Eskolen eraikinarekin zer egin?

Guaixe 2019ko aza. 8a, 14:23
Eskola hartu zuen eraikina.

Galdera horri erantzuten hasiko da larunbatean, 18:00etan, udaletxean eginen den topaketan, udalak deituta.

Bakaikuko Plan Estrategikoak heldu diren hamar urteetarako herriaren lehentasunak markatu zituen. Haietatik hiru nabarmendu zituzten. Herri galdeketa bidez bakaikuarrek auzolanari buruzko araudi berria berretsi zuten. Etxebizitza eta eskolak hartu zituen eraikina izan ziren beste bi lehentasunak. Bakaikuko Udalak azken horri heldu dio eta bakaikuarrak larunbatean, 18:00etan, udaletxean eginen den topaketan parte hartzera gonbidatu ditu. 

Topaketara joaten direnen artean eraikinari etorkizunean emanen zaion erabilera zehaztuko dute. Dagoeneko bakaikuarren artean zenbait ideia azaldu dira: kultur etxea, gimnasioa, etxebizitza, erabilera anitzetarako gela, gazte espazioa, herriak beharrezkoak dituen zerbitzuentzat espazioa, eta abar. 

Baina erabilerarekin batera beste erabaki bat ere hartu beharko dute bakaikuarrek: eraikina zaharberritzea edo bota eta berria jasotzea. Azken aukera horrek, gainera, ekarriko luke inguru guztia berrantolatzea. Udaletik azaldu dutenez, bi aukera horien inguruko proiektuak egin nahi dituzte bakaikuarren eta udalaren artean. Eta aurreratu dutenez, “proposamen horien inguruko azken hitza herritarrek izanen dute”. Bakaikuar guztien ikuspegiak beharrezkotzat jo dituzte eta, horregatik, topaketan parte hartzera gonbidatu dituzte udaletik. 

Eskolaz
LOGSE hezkuntza legeak Lehen Hezkuntza 6 eta 12 urte artekoa izatea eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza 12 eta 16 urte artekoa izatea ekarri zuen. Lehen eta bigarren hezkuntzako aldaketak 94-95 ikasturtean sartu ziren indarrean eta, horrekin batera, “eskola maparen berregituraketa” ekarri zuen. Testuinguru horretan, Bakaikuko eskolak 1995eko garagarrilean itxi zituen ateak. Ordutik ikasle bakaikuarrak Etxarri Aranazko eskolako edo ikastolako bidea hartzen dute.