Astekaria

Araztegia lanean ari da

Guaixe 2023ko urt. 18a, 14:01

Dorraoko araztegia. ARTXIBOA

Probaldia pasata, udazkenean hasi zen herriko ur beltzak garbitzen araztegi berria. Nilsak hura urrutiko telekontrol sistema baten bidez gobernatzen du. Bestalde, mantentze-lanetako bikote batek astean bitan bisitatzen du instalazioa.

Elizalde dermioan, herritik 190 metrora, Leziza errekaren eskuinaldean lehen ur beltzak jasotzen zituen Imhoff putzua zegoen. Herriaren berezko isurketek eta gaztandegiarenak haren gaitasuna mugara eraman zuten. Horregatik, Nilsa enpresa publikoak erabaki zuen araztegi berria egitea Dorraon. Aipatutako toki berean eraiki zen araztegia joan den urteko lehen seihilekoan. Lanak Construcciones Valeriano Santesteban enpresak egin zituen 399.917,11 euroren (BEZik gabe) truke. Probaldi labur baten ondoren, araztegia udazkenean hasi zen lanean. 

Azaldu bezala, aurretik, Dorraok hobi septiko bat zuen; 2 metroko diametroa eta 3,5 metroko sakonera duen poliesterrezko tanga bat. Hura bigarren mailako dekantagailua da gaur egun. Araztegira bi isurbide iristen dira: ekialdekoak jasotzen du biztanleriaren isurketaren zatirik handiena; iparraldekoak, berriz, udalerriaren mendebaldeko muturreko hainbat etxebizitzaren isuria ere jasotzen du. Jasotako isuriak iragazki biologikoko araztegira pasatzen dira. Han ura garbitu ondoren, bi hezegunetara pasako da ura; bakoitzak 180 metro karratu eta 80 zentimetroko sakonera du. Urmael horiek arazketa indartzeko etapa gisa jarduten dute, eta ura atxikitzeko putzu gisa ere balio dezakete larrialdi-une jakin batzuetan. Bertan hazten den landare-espeziea gladioa da. Aurretik zeuden isurbideak berrerabili egin dituzte, egoera onean zeudelako. 

Datuak
Nilsak araztegi osoagoa eta edukiera handiagokoa diseinatu du. Instalazio berria segundoko 0,47 litroko (eguneko 40 metro kubiko) eguneko batez besteko emaria tratatzeko diseinatuta dago, eta instalazioan onar daitekeen gehieneko emaria segundoko 3,28 litrokoa da. Une horretatik aurrera, instalazioak funtzionatzeari utziko lioke. Oso kasu gutxitan gertatuko da hori, aurreikusitako batez besteko emaria baino ia zazpi aldiz handiagoa baita. Euri-jasen edo ekaitzen ondorioz ur-uholde handiak izan diren uneetan, adibidez, segundoko 1,13 litroko emaria hartu da kontuan.

Dorraoko instalaziotik kendutako lohiak araztegi handiago batean tratatuko dira, tamaina txikiko instalazio guztietan gertatzen den bezala, eraginkortasunagatik eta inbertsioagatik ez baitute sistema propiorik, eta hori ere ez da beharrezkoa, bolumen txikia sortzen baita.