Motorra

Urrea balio duten katxarroak

Maider Betelu Ganboa 2024ko urr. 21a, 09:30

Bakaikun antolatutako VII. Katxarro Eguna klasikoen topaketak arrakasta handia izan zuen beste behin. 200 auto, kamioi, moto, bizikleta eta denetariko katxarro baino gehiago jarri ziren ikusgai.

Bakaikuko Bakarrekoetxea Elkarteak Katxarros de madera eta bestelako babesleekin urriaren 12an antolatutako VII. Katxarro Eguna arrakastatsua izan zen oso. Ia 300 partaidek eman zuten izena klasikoen topaketa ezagunean, eta denetariko auto, bizikleta, moto eta kamioi jarri ziren ikusgai Bakaikuko plazan eta inguruko kaleetan zehar. Antolakuntzatik aipatui zutenez, 273 auto, 35 moto, 5 kamioi, 2 traktore eta zenbait bizikleta. Horretaz gain, elkarte atean musika tresna zaharrak jarri ziren ikusgai. Haiek guztiak ikusi eta goiz ederra pasatzera jendea andana hurbildu zen Bakaikura. 

Ohi bezala, auto zaharrenek edo klasikoenek piztu zuten arreta gehien. Benetako harribitxiak zeuden, oso ongi zaindutakoak. Eta haiekin batera BMW, Volkswagen Golf eta Mercedes Benz asko. Izan ere, auto batek klasikoaren izendapena izateko 25 urte izan behar ditu, eta, horregatik BMW, Golf, Peugeot 2025, Opel Kadett, Renault 5 eta halako auto asko zeuden, zaharragokoekin batera: Seat 600, Seat 124, Renault 4, Mini, Eskarabajoa, Citroên Tiburon, Alpinea...

Giro ederra
Jendeak gertutik ikusi zituen Bakaikun bildutako katxarroak, eta haien jabeekin hitz egiteko aukera izan zuten; ibilgailuen mantenuaren edo berezitasunei buruzko galdera asko erantzun behar izan zituzten. Hamaiketakoa hartzeko aukera ere izan zuten. 

Sariak eta zozketak
Antolakuntzaren sari banaketari dagokionez, katxarro politenaren saria Gaizka Razkin lakuntzarrak jaso zuen, Ebro traktoreari esker. Katxarro zaharrenaren saria Iruñera joan zen; 1910 urteko bizikleta batek jaso zuen. Urrutitik ekarritako katxarroaren saria, aldiz, Burgosera joan zen. 

Aurten antolakuntzak bi motor zozketatu zituen. Ohi bezala, berehala bukatu ziren salgai jarri ziren txartelak. Montesa Cliperra Iturmendira joan zen, eta Suzuki Maxia Iruñera. 

Ibilaldi zalapartatsua
Bukaera aldera, topaketan parte hartu zuten katxarroek ibilaldi koloretsua egin zuten Iturmendi, Etxarri Aranatz, Lizarrabengoa eta Bakaiku artean. Askok bozina bereziak zituzten, eta soinu deigarrien artean egin zuten buelta. 

Azkenik, Bakarrekoetxea elkartean bazkaltzera bildu ziren Katxarro Eguneko partaide asko, eta klasikoen festa ederra modu ezin hobean despeditu zuten.