Eskolen eraikina eraberritzeko laguntza berria

Guaixe 2022ko abe. 22a, 10:20

Eskolak hartu zituen eraikina eraberritzeko lanak hasiak daude. ARTXIBOA

Nafarroako Gobernuaren 2023ko aurrekontuetatik 40.560 euro bideratuko dira.

Nafarroako Gobernuaren 2023ko aurrekontuei alderdi eta koalizioek aurkeztutako emendakinak aztertu zituzten parlamentariek joan den astean. Onartutakoen artean dago Bakaikuko eskola zaharretan kokatutako erabilera anitzeko udal instalazioen zaharberritze energetikoa, ingurunea irisgarria izatea eta herriaren beste erakargarri bat izatea lortzeko lanak. Bakaikuko Udalarekin hitzarmena egin eta Nafarroako Gobernuak 40.560 euro bideratuko ditu. Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren Kontingentzia Funtsaren partidaren kontura finantzatuko da diru sail hori. EH Bilduk aurkeztutako emendakina PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren kontrako botoarekin onartu zen.

Eskolak hartu zituen eraikinaren beheko solairuan haur eta gazte txokoa eta erabilera anitzetako gelak egiten ari dira gaur egun. Bakaikuko Udalak helburu bererako bide beretik 125.000 euro eskuratu ditu aurten. Eraikinaren goiko solairuan Nasuvinsak hiru etxebizitza eginen ditu.