Meistruban etxea edo herriko etxea 1850ean jasotakoa da. Erabiltzen ez delako egoera kaxkarrean dago. Joan zen neguan teilatua erori zen eta kontzejuak guztiz kendu zuen. Hura goitik behera berritzeko lana 565.300 euroren truke (BEZ barne) Etxeberrikoa Lantegi SL enpresari eman dio Dorraoko Kontzejuak. Haren presidente Idoia Resano Igoak jakinarazi duenez, “lanak joan den astean hasi ziren; lehenago hasi behar zuten, baina elurra kendu gabe zegoenez ezin izan zuten”.
Beheko solairuan, kontraterrenoan, gizarte zentroa hartuko du. Resanok azaldu duenez, “lokal horrek bilerak, ikastaroak edo beste edozer gauza antolatzeko aukera emanen digu”. Gizarte zentroak 37,19 metro karratu izanen ditu, baita espazio erabilgarria (8,5 m2) eta komuna (6,44 m2). Aerotermiako bero punpa bidez berotuko da. Atea iparraldean izanen du. Eta Batzarreta kalean dagoen estalpea terraza (42,44 m2) gisa erabiliko da. Gizarte zentroa egokitzeko lanek agorrilaren 25erako despedituta egon behar dute. Haren aurrekontua 67.074,99 eurokoa da. Horri aurre egiteko Dorraoko Kontzejuak Cederna-Garalurren 50.000 euroko dirulaguntza jaso du.
Etxebizitzak
Meistruban etxe edo herriko etxearen goiko bi solairuetan hiru etxebizitza eginen ditu Dorraoko Kontzejuak. Lehen solairuan bi etxebizitza txiki eraikiko dira. Bakoitzaren sarrera ekialdean izanen da. Etxe batek, hego ekialdekoak, sukaldea-jangela-egongela, banalekua, komuna eta gela du (46,58 m2). Ipar ekialdekoak, berriz, bi logela ditu (52,05 m2). Biek ere portxea dute (9,10 m2 bakoitzak), eta handik arropa zabaltzeko tokira joaten da.
Bigarren solairuan, teilatupean, etxebizitza handi bat egonen da honako espazioak dituena: sukaldea, egongela, banalekua, 2 komun, 3 gela eta portxea (117,20 m2). Hara igotzeko behekoen arropa zabaltzeko tokitik gora egiten duen eskailera bat izanen da. Etxe bakoitzak aerotermiako bero punpa bana izanen du berotzeko. Hiru etxebizitzak 2024ko irailaren 30erako eginak egon beharko lukete. Haiek egiteko aurrekontua 405.166,49 eurotan aurreikusi zuen kontzejuak. Etxe bakoitzeko 60.000 euroko dirulaguntza jasoko du kontzejuak, 180.000 guztira.
Kontzejuaren ekimena
Zaharberritzea Nasuvinsa enpresa publikoarekin egitea aztertzen aritu zen kontzejua, baina Resanok azaldu duenez, “azkenean ez dugu Nasuvinsarekin egin. Nafarroako Gobernuaren Etxebizitzak eta Eraikinak Zaharberritzeko dirulaguntza oso onak daude, eta gure kabuz egitea erabaki genuen”. Zergatia ere azaldu du: “Nasuvinsarekin eginez gero, berak kudeatu behar zuen eta hainbat urtetan dirua berarendako izan behar zuen. Guk egitea hobe ateratzen zen, nahiz eta lan gehiago izan”. Hala ere, aurrekontu handiak zenbait ideia bazterrean uztea ekarri du, esaterako: gizarte zentroan denda eta taberna egitea; haren parean dagoen Batzarreta kaleko estalpean ez da aterik jarriko. Horiek gauzatzea hurrengo kontzejuaren lana izanen da.
Etxebizitzak alokairurako izanen dira. Haietakoren bat eskuratzeko Dorraoko Kontzejuak puntuagarriak izanen diren baldintza sorta bat lantzen ari da gaur egun. Resanok horietako batzuk aurreratu ditu: “Dorraon bizi beharko dute eta herrian erroldatu beharko dira”. Bestalde, eskaeren baremazioa egiterakoan puntu gehiago jasoko dituzte: “herrian bizi eta erroldatuta daudenak, nahiz eta orain kanpoan bizi herrian bizi izandakoak, herriarekin harremana dutenak... Baldintzak oraindik argitu gabe ditugu”, azaldu du kontzeju buruak.