Herriko Etxeko beheko solairuan Gizarte Etxea eraiki du Dorraoko Kontzejuak. Espazio horri taberna-jatetxea edo denda erabilera eman dakioke. Hala izateko Dorraoko Kontzejuak hura kudeatzeko deialdia egin du. Gizarte Etxearen kudeaketa hartzen interesa duenak bere proposamena Ergoienako udaletxean aurkeztu beharko du, Lizarragako Intxorreta kalearen 15. zenbakian. Horretarako epea apirilaren 19an despedituko da. Deialdiari buruzko informazio gehiago nahi duenak 618 945 185 (Jon) telefono zenbakira hots egin dezake.
Interesa duenak bere proposamena hiru gutun-azaletan aurkeztu beharko du. Batean administrazio agiriak izanen dira. Bestean proposamen teknikoa. Hau da, negozio ereduaren proposamena, egutegiaren eta irekitzeko ordutegiaren proposamena eta lantalde proposamena. Atzeneko gutun-azalean jardueren proposamena aurkeztu beharko du.
Gizarte etxeaz
Herriko Etxeko beheko solairuko espazioak 37,19 metro karratu ditu. Gainera, espazio erabilgarria (8,5 m2) eta komuna (6,44 m2) ditu. Aerotermiako bero punpa bidez berotuko da. Atea iparraldean izanen du. Eta Batzarreta kalean dagoen estalpea terraza (42,44 m2) gisa erabili daiteke. Haren aurrekontua 67.074,99 eurokoa da. Dorraoko Kontzejuak Cederna-Garalurren 50.000 euroko dirulaguntza jaso zuen lanak egiteko.