Heldu den ostiralean hasiko dira Bakaikuko festak. Baina egitarauan agertzen ez den ekitaldia prestatzen ari dira Saioa Zelaia Anso, Nerea Viana Zugadi, Lander Urritza Lazkoz eta Erkuden Zornoza Arregi. Ez dakite Txorongo txarangarekin izanen den ostiralean, edo Julio Soto eta Amaia Agirre bertsolariekin larunbatean. "Edo heldu den urteko festetan", diote barre artean. Laurak Bakaikuko denda berriko talde eragileko kideak dira eta denda noiz mustu aztertzen ari dira bilera batean. Baina hori une honetan duten buruhauste txikiena da. Mahai gainean duten puzzlea aurreratuta dute eta pieza gutxi batzuk jartzea besterik ez dute falta. Batetik, lokala prest egoteko gremioetako langileak azken lanak egiten ari dira. Bestalde, denda festetarako zabaltzeko, oraintxe "dirutza" behar dute, eta, horregatik, bazkidetza kanpaina abiarazi dute.
Otsaila akaberaz geroztik dendarik ez du Bakaikuk. Ordutik “gaizki” moldatzen ari direla esan dute: “kanpora joan behar dugu erosketak egitera. Herrian genuen zerbitzu bat orain ez daukagu. Denok mugitu behar dugu. Eta autoa baduzu, ongi, bestela bati edo besteari eska ibili behar dute, gaizki. Hutsune oso handi bat” dagoela nabarmendu dute. Horregatik, denda bat zabaltzeari heldu diote.
Kooperatiba mota pila bat daude eta Bakaikun kontsumitzaileen eta zerbitzuen kooperatiba sortu dute, kooperatiba integrala deitzen dena. Irabazi asmorik gabeko kooperatiba da haiena: "ez da etekinik banatuko. Herriak izanen duen zerbitzua da etekina". Hiru bazkide mota izanen ditu kooperatibak: bazkide kontsumitzaileak (egunerokoan erosten duten herritarrak), zerbitzu bazkidea (dendatik hornituko litzatekeen elkarte edo tabernak) eta bazkide kolaboratzaileak (udala eta erakunde publikoak). Langileek, nahi badute, bazkide langile izateko aukera izanen dute.
Kooperatiba sortzeko gutxieneko bazkide kopuru bat behar zen. Batzar batean horren berri eman eta "berehala" denek eman zuten izena. Beraz, 20 bat bakaikuar dagoeneko bazkideak dira. Kooperatiba sortzeko sukaldeko lan guztia egin ondoren, bakaikuarrei bazkide egiteko aukera zabaldu diete. Festak hasi bitartean bazkidetza kanpaina egiten ari dira. "100 bazkide lortu nahi ditugu. Beraien diru ekarpena beharrezkoa da dendarako produktuak erosteko. Hornitzaileak dirua aurreratu gabe ez digu ezer ematen. Lehen diru ekarpena oso handia da".
Bakaikuk 330 biztanle ditu eta hirutik bat bazkide egitea nahi dute. "Bakaikuarrok herriaren alde pausoak emateko gaitasuna erakutsi dugu. Gainera, jendea gogotsu ikusten dugu. Aitortzen dute denda bat herrian oso beharrezkoa dela, eta beharrezkoa dela halako bat egitea. Horregatik, bakaikuarrek kooperatiba babestuko dutela uste dugu".
Dendako bazkide egin nahi duten bakaikuarrek 60 euro ordaindu beharko dituzte. Bazkide egiteko sarrerako diru ekarpen horretaz aparteko kuotarik ez ezer ez da pagatu behar, "batzarrak kontrakorik erabakitzen ez badu, behintzat". Azaldu dutenez, "guk 60 euro baino gutxiago jarri nahi genuen, baina Nafarroako legediak kooperatiba mota horretarako gutxieneko kopuru hori jartzera derrigortzen du".
Bazkide egiteko hiru modu egonen dira: laukotearekin edo Ernesto Leitzarekin hitz egitea, ohiko tokitan izena emateko paperak jaso eta betetzea, edo 623 019 026 telefono zenbakia hots egitea. Bazkideak herriko denda aurrera egiten laguntzearen harrotasunaz aparte, kooperatibaren batzarretan parte hartzeko aukera izanen du. "Han azaldu dezake zer behar ikusten, zer eginen lukeen, edozein egoerari aurre egiteko iritziak eta ideiak eman…" Bestalde, argi utzi dute bazkideez aparte dendan edozeinek erosketak egiteko aukera izanen duela. "Ongietorriak izanen dira. Zenbat eta jende gehiagok erosi, guretako hobeto".
Dendaz
Maldai kaleko 3. zenbakitik jende asko pasatzen ari da denda nolakoa den ikustera. Dendak Kontxirenak zuenaren antzeko ordutegia izanen du: astegunetan goiz eta arratsaldez zabalik eta larunbat goizetan ere bai. Han bi langile ariko dira lanaldi erdian. Haiek kontratatzeko deialdia egin zuen kooperatibak eta izena eman zuten pertsonek aukeraketa prozesua pasa zuten. Aholkulari izan dituzten Itsasondoko herri dendako eta Talaios kooperatibako kideak arduratu ziren horretaz. "Kooperatibarendako oso-oso garrantzitsua da langilearen figura, gurekin ongi egotea. Bazkideaok eta Errektore Kontseiluak asko lagunduko diegu, baina haiek dira gurditik tira eginen dutenak". Langilea "erdigunean" jarri dutela azaldu dute. "Soldata duin batekin hasiko dira, baina ahalik eta azkarren langileen baldintzak hobetu nahi genituzke. Guretako garrantzitsua da".
Dendan denetariko produktuak izanen direla aurreratu dute, herritik atera gabe erosketa egin ahal izateko. Harategi eta arrandegiko produktu batzuk izatea ere aurreikusten dute. "Negozioa baino gehiago zerbitzua ematea da asmoa. Erdigunean jartzen dugu etxetik atera ezin direnak, ondoko herrietara joateko arazoak dituztenak… Jende horri gauzak asko erraztu nahi dizkiogu". Denda kooperatiba handiago baten frankizia modura zabalduko dute. Baina bakaikuarrei zabaldutako galdetegian bertako produktuak egotearen alde agertu ziren "ia guztiak". Horregatik, "bertako ekoizleen gero eta produktu gehiago" eskaintzeko pausoak emanen dituzte; "horrek, zirkulu ekonomia eta gertuko ekonomia elikatzen duelako. Gainera, kalitatezko produktuak izan nahi ditugu, ahalik eta aztarna ekologiko gutxienarekin". Etorkizuneko dendaren eredua hori izanen da.
Herrian gaur egun duten behar nagusia denda da, baina herri kooperatibak aukera ematen du Bakaikurako bestelako zerbitzuak eskaintzeko aukera, esaterako, energia komunitatea, zaintza, telekomunikazioak… "Herritarrendako oso garrantzitsuak diren hainbat alor eta kooperatibaren bidez erantzun daitezke. Ideiak lantzen egonen gara".
Sortu dutena “nahiko berria da, askoz ikuspegi zabalagoa duelako, herri ikuspegia. Nafarroan eta Euskal Herrian jende asko begira dugu. Ea denon artean, bata bestetik, pitteka ikasten joaten garen”. Ibarreko herri asko daude dendarik gabe eta halako eredua garatu nahi dutenei laguntza emateko prest daude bakaikuarrak.
Bidea
Urtebete inguru da Kontxi Etxeberria Solisek denda itxiko zuela jakinarazi zuela. “Bagenekien bazetorrela, baina sorpresa izan zen, kolpe bat herriarendako”. Orduan hasi zen udala zerbitzua herrian mantentzeko alternatibak aztertzen. Sakanako Garapen Agentziarekin harremanetan jarri zen udala. Kontxiren dendan ezin segi, beraz, denda hartuko lukeen beste lokal bat opatu behar zen eta udala horretarako prest zegoen. “Baina, betiko galdera: zeinek jarriko du martxan denda? Batez ere horrelako herri txiki batean halako enpresa bat muntatzeak nahiko arriskua duenean”.
Herritarrek, udalak eta SGAk hainbat alternatiba aztertu zituzten, esaterako: herri kooperatiba, elkarteak, elkarte bitartez ekonomato txikia muntatzea, denda enkantera atera eta ekintzaile batek negozioa martxan jartzea… Azken aukera hori “oso arriskutsutzat” zuten, “gainera, ez dago horrelako ekintzailerik”. Beraz, aukera alternatiboaren alde “aho batez, konbentzituta eta pozik” egin zuten: “herria elkartu eta zerbitzu hori herriak herriari ematea, esate baterako, kooperatiba baten bitartez. Askoz erresilenteagoa eta indartsuagoa izanen da denda kudeatzeko garaian. Ez da negozioen beharrei lotuta egonen; pertsona batek beste gauza bat bila dezake, edo…”
Itsasondon antzeko denda bat dute eta haiek eta Talaios kooperatibakoak azalpenak ematen izan ziren Bakaikun irailean. “Ikusi genuen Itsasondoko kasua: herritar guztien artean partekatzen da arriskua, baita erantzukizun apur bat ere. Guztion ekarpen txikiari esker guztiondako den denda bat dugu. Gainera, aurreikusiz hor lanpostuak sortu daitezkeela. Etorkizunean herritarrendako ekonomia jarduera txiki bat izan daiteke, edo gazteendako…”
Talaioseko kideek azaldu zieten sortu duten kooperatibaren modukoek aukera gehiago ematen duela. “Gaur denda bat kudeatzen dugu herri kooperatibaren bitartez, baina etorkizun batean beste zerbitzu batzuk ere martxan jarri daitezke herriarendako. Esaterako, energia kooperatiba, helduen edo umeen zaintza partekatzeko kooperatiba. Hainbat zerbitzu martxan jartzeko aukera ematen du”.
Emandako pausoak
Iraileko erabaki horren ondoren aztertu zuten kooperatiba handi batean sartzea edo dendarako produktuak hainbat hornitzaileri erostea. “Hasteko errazena kooperatiba handi batean sartzea zela erabaki genuen”. Haren bitartez hornituko dute produktuz denda. Horretaz aparte, gertuko produktuak bilatuko dituzte, eta martxa hartuta dutenean bestelako denda eredu batera pasa nahi dute, beraz, haien denda eredua sortzen joanen dira pitteka.
Jendea gogoz bazegoen ere, bilera pila egin dituzte, ia astero, “honek atzeko lan asko duelako”. Bidean sortu zaizkien trabak pitteka-pitteka “ateratzen” joan dira, batzuetan “kostata”. Lan pila egin dute, kooperatiba martxan jartzeko burokrazia batez ere. “Gauza pila bat erabaki, legedia begiratu, oinarriak jarri, estatutuak idatzi, estatutuak kooperatiben erregistroan tramitatu… Horretarako, laguntza eskatu genion ANELi (Nafarroako Gizarte Ekonomien Enpresen elkartea). SGAk ere pitta bat lagundu du. Udalak…” Aitortu dutenez, denek “gauza pila ikasi” behar izan dituzte.
Bitartean Bakaikuko Udalak erositako lokala denda bihurtzeko lanak egin zituen. “Udal arkitektoarekin batera espazioa antolatzen egon gara”. Denda janzteko beharrezko apal, hozkailu eta bestelakoen erosketan ere parte hartu dute udalarekin batera, baina udalak erosi ditu. Izan ere, udala bidelagun izan dute prozesuan. Muntatutako denda bat jasoko du udalarengandik kooperatibak. “Inuxenteok ilbeltzerako zabaldu nahi genuen denda”. Festetarako espero dute irekitzea.
Hasieratik udalak eta herriak “nahiko garbi” zuten herri kooperatiba bat izanda udalak ere nolabait hor egon behar zuela ordezkatua. Horregatik, bazkide kolaboratzailea da. Elkartea ere dendako bazkide izanen dela aurreratu dute. “Beste entitate juridiko batzuek bazkidetzea ere nahi genuke”. Eta herritarrek bazkide izateko aukera izanen dute. “Pitteka-pitteka guztiekin hitz eginen dugu, parte izan daitezen, orain eta etorkizunean herriak beharko dituen zerbitzuak eta beharrak asetzeko. Ea denon artean denon onerako zerbait egiten dugun”.
Denda bat zabaltzen denean ez da laukotearen lana bukatuko. “Ez dugu orain arte egin dugun bezainbeste lan egin beharko. Edozein bazkide bezala, gurea da eta guretako. Denon artean lan egin beharko dugu”. Kooperatibako Errektore Kontseilua berritu, urtean behineko batzarra egin beharko dute. “Baina interesgarria litzateke jendearekin lantaldeak osatzea. Kooperatiba denda auzolan handi bat da. Herritarrak uneoro gure ekarpena egin behar dugu”.
Jose Ramon Anda eskultoreak egin du kooperatibaren logotipoa. UTZITAKOA