"Elkartea herriko bihotza da"

Guaixe 2020ko uzt. 27a, 14:55
Bakarrekoetxea elkarteko bazkide eguneko bazkaria.

Bakaikun festetan egon beharko lukete, baina ez, aurten ez da halakorik izanen. Hala ere, Bakaikuko ospakizunen erdigunean dagoen Bakarrekoetxea elkartea ezagutzeko aukera baliatu nahi izan dugu. Horretarako, Bakarrekoetxea elkarteko zuzendaritzako kide den Lander Urriza Lazkozengana jo dugu. 

Herri erdigunean dago elkartea, Bakaikuko udaletxearen azpian. 44 bat urte ditu elkarteak. 347 metro karratu ditu, eta 24 metro karratuko biltegia. Gainontzeko elkarteen modura sukaldea, barra eta jantoki “oso handi bat” ditu. “Atzeko partean dagoen gela txikia festetan erabiltzen da. Orain txukuntzen saiatzen ari gara”. 

Bakaikuk joan den urte hasieran 362 biztanle zituen eta haietatik 160 dira Bakarrekoetxeako bazkide; % 61,73 gizonezkoak dira eta % 38,27 emakumezkoak. Bakarrekoetxea elkartearen martxa zuzendaritza batzordeak kudeatzen du. 10 bazkidez osatuta dago eta bakoitzak bere egitekoa du: edari biltegia, sukaldeko martxa, lanak, lehendakaria, idazkaria, diruzainak eta kultura arduraduna. 


Elkarteko zuzendaritza batzordeko Laura Erdozia Lopez de Zubiria,Asier Razkin Ondarra, Osane Leiza Urrestarazu eta Lander Urritza Lazkoz.

Kudeaketaz
Duela gutxira arte urtero aldatzen zen zuzendaritza, baina duela urtebete ardurak bi urtekoak izatea erabaki zuten. Urrizak azaldu duenez, “aldatu genuen, gehien bat, elkartearen martxa eta zuzendaritzako kideen lana askoz eraginkorragoa izateko. Urtebeteko lana zen, baina oso denbora gutxi zen. Gainera, ez zegoen transmisiorik eta urtero-urtero akats berberak egiten genituen. Bi urte jarri ditugu ikuspegi zabalagoa izateko”. 

Urrizak esan duenez, zuzendaritzan egotea ez da lotzen duen lana: “uste dut martxa normala bizpahiru asterokoa dela. Azken aldian COVID-19 kontu horrekin gehiago bildu gara, baina beste batzuetan gutxiago ere bai”. Zuzendaritzako kide bakoitzak bere lanak ditu eta urtaroak ere ez dira berdinak. “Diruzainak dirua ongi koadratu behar du, eta diru horrekin martxa ongi eraman. Lanen arduradunak elkarteko lanak egin behar ditu (sutarako egurra egin eta ekarri, mantentzeaz arduratu). Gainontzekook elkartearen egunerokoari, dauden gai potoloei, aurre egiten diegu”. 

Lanen arduradunak, hala behar denean, bazkideak auzolanetara hots egiten ditu. “Lan gehienak halakoak dira: egurra egin, margotu, mahaiak konpondu edo obra txikiak egin. Ezagutza tekniko handiagoa behar denean, eta auzolanik egin ezin denean, batzuetan enpresa batzuek egin izan dute lana”. Duela hiru urte, elkarteko zorua berritu zuten eta enpresak aritu ziren horretan iturgintza eta bestelako lanak egiten. Orain sutarako egurrarekin ari dira. “Ez dira auzolan asko; urtean edo bi urtean behin tokatzen da”. 

Garai batean, elkarteetan kontsumitutakoa idatzi egiten zen, eta hari zegokion dirua gutun azal batean sartu behar zen. Elkartearen informatizazioak, ordenagailu bidez pagatzeak, zuzendaritzako kideen lana arindu du. “Zorionez etapa hura pasa zen. Lehengoa oso lan nekeza zen. Dirua astero-astero kontatzea, diru hori guztia hartu eta gorde beharra. Asteburutan egiten zen kontaketa. Dirua kutxako bulegora eramateko etxeetan gordeta egoten zen. Lan nekeza zen. Gaur egun ordenagailu eta programatxo batekin martxa hori oso ongi dabil. Eta lan gutxi ematen du kontaketa horrek”. 

Erabilera 
Bakaikuarrek elkarteari “askotariko erabilera” ematen diotela azaldu du  Urrizak: “herriko erdigunean dago, baina herriko bihotza ere badela uste dut. Herriko ekimen garrantzitsu guztiak elkartean egiten dira: bazkariak, afariak, elkartearen edo beste eragileen kultur ekimenak, entseguak… denetarik egiten da. Denak elkartu eta erabiltzen dugu”. 

Aurten elkarteak antolatu dituenen artean garrantzitsuena lehen sorospenei buruzko ikastaro mamitsu eta luzea izan da. “Herriko nahiko jendek parte hartu du”. Pintxo-poteak eta beste antolatu ditu. Gainera, irteerak eta hitzaldiak ere programatzen dituzte. Baita antolatu edo parte hartu Aitzkozar krosean, Gaztaina Egunean edo Katxarro Egunean. Herriko ospakizun guztien erdigunea ere bada ihoteetan, festetan… 

Festetako martxa 
COVID-19 gaitzak Bakaikuko festak bertan behera utzi ditu. Berez joan den asteazkenetik atzora arte ospatzekoak ziren. Eta ohiko urtea balitz elkartea festetarako alokatua egonen litzateke eta bi taberna sortuko lirateke, jangela nagusikoa eta atzeko gelakoa. “Taberna horiek bi funtzio desberdin betetzen dituzte normalean. Jantokikoa parrandarako eta eguneko girorako izaten da, baita hamaiketakoak, bazkariak eta afariak emateko ere. Txikia, berriz, gau girorako. Arratsalde partean ere irekitzen da, baina gehienbat gaueko girorako da”. Festa egunetan alokatuta dagoenez, bazkideek ezin dute urte guztian bezala erabili, “alokatzen dutenak dira eramaten dutenak”. 

Elkartearendako alokairu hori diru iturri garrantzitsua da. “Lehen gehiago, azken aldian ez hainbeste, baina, bai, diru iturri nagusi bat da. Urtea irabaziekin ixten bada, festei esker izaten da gehienbat”. Aurten festarik ez, alokairuaren dirurik ere ez. “Urtea ixten dugunean ikusiko dugu nola dauden kontuak. Lehendik koltxoi bat bagenuen. Aurreko sei hilabeteetako balantze bat egin dugu, eta ez dugu diru askorik galdu. Martxa ikusi beharko dugu, baina aurtengoa galtzera. Hori seguru!” 

Ez-festetan elkartea zabalik egon da. Baina ostiraletik domekara soilik egunez, 08:00etatik 22:00etara. Hala erabaki zuen elkarteko batzarrak aurreko asteburuan. Elkartearen edukiera 40 pertsonatara mugatu zuten. “Orain arte ez da jende asko egon eta hala izaten jarraitzea espero dugu”. Bestalde, jende pilaketak saihesteko, elkartearen ate parean terraza handia jarri zuten. “Eguraldi onarekin jendea terrazan kontsumitzen ari da, eta elkartea apenas erabiltzen da. Hartu behar direnak hartu eta kalera ateratzeko”. Dagoen jende kopuruaren arabera ez-festetan terraza handitzeko aukera ez zuten baztertu, “kanpoko poteoa bulkatzeko”. Bestalde, ez-festetan elkarteko sukaldea itxita egon da eta debekatuta zegoen hamaiketakoak, bazkariak edo afariak elkartean egitea. Elkartea bere “martxa berrira” gaur bueltatu da, garbitzaileek beraien egitekoa despeditu ondoren. 


 Asier Razkin Ondarra, Osane Leiza Urrestarazu, Laura Erdozia Lopez de Zubiria eta Lander Urritza Lazkoz.

COVID-19 
Nafarroako Gobernuak elkarteak zabaltzea baimendu zuenetik astebetera zuzendaritzak Bakarrekoetxea zabaltzea erabaki zuen. “Nahiko neurri zorrotzak jarri genituen eta pozik gaude, jendea segurtasun arau guztiak errespetatzen ari delako. Oso txukun dago elkartea”. Kafe makinaren ondoan desinfektatzaile bat dute, erabilera bakoitzaren ondoren erabili beharrekoa. Gel hidroalkoliko poteak elkarteko makina bat tokitan daude. 

“Ikutzen duzun guztia garbitu beharko zenuke zelulosazko paper batekin; desinfektatzailea bota eta ikututako guztiari pasatu: ordenagailua, kafe-makina… Mahaira esertzen denak aldez aurretik eta ondoren mahaia eta aulkiak garbitu behar ditu. Edalontziak desinfektatzeaz aparte, goizean eta arratsaldean ontzi-garbigailuan sartzen ditugu. Hala ere, baso bat edo edozer gauza hartzen denean, aurretik eta ondoren garbitu behar da. Jendeak ongi erantzun du”.

Elkartearendako pandemiak “desinfekzioari lotutako gastuak ekarri ditu. Lehen goizetan bakarrik garbitzen zen. Orain goizetan garbitu eta desinfektatu egiten da. Arratsaldean, berriz ere, desinfektatu behar da. Produktu pila erosi behar da”. Zuzendaritzako kideek ez dute baztertu ez-festetan garbiketarako errefortzua jartzea. Zuzendaritzakoek aurreikusi dute “egoera honetan denbora dexente emanen dugula. Erabaki zen ez zegoela beste irtenbiderik elkartea zabaltzea baino, eta segurtasun arauak mantentzea. Tokatzen den egoera honetan egonen gara, ahalik eta hobekien egiten. Bakaikuarren topaleku gara, baina osasunaren defenda-lekua izan nahi dugu ere. Horregatik, neurri horiek zorrotz betetzea da gure xedea”.