Barnetegiak bere hiru hamarkadak ospatuko ditu

Guaixe 2022ko uzt. 5a, 14:03

Euskara irakasteaz aparte, irekiak izanen diren hainbat kultur emanaldi antolatu dituzte udarako.

"Euskara ikasteko leku bat da, klase teoriko hutsez aparte ikasleek 24 orduz euskaraz bizitzeko aukera dute bertan. Normalean eguerdira arte klaseak ematen ditugu. Arratsalde batzuetan ere bai. Baina arratsalde gehienetan ikasleek kultur ekarpenak, irteerak, hitzaldiak eta abar izaten dituzte". Hala azaldu du zer den barnetegi bat Ainhoa Arregi Elosuak, Zenbat Gara elkarteko kideak. Harena da Bakaikuko etxea barnetegia.

Bakaikuko Galtzada kaleko 12. zenbakiko eraikina 1990tik jendea euskalduntzeko lantegia da. 30 urteurrena 2020an ospatu nahi zuten, baina pandemiak ospakizunak bi urte atzeratu dizkie. San Joan bezperan haurrendako ikuskizun batekin hasi ziren ospakizunak. Eta festetan, garilaren 23rako bertso-poteoa antolatu dute. Egun horretako auzatea ere elkarteak eskainiko du. Urteak dira festetan egun batez auzatea eskaintzen dutela. Urteurren ospakizunen barruan bakaikuarrekin batera herri bazkari bat egitea nahiko luketela azaldu du Arregik. "Gainera, ikasleak daudenean, astean behin, ikasleendako kultur ekitaldi bat izaten dute eta horietara bakaikuarrak beti gonbidatzen ditugu". Hitzaldiak, kontzertuak, zirku tailerra edota bertsolariak izanen direla jakinarazi du. 

Bi asteko barnetegiak, batez ere, Aste Santuan eta garagartzarotik irailera egiten dituzte. Urtean zehar formatu txikiagoko egonaldi batzuk ere antolatzen dituzte. Barnetegian izena emateko 16 urte izan behar dira gutxienez barnetegian. Garilean, batez ere, 16 eta 18 urte inguruko gazteak izaten dira, baina agorriletik aurrera adin guztietako ikasleak izaten dituzte. Ikasleek "hainbat motibaziorengatik" ematen dute izena: "asko joaten dira lanerako titulu bat aurkeztu behar dutelako. Beste asko familian edo lagunartean jende euskalduna daukatelako eta haiekin euskaraz egin ahal izateko edo seme-alabak eskolan ere euskaraz ikasten ari direlako eta seme-alabei laguntzeko. Denetarik izaten dugu".

Arregik azaldu duenez, "guk Bilbon Gabriel Aresti euskaltegia dugu eta udan barnetegiak egiteko Euskal Herri erdian kokatuta zegoen etxe baten bila ari ginen. Guretako, sinbolikoki, Nafarroa leku aproposa zen eta etxe hori hartzeko aukera sortu zitzaigun". Eraikinak "gutxi gorabehera" 300 m2-ko hiru solairu ditu, eta aurrean lorategia. Beheko solairuan egongela, jangela, sukaldea eta liburutegia daude eta beste bi solairuetan logelak eta dutxak, komunak eta abar. "Batzuetan" liburutegia ikasgela gisa erabiltzen dute, "baina, bestela, Bakaikuko Udalak uzten dizkigu gelak". Elkarteak udalarekin hitzarmena du eta, ondorioz, bakaikuarrek barnetegian dohainik ikas dezakete. Arregik jakinarazi duenez, bakaikuarrek aukera baliatzen dute: "gehienak euskaldunak dira eta euskara titulua eskuratzeko prestatzera etortzen dira".