Bakaikuarrek etxebizitzari buruzko galdetegia jaso dute

Guaixe 2021ko mar. 9a, 09:36
Bakaikuko ikuspegia elizako estalpetik.

Betetako inkestak udaletxean edo bertako postontzian utzi daitezke. Halakorik egin ezin bada, udalari hots egin (622 268 161) eta haiek arduratuko dira galdeketa jasotzeaz. Ostiralera arteko epea dago inkestak erantzun eta aurkezteko

Auzolanari buruzko gaia landu ondoren, eskolak hartu zituen eraikinarekin zer egin aztertzen ari dira bakaikuarrak. Eta orain etxean etxebizitzari buruzko udalaren galdetegia jaso dute. Hiru horiek dira, hain zuzen ere, 2018-2028 Bakaiku Plan Estrategikoan zehaztutako lehentasunak. Ekhi Etxeberria Kaiuela zinegotziak azaldu duenez, udalak “etxebizitzaren arloan dauden interesak zein diren jakin nahi dugu; bakaikuarrek dituzten beharrak ikusi eta aztertzea dugu helburu”. 

Gaur egun Bakaikun etxebizitza bat eraikitzen eta besteren batzuk berritzen ari badira ere, Etxeberriak azaldu digunez, “gero eta etxebizitza huts gehiago daude eta, bestetik, orokorrean, etxebizitza bat eskuratzeko zailtasunak handitu dira. Bakaikuko Plan Estrategikoa garatu zenean herria biziberritzeko gai garrantzitsu bat etxebizitzarena dela argi geratu zen”. 

Inkesta
Bakaikuar guztiei zuzendutako inkesta da etxeetara banatu dena, “baina bereziki gai honetan interesa duten pertsonei”. Galdetegiak hiru zati ditu. Aurrena, galdera orokorrez osatuta dago. Bakaikuarrei lehenik galdetzen zaie herrian etxe premiarik sumatzen duten. Baiezkoa bada, zein etxebizitza mota izan beharko lukeen zehazteko eskatzen zaie (familia bakarrekoak, etxe isolatuak, eraikuntza adosatuak edo pisuak). Aldi berean, beraien burua bizi osoa Bakaikun bizitzen ikusten duten galdetu diete udaletik. Bestetik, eraikitzeko edo urbanizatzeko interesgarriak izan daitezkeen partzelak identifikatzeko eskatu diete bakaikuarrei. 

Hurrengo galderak erosle edo maizter izan nahi dutenei zuzendutakoak dira. Eta etxebizitza erosi edo alokatu nahiko luketen esatea eskatzen zaie. Erostekotan zer nahiko luketen zehaztea ere eskatu diete: etxebizitza hutsa edo eraberritzeko dagoena, partzela, pisua edo familia bakarra. Alokatu nahi dutenek pisua edo etxea nahiago duten erantzun beharko dute. Azkenik, Bakaikun etxebizitza erosteko zailtasunen bat ikusten duten zehaztea beharko dute. 

Azkenik, inkestak saltzaile edo alokatzaileari zuzendutako galderak ditu. Batetik, saltzeko edo alokatzeko zer duen zehazteko eskatzen zaie (partzela, etxebizitza hutsa edo pisua). Eta, horrekin batera, jabetza hori saldu edo alokatzea nahi duten zehaztea eskatu zaie. Azken bi atalak erantzuten dituzten bakaikuarrek beraien datuak eman ditzakete, eta udala haiekin harremanetan jarriko da. 

Etxeberriak azaldu duenez, “arrazoi batengatik edo besteagatik interesa duten pertsona horiek identifikatzea eta hauekin lanean hasteko baliabideak sortzea da galdetegiaren helburua”. Argitu duenez, “inkestak anonimoak dira, baina norbaitek gaiaren inguruan interesa badu, eta lanean jarraitu nahi badu, galdetegiaren bukaeran bere datuak jartzeko aukera izanen du”. Erantzunak jasota, premien arabera, Bakaikuko Udalak nondik jo aztertuko du.