Auzolanerako deialdia

Guaixe 2022ko aza. 15a, 08:26

Oraindik auzolana egin ez duten bakaikuarrei hurrengoan parte hartzeko deia zabaldu du udalak. Azaroaren 19an, larunbata, izanen da. 

Udalak dagoeneko urtean zehar auzolanerako hainbat deialdi egin ditu eta hurrengoa ere zehaztua du: azaroaren 19an, larunbata, 08:00etatik 13:00etara. Udalak honako lanen zerrenda egin du auzolanerako: herriko etxeko udal biltegiak ordenatzea eta garbitzea eta udal eraikinetako barne lokalak pintatzea. Urtean egin beharreko auzolana egiten ez duten herritarrek dagokien isuna ordaindu beharko diote udalari. 

Herriko plan estrategikoaren baitan lehentasuneko hiru gaietako bat auzolanarena izan zen. Parte hartze prozesu baten ondoren, Bakaikuko Udalak auzolana arautzen duen ordenantza onartu zuen joan den urtean. Haren arabera 18 eta 55 urte arteko bakaikuarrek urtean auzolan bat egin behar dute. Auzolanerako izena eman nahi duenak udaletxetik pasa edo bakaiku.eus webgunean eman dezake.