Cederna-Garalurrek 2014-2020 landa-garapenerako programaren bosgarren deialdira aurkeztutako 62 proiektuetatik 35i 1.404.358,34 euroko dirulaguntza ematea onartu zuen. Proiektu horien artean Sakanako zazpi (%20) daude, 331.652,21 euro (%23,61) jasoko dituztenak. Garalurren dirulaguntza hori Nafarroako Gobernuaren eta Europako Batasunaren LGENF funtsen baterako finantziazioa du, Nafarroako Landa Garapeneko 2014-2020 Programako 19.2 neurriaren bitartez.
Lakuntza
Herriko liburutegia udaletxeko beheko solairutik ganboikora igotzeko ideia aspalditik du Lakuntzako Udalak. Baina dirulaguntzarik gabe lekualdaketa ezin finantzatu ibili da. Azkenean, Garalurren 50.000 euroko bulkada jaso du ganboikoan erabilera anitzeko gelak dituen liburutegia egiteko. Finantzazioa osatzeko udala epaitza saltzear dela jakinarazi digu Patxi Xabier Razkin Sagastibeltza alkateak.
Dorrao
Meistruban etxeko beheko solairuan gizarte zentroa egiteko Dorraoko Kontzejuak 113.060,8 euroko inbertsioa egin nahi du eta horretan Garalurren 50.000 euroko dirulaguntza izanen du. Gainera, etxearen oinezko pasabidearen pasa izaera mantenduz, kristalez itxi eta gizarte zentroari lotu nahi dio. Espazio horrek herrian hainbat gauza antolatu eta egiteko aukera emanen lukeela esan du Idoia Resano Igoa kontzeju buruak. Bestalde, Meistruben etxearen lehen solairuan bi etxebizitza eta bigarrenean bat egin nahi dituzte gainera. "Arkitektoa proiektua bukatzen ari da, eraikinak zaharberritzeko eta alokatzera bideratzeko laguntza deialdira aurkezteko".
Arbizu
Arbizuarrek plazan zein estalpe nahi zuten herri galdeketa bidez erabaki zuten eta udala hura eraikitzeko lanak eman nahi izan zituen baina ez zen eskaintzarik aurkeztu. Lanak eman ahal izateko zer egin aztertzen ari da Arbizuko Udala. Bitartean badaki Garalurrek 50.000 euroko dirulaguntza eman diola 148.443,76 euroko inbertsioari aurre egiteko.
Etxarri Aranatz
Sakana hiltegian zatikatze gela egin ondoren hura janzteko Garalurren 50.000 euroko dirulaguntza jaso du Etxarri Aranazko Udalak. Guztira 74.511,57 euro bideratuko ditu udalak azpiegitura hori hornitu eta udazkenerako erabilgarri egoteko. Zatikatze gela kudeatuko duen kooperatiba eratzeko pausoak ematen ari dira gaur egun Sakanako Garapen Agentzia, hiltegiko kooperatiba eta Belardi, Sakanako ekoizleen elkartea.
Bakaiku
Otsailean Kontxik estankoa itxi zuenetik herria dendarik gabe dago. Udalak eta bakaikuarrek ikusi zuten gabezia handia izanen zela hura herriarendako eta denda berri bat zabaltzeko lanean hasi ziren. Ondorioz, Bakaikuko Udalak Garalurren 50.000 euroko dirulaguntza jaso du denda egokitzeko. Lan horiek dagoeneko hasiak dira. Bestalde, bakaikuarrak denda kudeatzeko kooperatiba bat osatzeko azterketa egiten ari dira.
Urdiain
Hainbat jarduera egiteko aukera emanen duen erabilera anitzeko areto bat egiteko 50.000 euroko dirulaguntza jaso du Urdiaingo Udalak. Azpiegitura hori egiteko udalak 233.357,49 euro inbertsioa egitea aurreikusi du.
Ziordia
Laguntzak jaso dituztenen artean enpresa den bakarra Ziordiakoa da. Sozietate Mugatu gisa eratutako enpresa horrek taberna jatetxea zabaldu nahi du herrian. Garalurren 31.652,21 euroko dirulaguntza jasoko du.