Bakaikuko festetako lehenengo egunean, uztailaren 22an, ostirala, 00:00etatik 04:00etara, Sakanako zenbait talderen kontzertuak izanen dira: Burundako Deserrite, Lakuntzako Muga Zero eta Arbizuko Nafarroa 1512. Deserrite rock and roll estilotik gertu dagoen talde gaztea da. Muga Zero taldeak etiketak gogoko ez dituen arren, rockaren inguruan mugitzen da ere. Bi taldeak azken bi urte hauetan sortu dituzte. Bakaikuko festetako emanaldiko beteranoena Nafarroa 1512 taldea da. Punk oi! estiloan hamar urte baino gehiago daramatzate arbizuarrek eszenatokiaren gainean.