Azaroko azken asteaz geroztik ari dira Construcciones Valeriano Santesteban S.L. enpresako langileak Dorraon lanean. Elizalde dermioan, herritik 190 metrora, ur beltzen araztegia egiteko lanak hasi dituzte. Lur mugimenduak eta materialak eramatea dira aurreneko egitekoak. Gaur egun ur beltzak jasotzen dituen Imhoff tankearen ondoan ari dira. Gauzak ongi lanak maiatzean despedituko dira. Bitartean Dorraora joaten direnak tentuz ibili beharko dute, lanetako kamioiak elizatik behera Lezizako zubira ateratzen baitira.
Nilsa enpresa publikoa Dorraoren berezitasunetara egokituko den araztegia diseinatu du. Izan ere, 114 dorrobarrez aparte artisau gaztandegia dago herrian. Etxeko urak ez diren beste osagai espezifiko batzuk daudenez, zaharkituta dago gaur egungo hobi septikoa. Hura bigarren mailako dekantagailu bihurtuko da. Araztegia iragazki biologikoetan oinarrituko da. Uraren tratamenduaren ibilbidea bi hezeguneetan despedituko da. Laku txiki horiek arazketan indartze-etapa gisa jarduten dute, eta larrialdietan urari eusteko putzu gisa ere balio dute. Dauden bi hustubideak kontserbazio egoera onean daude, eta aldaketa txikiren batekin erabiltzen jarraituko dira.