Parte hartzearen bidez etorkizuneko Bakaikuz hausnartzeko prozesua

Guaixe 2023ko urr. 30a, 10:41

Egoitz Urritza Lazkoz eta Saioa Zelaia Anso Bakaiku parte hartze prozesua aurkezten.

Bakaikuko Estrategia Plana onartu eta bost urtera, zehaztutako bide horretan egindakoa aztertu eta, aldi berean, aurrera begira jartzeko parte hartze prozesua sustatu du Bakaikuko Udalak.

Bakaikuarrek herriko 2018-2028 Estrategia Plana egiteko prozesua 2019ko otsailaren 2an despeditu zuten. Hamar urtetarako helburuak eta lan-ildoak zehazten 92 bakaikuar aritu ziren. Hiru lehentasun markatu zituzten: auzolana, eskolak hartu zituen eraikina eta etxebizitza. Hausnarketa estrategikoko prozesu hark Nafarroako Gobernuaren aitortza jaso zuen 2021ean, "demokrazia parte-hartzailea hobetzeko ezagutzak eta tresnak" emateagatik. 

Ordutik auzolanaren inguruko ordenantza onartu dute bakaikuarrek, eta eskolak hartu zituen eraikinean Nafarroako Gobernua hiru etxebizitza egiten ari da lehen solairuan. Azpian, berriz, udalak haur eta gazte txokoa eta erabilera anitzeko gela egin ditu. 

Bakaikuko Estrategia Plana egiteko prozesua duela bost urte hasi ziren eta udal ordezkariek azaldu dutenez, "ordutik, pauso garrantzitsuak eman ditugu herri bezala eta helburu horietako batzuk gauzatzea lortu dugu. Aurretik pentsaezinak zirenak, auzolanaren bidez posible direla frogatu dugu". Baina ez dute horretan gelditu nahi eta bidearen erdian geldialdia egin nahi du udalak, "bost urteetako balantzea egin eta aurrera begira jartzeko". Udal ordezkariek azaldu dutenez, "bost urtetan lortutakoari jarraipena ematea ezinbestekoa dela uste dugu. Hori dela eta, duela bost urte adostutakoa eguneratu nahi dugu, sortu ditugun baldintza berriak probestu eta ekinbideak egokitzeko".

Horregatik, parte hartze prozesu baten bidez "hamar urte barruko Bakaiku irudikatu nahi dugu. Zer nahi dugu? Zer behar dugu? Zer-nolako herria nahi dugu etorkizunean? Horiek dira denon artean erantzun nahiko genituzkeen galderak", adierazi du udalak. Bi saio antolatu ditu. Batetik, 14 eta 25 urte arteko gazteen topaketa, haien behar eta ekarpen espezifikoak aztertzeko. Eta, bestetik, herritar guztiei (gazteak barne) irekitako topaketa egin da (haurtzaindegi zerbitzua barne). 

Udalak herritarren parte hartzeari garrantzia eman dio: "Bilera hauek herritar guztiei irekita daude. Mugarik gabe, behar denaz hitz egin, adostu eta erabakitzea nahi dugu. Bakaikuren etorkizunaz erabaki nahi dugu eta, horrenbestez, bilerak ahalik eta zabal eta anitzenak egin nahi ditugu". Gaineratu duenez, "herrian bizi garenon ikuspegi desberdinak beharrezkoak dira". Parte hartzera gonbidatzearekin batera, udalak jakinarazi duenez, saioak gidatzeaz Emun kooperatiba arduratuko da; "denon iritziak jasotzeko dinamika berritzaileak erabili eta eztabaidetan neutraltasuna bermatuko du", gaztigatu du udalak. Aldi berean, jakinarazi du prozesurako Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jaso duela.