, berriz, hiru hitzordu daude jarriak: 18:00etan santio plazan eta ibaiko zubian eta 19:30ean frontoian. Udalak bakaikuarrak bileretan parte hartzera gonbidatu ditu.

Bakaikuko Plan Estrategikoan hiru lehentasunak zehaztu zituzten: etxebizitza, eskoletako eraikina eta auzolana. Aurreneko biak gai mamitsuak direnez, uda pasa ondoren hasiko dira haiek aztertzen, baina festen aurretik auzolanarena zehaztu nahi dute. Bakaikuko etorkizuneko auzolanak nolakoak izanen diren zehazteko dinamika otsaila akaberatik maiatza erdialdera arte egon dira aztertzen. Bakaikuarrek osatutako batzordeetan lehenik, eta bukatzeko Emun aholkularitzak gidatutako bi saiorekin bukatu zen. Bakaikuarrek erabakiko dute adostutakoak aurrera eginen duen ala ez.